Lanbideko zuzendari nagusia

Francisco Pedraza: «Arazoak arazo, lan merkatua ondo eusten ari zaio»

Arrazoiren bat dela medio «desabantailak» dituzten herritarrek osatzen dute gaur egun langabezian daudenen multzo nagusia, Pedrazaren esanetan.

Francisco Pedraza, Lanbideren egoitzan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Francisco Pedraza, Lanbideren egoitzan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
Gasteiz
2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanbidek Gasteizen duen egoitza nagusian hartu du BERRIA Francisco Pedraza Morenok, Eusko Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuko zuzendari nagusiak (Antequera, Espainia, 1962). Egoera geopolitikoak kezkatzen duen arren, azken bolada honetako tentsioek eta gorabeherek ez dute ekarri langabeziaren igoera nabarmenik. Horrek ez du esan nahi enplegu zerbitzuetan zereginik ez dutenik; dioenez, badaude zenbait multzo, lana topatzeko zailtasun bereziak dituztenak.

1980ko hamarkadan eta 2008ko krisiaren osteko urteetan langabezia oso arazo larria izan zen. Egoera asko aldatu da?

Desberdintasunak oso handiak dira, eta orduko gizarteak ez du zerikusirik oraingoarekin. Adibidez, 80etakoa oso gizarte industriala zen, industriaren birmoldatzeak eragin handia izan zuen, eta produkzio eredu oso bat egon zen ezbaian. 2008ko krisiari dagokionez, 2002-2007 epea oso ona izan zen, eta EAEn langabezia tasak %5etik gertu egon ziren, hau da, langabezia teknikoa deritzon langa horretatik hurbil, baina gero finantza krisia iritsi zen.

Normalean, horrelako krisien lehenengo ondorioa izaten zen langabezia handitzea. Pandemiaren ondoriozko krisia desberdina izan zen: estreinako aldiz baliabide asko egon ziren horri aurre egin ahal izateko, eta oneratzea oso azkarra izan zen.

Eta orain?

Orain, geopolitikak badu eragina, eta seguru asko hala izango da etorkizunean ere, baina oraingo krisiak askoz inpaktu arinagoa izaten ari dira lan merkatuan. Arazoak arazo, lan merkatua ondo eusten ari zaio; are gehiago, langabezia murrizten ari da.

Badago beste desberdintasun nabarmen bat. Langabezia tasa beti neurtzen da biztanleria aktiboaren arabera, hau da, lan merkatuan dauden herritarretatik zenbat dauden lanik gabe. Eta biztanleria aktiboa asko handitu da: 2025ean, 1997koa baino %22 handiagoa zen. Lan egiteko moduan daudenak askoz gehiago izanik langabezia tasa jaistea oso esanguratsua da.

Zein da gaur egungo langabeen soslaia?

Prestakuntza eskasak edo desegokiak, adinak, generoak eta zaurgarritasunak eragina izaten dute. EAEn, langabeen %31,6 dira 56 eta 60 urte bitartekoak; 30 urte baino gutxiagokoak %16,7 baino ez dira, eta 1997an %37,8 ziren. Bestalde, langabe gehienak (%57,3) emakumeak dira. Prestakuntzari dagokionez, %54,4k oinarrizko ikasketak dituzte.

Eta nortzuek dituzte arazo gehien lana aurkitzeko?

Langabezia murriztu ahala, hor geratzen direnak izaten dira guk lehentasunezko kolektibotzat jotzen ditugunak, hau da, zailtasunen bat dela medio lan merkatuan sartzeko desabantailaren bat duten herritarrak. Langabezia kronikoa edo egiturazkoa, batez ere, prestakuntza nahikorik ez duten giza multzoetan biltzen da, eta bazterkerian erortzeko arriskuan daudenetan: osasun, etxebizitza edo elbarritasun arazoak direla eta, edo egoera irregularrean dauden pertsona migratuak izateagatik. Langabezian daudenen ia %80k aldagai horietako baten eragina dute, edo bat baino gehiagorena.

Prestakuntzari erreparatuta, non daude zailtasunik handienak?

Pintza moduko bat dago, eta lan merkatuak bi muturretan ditu desoreka nagusiak: ustez prestakuntza berezirik ez duten lanbide horietan, eta oso prestakuntza berezi eta espezializatua eskatzen duten lanpostuetan. Azken horietan arazoa izaten da denbora behar dela prestakuntza hori lortzeko: mediku izateko prestatzea ez da sei hilabeteko kontua. Aldiz, soldatzaileen behar handia badago, horretarako beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzeak ibilbide laburragoa eskatzen du.

«Langabezia kronikoa, batez ere, prestakuntza nahikorik ez duten giza multzoetan biltzen da, eta bazterkerian erortzeko arriskuan daudenetan»

Adinak ba al du eraginik?

80etako hamarkadan mundu guztiak jartzen zuen arreta gazteen langabezian, eta askotan aipatu dira orduko tasa historikoak, %50en ingurukoak. Gaur egun, datuak askoz arrazoizkoagoak dira: lekuaren arabera, %12-15 izaten da 30 urte baino gutxiagokoen artean; gainera, kontuan hartu behar da 24 urte baino gutxiagoko gazteek euren burua prestatzen jarraitzen dutela, eta normala dela adin horietan langabezia handiagoa izatea. Gaur egun, ordea, arazo nagusia 50 urtetik gorakoekin dugu.

Zein da arazoa?

Normalean, ibilbide bat egin ondoren lan merkatutik kanporatuak izan diren pertsonak dira, eta arazoa bikoitza da: alde batetik, pertsona horien prestakuntza egokitzeko beharra, eta, beste aldetik, adinkeria eta adineko langileen inguruan dauden aurreiritziak. Gu saiatzen gara alor bietan lan egiten, langile horiek prestatuz eta lagunduz, eta enpresek langile horiek kontrata ditzatela sustatuz.

Oraindik ere, langabezia handiagoa da emakumeen artean?

Bai, baina nabarmendu behar da alde hori gero eta gehiago murrizten ari dela, eta joera da are gehiago murriztuko dela etorkizunean. Horrek ez du esan nahi bertan gozo egin behar dugunik, beste arrakala batzuek hor baitiraute: adibidez, emakumeek aldi baterako kontratu gehiago dituzte. Lanean jarraitu behar dugu lan merkatuan emakume gehiago egon dadin eta, batez ere, haien kontratuek hobera egin dezaten eta gizonezkoen kontziliazio tasek gora egiten jarrai dezaten.

Langile migratuek zailtasun gehiago dituzte lana topatzeko?

2015ean, lan egiteko moduan zeuden atzerriko pertsonak 92.100 ziren EAEn, eta orain, berriz, 120.900, hau da, %31,1 gehiago. Beraz, asko handitu da kopurua. Baina, langabeziari dagokionez, ez dago alde handirik, eta langile migratuen artean ere langabezia nabarmen jaitsi da: 2015ean %41,4ko langabezia tasa zuten, eta 2025ean, berriz, %10,8koa, hots, 30 puntu gutxiago.

Arazoa da atzerriko jatorria duten langileek beste oztopo batzuk gainditu behar dituztela, eta horrek zaildu egiten duela lan merkatura sartzea: haien egoera erregularizatzen den bitartean ez dute kontraturik lortzeko modurik, behin-behineko kontratu gehiago dituzte eta abar. Espero dezagun orain ireki den erregularizazio prozesuak aukera ematea haietako askori lan merkatuan sartzeko: hori oso onuragarria litzateke, eta enpresei lagunduko lieke betetzeko zailak diren zenbait lanposturi erantzuna ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA