Arcelor Mittalek, Luxenburgon egoitza duen altzairugileak, 2025eko emaitzak argitaratu ditu, eta, lehen begiradan, onak izan dira: irabaziak bikoiztu baino gehiago egin ditu aurreko urtean, eta 2.790 milioi euroren irabaziekin itxi du 2025. urtea (+%135). 1.190 milioi euro irabazi zituen duela bi urte.
Hala ere, 2024an baino %2 gutxiago saldu zuen iaz Arcelor Mittalek, 54.300 milioi euro guztira. Tonatan, ekoizpena 2,3 milioi txikitu zuen, 55,6 milioiraino.
Ezohiko diru sarrerek puztu dituzte multinazionalaren kontuak: AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Kazakhstanen lantegiak saldu zituen iaz.
Dibidenduetan, %9,1eko igoera proposatu du administrazio kontseiluak: iaz 46 zentimo banatu zizkien akziodunei titulu bakoitzeko, eta aurten, berriz, 50 zentimo. Konpainia multinazionalak 8,8 milioi akzio berrerosi zituen 2025ean, 222 milioi euroren truke, eta enpresak 2020an baino %38 akzio gutxiago ditu orain.
Sektorea ez dago onenean, baina 2026rako aurreikuspen baikorrak egin ditu Arcelor Mittalek oro har. Adierazi du espero duela munduko altzairu eskaerak —Txina alde batera utzita— %2 egitea gora, eta esan du aurreikusten duela aurten iaz baino altzairu bidalketa gehiago egitea jarduera daukan eskualde guztietara. Lehia handia du multinazionalak Txinako enpresa handienekin; izan ere, altzairu merkeagoak ekoizteko gai dira herrialde hartan. Muga zergek eragina izango dute aurten, baita trantsizio energetikoak ere.
Legasakoaren itxiera
Siderurgia sektoreko ekoizlerik handienetako bat da Arcelor Mittal, eta, munduan, zazpiehun lantegi ingurutan ekoizten du altzairua. 160.000 langile inguru ditu guztira. Euskal Herrian, zazpi lantegi ditu, eta 2.000 langile inguru: Sestaon eta Etxebarrin (Bizkaia), Bergaran eta Olaberrian (Gipuzkoa), eta Lesakan, Legasan eta Berriobeitin (Nafarroa). Hala ere, itxura guztien arabera, aurki itxi egingo dute horietako bat: Legasakoa. Berrogei langile ditu fabrika horrek, eta zuzendaritzak eta langile batzordeak abenduaren 31rako onartu zuten enplegu erregulazioa eta, horrekin batera, lantegiaren itxiera. Adostutakoaren arabera, 33 langile geratuko dira kalean.
Lesakako lantegian, enplegua aldi baterako erregulatzea adostu zuten abendu amaieran, eta 2027ra arte egongo dira bertako hirurehun langileak egoera horretan. Etxebarriko lantegian ere aldi baterako erregulazioan daude langileak, datorren urtera arte —350 langile daude bertan—.
Sestaoko plantan ere —650 langile ditu— enplegu erregulazioa adostua du enpresa batzordeak zuzendaritzarekin, eta 2027 amaiera arte iraungo du. Karbono dioxidorik isurtzen ez duen altzairutegi bat da Sestao ACB; hortaz, enplegu erregulazio hori berezitasun horrekin lotuta dago.
Gainontzekoan, Arcelor Mittalek ehun langile inguru ditu Berriobeitiko lantegian, 500 baino gehiago Bergarako eta Olaberriko plantetan banatuta, eta 30 inguru Hernanin. Zumarragako (Gipuzkoa) lantegia, berriz, 2016an itxi zuen.