Lana topatzeko, galtzak bete lan

Asko apaldu da langabezia tasa azken urteotan, eta, horrekin batera, lanik gabe daudenen ezaugarriak ere aldatu egin dira. Gaur egun, adinekoek eta langabezian luzaro egondakoek dute zailena beharra topatzea.

Zenbait herritar Nafar Lansarek Iruñean dituen bulegoetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Zenbait herritar Nafar Lansarek Iruñean dituen bulegoetan. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langabezia arazo lazgarria izan da Euskal Herrian azken hamarkadetan. 1980ko hamarraldian, krisia eta industriaren eraispena gogorren jotzen ari zirela, langabeen kopurua asko handitu zen, eta, esaterako, 1988an langabezia tasa %21,4 zen Hego Euskal Herrian, eta 220.100 lagun zeuden lanik gabe. Datu horiek are larriagoak ziren gazteen artean, eta langabezia tasak %50eko langa gainditzen zuen 24 urte baino gutxiago zutenen multzoan.

Baina ez da beharrezkoa hain atzera jotzea; 2008ko finantza krisiaren ondorioak Euskal Herrira iritsi zirenean, langabeen kopuruak gora egin zuen berriro, eta langabezia tasak goia jo zuen 2013an: %16,9 Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera.

Geroztik, gauzak dezente aldatu dira. Pandemiaren osteko susperraldiaren ondorioz, langabezia asko jaitsi zen, eta %7 izan zen 2023ko lehenengo hilabeteetan. Adituek %4-%5 inguruko langabezia tasa jo izan dute enplegu beteko egoeratzat, eta, zenbaitetan, herrialde batzuetako datuak hortik gertu ibili dira: esaterako, 2025aren amaieran, Gipuzkoak %5,1eko langabezia tasa izan zuen.

Azkenengo datuak aurtengo maiatzekoak dira, eta langabezia erregistratuari dagozkio, hau da, Lanbide eta Nafar Lansare zerbitzuen zerrendetan izena emanda dauden langabeak: 132.018 ziren, martxoan baino 4.201 gutxiago, eta aurreko urtean baino 1.600 gutxiago.

«Giza ikuspegia ez da galdu behar; lanik gabe dagoenarentzat, arazo larria da oraindik ere»

ESTHER FERNANDEZ RAZKIN Nafar Lansareko zuzendari kudeatzailea

Aldatu dira langabezia datuak, eta aldatu da neurri berean lanik gabe daudenen soslaia ere. Maria Esther Fernandez Razkin (Iruñea, 1971) Nafar Lansare enplegu zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da, eta Nafarroako egoeraz dioenak Hego Euskal Herri osorako ere balio dezake: «Orain, langabezia ez da hain masiboa, eta multzo jakin batzuetan pilatzen da: emakumeak, 50 urte baino gehiagoko pertsonak, langabezian luzaro egondakoak, atzerritarrak eta abar».

Jon Bernat Zubiri (Bilbo, 1982) Ekonomia Aplikatuko irakaslea da EHUn, eta hark ere nabarmendu du orain langabeziak gizatalde jakin batzuei eragiten diela bereziki. Haren ustez, gaur egungo langabeziaren ezaugarri nagusietako bat da «kronifikatu» egin dela zailtasun handiagoak dituzten kolektiboetan, eta lurraldeen arabera ere bai: bereziki, Bilbon, Bizkaiko Ezkerraldean eta Enkarterrin, eta Arabako lautadan.

Fernandez Razkinen arabera, langileen gaitasunen eta lan merkatuaren behar berrien arteko oreka falta da zailtasun nagusia: «Lanbide batzuek oso prestakuntza espezifikoa eskatzen dute; adibidez, industrian, logistikan, alor digitalean eta abarretan. Gakoa da enpresen eskaerak eta langileen gaitasunak elkarri egokitzea. Horretarako, gaitasunak eguneratu behar dira, prestakuntza prozesuak bultzatu, langile bakoitzari egokitutako ibilbide pertsonalizatuak garatu, eta enpresetatik gertu egon, behar horiek zeintzuk diren atzemateko. Hain prestakuntza handia behar ez duten lanbideetan ere enplegua sortzen ari da, baina gaitasunak eguneratzea beti da beharrezkoa».

Adinaren gorabeherak

Garai batean, lan merkatura sartzerik ez zuten gazteak ziren kezka iturri nagusia. Gaur egun, Fernandez Razkinek dioenez, gazteen laneratzea «lehentasuna» da oraindik ere enplegu zerbitzu publikoentzat, «batez ere estreinako lan esperientziak lortzeari eta lehen enpleguen egonkortasunari eta kalitateari dagokionez». Baina, egiazki, lan ibilbidearen azken etapan dauden langabeek sortzen diete orain buruhauste gehien.

