Arabako metalgintzako ituna negoziatzeko mahaia eratu dute

Sindikatuek otsailaren 9an jakinaraziko dituzte beren eskakizun nagusiak. Aurreko ituna abenduaren 31n amaitu zen; CCOOk, LABek eta UGTk sinatu zuten.

Arabako metalgintzako langileen protesta bat Gasteizen, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako metalgintzako langileen protesta bat Gasteizen, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko urtarrilaren 26a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian bezala, Araban ere hasi dira metalgintzaren sektoreko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak. Gaur eratu dute mahaia SEA patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Lehen bilerara otsailaren 9rako deitu dute, eta sindikatuek orduan aurkeztuko dituzte beren eskakizunak. Dena den, aurreratu dute anbizio handiz ekingo dietela elkarrizketei: soldata igoera, lanaldiaren murrizketa eta enpleguaren egonkortasuna izango dira hizpide nagusiak.

Indarrean zegoen lan ituna abenduaren 31n amaitu zen. Hiru urtez egon da indarrean. SEA patronalak eta CCOOk, LABek eta UGTk izenpetu zuten. ELAk, aldiz, uko egin zion akordioa sinatzeari, «gabezia handiak» zituela argudiatuta. Akordioa indarrean zen epean soldatak %15 handitzea adostu zuten orduan, eta, hura iraungitzean, gaurkotze klausula bat aplikatzea KPIa soldata igoera baino gehiago izan bada.

ELA da, hain justu ere, ordezkaritza handiena duen sindikatua: %47 du (zazpi ordezkari izango ditu mahaian). CCOOk %21eko ordezkaritza du (hiru ordezkari mahaian); LABek, %17koa (hiru ordezkari); eta UGTk, %15ekoa (bi ordezkari). Ituna sinatu zen azken aldian 25.000 langileri eragin zien, zuzenean nahiz zeharka, beste enpresa batzuetan ere agiri hori hartzen dutelako oinarritzat hitzarmen propioa negoziatzeko.

ELAk adierazi duenez, beharginen lan baldintzak hobetzea izango du helburu nagusitzat, eta, batez ere, erosahalmena, lanaldia eta enpleguaren egonkortasuna. Halere, batzarrak egingo ditu hurrengo egunetan eskakizun nagusiak zehazteko.

LABek egin ditu jada bilera horiek, eta zehaztu du zer proposamen eramango duen mahaira. Ez du jakinarazi zer eskatuko duen, baina ohartarazi du negoziazioak zailak izango direla, eta patronalak ez diela «ezer oparituko». Sindikatuak indartuta ekingo die elkarrizketei, ordezkaritza handiago lortuta laugarren indarra izatetik hirugarrena izatera igaro baita.

CCOOk ere otsailaren 9an emango du bere proposamenen berri, baina adierazi du negoziazioen ardatz nagusiak honako hauek izango direla: soldata igoera, lanaldiaren murrizketa, ituna sektore osora zabaltzeko subrogazioa eta laneko osasuna eta segurtasuna hobetzeko neurriak, besteak beste. Era berean, sindikatuak jakinarazi du hilabete honetan sinatu dutela soldatak %0,5 eguneratzeko agindua, aurreko itunean jasotako klausula oinarri hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.