Arcelor Mittalek atzera bota du Legasako kaleratze espedientea

Nafarroako lantegian greba mugagabea hastekoak ziren bihar. 33 langile kaleratu nahi zituen multinazionalak.

Legasako lantegiaren itxieraren kontra ekainaren 11n egindako mobilizazio bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Legasako lantegiaren itxieraren kontra ekainaren 11n egindako mobilizazio bat. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 30a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Legasako (Nafarroa) lantegian greba mugagabea hasi bezperan, atzera egin du Arcelor Mittalek. Zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi duenez, Legasako altzairutegiari eragiten zion enplegu erregulazioko espedientea bertan behera utziko du, eta, horrenbestez, euren lanpostuan jarraituko dute enpresak kaleratu asmo zituen 33 langileek.

Multinazionaleko arduradunek eta sindikatuek bilera egin dute Nafarroako Lan Auzitegian, Legasako plantako langileek bihar hasi behar zuten greba mugagabeaz aritzeko, eta han eman du bere erabakiaren berri enpresak. Erregulazio espedientea erretiratzearen eraginez, sindikatuek bertan behera utziko dituzte lanuzteak. Hala esan du UGTk, Legasako fabrikan ordezkari gehien dituen sindikatuak.

Enplegua erregulatzeko espedienteak Aguraingo (Araba) lantegiari ere eragin behar zion, eta hori ere atzera bota du enpresak. Dena dela, UGTren arabera, kaleratzeak Nafarroako lantokian aurreikusten ziren soilik.

Apirilean jakin zen Arcelor Mittalek Legasan duen lantegiko ekoizpen lerroa itxi nahi zuela, Aguraingora eramateko. Horren ondorioz, egungo lantaldearen erdia kaleratzea aurreikusten zuen: 33 langile. Luxenburgon egoitza duen multinazionalak urteak daramatza lantegi txikiak ixten. Legasakoan langileen kopurua erdira murriztu du azken hamarkadan: 2016an 120 langile zituen.

Arcelor Mittalek zazpi lantegi ditu Euskal Herrian, eta 1.400 langile inguru. Sestaon eta Etxebarrin (Bizkaia), Bergaran eta Olaberrian (Gipuzkoa), eta Lesakan, Legasan eta Berriobeitin (Nafarroa). Sektorea aldaketa betean dago Europan, trantsizio energetikoak eta Txinako altzairu merkeagoak eraginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.