Argindarraren prezio igoera etengabeak orain arte baztertutako bide batetik tira egitera bultza dezake Espainiako Gobernua: konpainia publiko bat sortzera. Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroak iragarri du aztertzen ari direla zentral hidroelektrikoekin enpresa publiko bat sortzea, behin haiek kudeatzen dituzten enpresa pribatuen kontzesioa bukatzen denean. Konpainia elektrikoen patronalaren proposamenari jarraikiz, tarifa arautuan aldaketak egiteko aukera ere aipatu du, prezioa egonkorragoa izan dadin.
Berez, konpainia publiko bat sortzeko erresistentzia ez da Espainiako Gobernu osoarena, haren osagai nagusiarena baizik: PSOErena. Bazkide txikiak, Unidas Podemosek, enpresa publikoaren sorrera defendatu du azkenaldian, eta Ione Belarra idazkari nagusiaren bitartez txalotu egin du Riberaren iragarpena.
Behin urtegiak eta zentralak eginda daudela, argindarra sortzeko modu merke bat da hidroelektrikoa, energia iturri berriztagarria eta doakoa duelako. Baina azken asteetan kontsumitzaileen elkarteek ohartarazi dute konpainia elektrikoek ez dutela garbi jokatu zentral hidroelektrikoekin, eta gasaren prezioan eskaini dutela haietatik lortutako argindarra. Hidraulikoa ez baita, eolikoa edo fotovoltaikoa bezala, sortu ahala kontsumitu behar den energia bat, erregula daitekeen emari batek sortutakoa baizik.
Ulertzen denez, konpainia hidroelektriko publiko bat sortuko balitz, prezio merkeak eskainiko lituzke pool edo handizkako merkatuan, eta horrek azken prezioa txikituko luke.
Edonola ere, horrelako enpresa publiko bat sortzeko eta zentral kopuru esanguratsu bat haren esku izateko, urteak beharko dira. Eta urteak agian ez, baina hilabeteak beharko dira ziur aski Espainiako Gobernuak argindarraren prezioak txikitzeko asmoz proposatutako lege proiektua indarrean jartzeko: zerutik eroritako irabaziena. Horrela deitzen zaie zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek jasotzen duten sariari, kostu txikiekin gasaren prezioa eskuratzen dutelako.
Dagoeneko indarrean den neurria, berriz, BEZaren jaitsierarena da. Megawatt-ordua 65 eurotik gora dagoen egunetan BEZa %21etik %10era jaitsi du Madrilek, eta horrek asko lagunduko du merkatu arautuan dauden herritarren —ia %40— faktura ez asko igotzen hurrengo hilabeteotan.
Halaber, Espainiako Gobernuak aldi baterako eten du argindar konpainiek ordaintzen duten %7ko zerga berezia.
Tarifa arautuaren erreforma
Espainiako Gobernuak badu beste aukera bat mahai gainean; tarifa arautua bera erreformatzea. Aelec argindar ekoizle handien patronalak eskatu zuen erreforma hori herenegun, eta prezio finkoagoak dituen tarifa bat proposatu zuen. Hau da, merkatu librean dauden hamarretik sei horiek ordaintzen dutenaren antzekoagoa —eta orain arte, kasu gutiz gehienetan, garestiagoa dena aratua baino—.
Patronalaren eskaera aztertzeko eta gorabehera gutxiago dituen tarifa arautu bat sortzeko aukera ontzat hartu du RIbera ministroak. Aukera dezakeen formulen artean, aipatu du tarifaren kopuru finkoa handitzea eta aldakorra mugatzea. Edonola ere, Trantsizio Energetikoko ministroak adierazi du 2013an tarifa arautua sortu zutenetik hura erabili dutenek prezio txikiagoak ordaintzen dituztela merkatu librean daudenek baino.