«Eskarmentua duten pertsonak dira, kasu askotan jantziak eta lan ibilbide luze eta baliotsuak egindakoak», adierazi du Fernandez Razkinek. «Baina lan merkatua oso azkar aldatu da, digitalizazioan, ekoizpen prozesuetan, eta langileak hautatzeko moduetan ere bai. Talentu hori guztia ezin da galdu. Berebiziko garrantzia du hori enpresei ikusarazteak, eta langile horiek berriro gaitzeak, haien prestakuntza enpresen behar berriekin konektatuta».

Zubirik ere nabarmendu du 55 urte baino gehiagokoek dutela zailena lana topatzea: «Langile horiek esperientzia handia dute; beraz, garestiagoak dira. Ez dira hain malguak, eta ez dute prestakuntzarik teknologia berrietan; osasun arazoak izaten hasi dira, eta zail dute aurretik izan duten profileko lanbide bat topatzea».

«Gazteek lanik prekario eta malguenak hartzen dituzte, eta, sarritan, haien lanak ez du zerikusirik ikasitakoarekin»

JON BERNAT ZUBIRI EHUko Ekonomia Aplikatuko irakaslea

Gazteei dagokienez, Zubirik azpimarratu du 25 urtetik beherakoen langabezia tasak handiagoak direla beste adin tarteetan baino: halako bi Nafarroan, eta halako lau Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehaztu duenez. Gainera, nabarmendu du ikasten ari direnak eta enplegu zerbitzuetan izena eman ez dutenak ez direla langabeziari buruzko estatistiketan agertzen, lan bila ibili arren.

Baina, batez ere, enplegu horien kalitatean jarri du arreta: «Gazteek lanik prekario eta malguenak hartzen dituzte, askotan aldatzen dira sektorez eta kategoriaz, eta, sarritan, haien lanak ez du zerikusirik ikasitakoarekin».

Sexua eta jatorria

Langabeziak «emakume hazpegiak» ditu, Fernandez Razkinen esanetan, eta langabe gutxiago egoteak ez du mudatu errealitate hori. «Arrakala horrek zerikusi handia du egiturazko aldagaiekin; emakumeek oraindik ere euren gain hartu behar dituzte zaintzari lotutako lanak, haien lan ibilbideek eten gehiago dituzte, eta abar. Hala ere, egoera asko aldatu da, eta lanbide zerbitzuen eginkizunetako bat da arrakala hori txikitzen jarraitzea».

Jatorria ere aldagai garrantzitsua da langabeziaren aferan. Zubirik gogorarazi du 2008ko krisia baino lehen herritar migratuen jarduera tasa askoz handiagoa zela Euskal Herrian jaiotakoena baino; azken finean, hona iristen dena lan migrazioa da, eta lana bilatzea izaten da herritar horien xederik behinena. Pandemiaren ondorioz, haietako asko sorlekura itzuli ziren, edo beste norabait joan, eta horren osteko susperraldiarekin berriro ekin zion migrazio jarioak.

Arazoa da pandemiaren osteko migratzaile horiek oso bestelako egoera aurkitu dutela: «Etxebizitza garestitu egin da, gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak gogortu egin dira, eta eraikuntzan eta industrian lan egiteko aukerak asko murriztu dira», esan du Zubirik.

immigrazioa
Migratzaileak beren egoera arautzeko agiriak lortzeko ilaran, Marokok Bilbon daukan kontsulatuan. LUIS TEJIDO / EFE

Fernandez Razkinek ere nabarmendu ditu migratzaileek topatzen dituzten arazoak: «Haietako askok prestakuntza, esperientzia eta gaitasun handiak dituzte, eta lan merkatura sartzeko borondate handiz iristen dira, baina gero hainbat oztopo aurkitzen dituzte: egoera administratiboa, tituluak homologatzeko zailtasunak, laguntza sareen falta eta abar». Horiek gainditzeko, ireki berri den erregularizazio prozesua lagungarri izango delakoan dago.

Orain arte aipatu gabeko beste aldagai bat hizpidera ekarri du Zubirik: hizkuntzarena. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %36 dira euskaldunak, baina Lanbiden izena eman dutenen %92k ez dakite euskaraz. Gazteen artean are handiagoa da desoreka; hamarretik bederatzik euskaraz hitz egiten dute, edo moldatzen dira, baina langabezian daudenen %70 erdaldunak dira.

Asko apaldu dira langabeziari buruzko datuak, baina Fernandez Razkinek gogorarazi duenez, komeni da zantzoka aritu ordez zuhur jokatzea: «Giza ikuspegia ez da galdu behar; lanik gabe dagoenarentzat arazo larria da oraindik ere, eta datu bakoitzaren atzean pertsona bat dago, lan egin, bere burua garatu eta bizi proiektu bat izan nahi duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA