Argindar konpainiek Almarazko zentral nuklearraren bizitza luzatzeko eskatuko dute

2030era arte nahi dute Espainiako zentrala martxan, eta badirudi hori baino ez dutela eskatuko, zerga murrizketen galdeak oraingoz baztertuta.

Almarazko zentral nuklearra. EDUARDO PALOMO / EFE
Almarazko zentral nuklearra. EDUARDO PALOMO / EFE
Irune Lasa.
2025eko urriaren 21a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epea gainera zetorkien urriaren bukaeran, eta neurri batean amore eman dute: Endesak, Iberdrolak eta Naturgyk, berez, azaroaren lehenean aurkeztu behar diote CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari beren jabetzako Almarazko zentral nuklearra (Extremadura, Espainia) ixteko kronograma.

Orain, horrekin batera, konpainiek Almarazko zentralaren bizitza 2030era arte luzatzeko baimena eskatuko diote Espainiako Gobernuari, Iberdrolak berak jakinarazi duenez. Konpainien iturriak aipatzen dituzten albisteek diote hori baino ez dutela eskatuko, trukean, besteak beste, zerga murrizketarik galdegin gabe.

Luzapena lortuz gero, hiru urte gehiago lirateke Almarazko lehen erreaktorearentzat eta bi gehiago bigarrenarentzat. Berez, zentralaren lehen erreaktorearen jarduera komertziala 2027an amaitu beharko litzateke, eta bigarren erreaktorearena, 2030ean.

Halere, luzapen eskaera, berez, ez da albistea. Izan ere, hiru konpainiek hilabeteak daramatzate gobernuari presio egiten energia nuklearrari dagokionez, nahiz eta ez guztiek neurri berean. Hori bai, haien asmoak ez dira Almarazko zentralera mugatzen: plan oso bat nahi dute, 2019an erabakitako egutegia aldatu eta Espainian eta Katalunian dauden gainerako zentral nuklearren itxiera atzeratzeko.

Egutegi horren arabera, Almaraz litzateke lehena erreaktoreak itzaltzen, eta ondoren letozke Cofrentes (2030), Asco I (2030), Asco II (2032), Trillo eta Vandellos II (2035).

Argindar konpainiek, ordea, baldintza jakin batzuk nahi dituzte zentral horien bizitza luzatzearen truke; batez ere, zerga eta tasa murrizketa handiak ezartzea. Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak, berriz, esana du azken eskaera hori marra gorri bat dela Espainiako Gobernuarentzat, argudiatuta zentralen bizitza luzatzeak ezin diela kostu gehigarririk sortu herritarrei.

Dena den, Almarazko zentralak zerga murrizketa izango du, Extremadurako Gobernuak —PPren esku dago— hori agindu baitu dagoeneko.

Desadostasunak gaindituta

Espainiako Gobernuaren jarrerak ez ezik, argindar konpainien arteko desadostasunek atzeratu dute eskaera orain artean. Zenbait iturriren arabera, Iberdrolak hiru urteko luzapena nahi zuen Almarazentzat, eta Endesak, berriz, hamar urtekoa —Iberdrolak zentralaren %52,7 dauka jabetzan; Endesak, %36, eta Naturgyk, %11,3—.

Alabaina, gobernuarentzat gaur egun samurragoa izan daiteke Almarazko zentralaren bizitzaren luzapen bat onartzea, kontuan hartuta apirileko itzalaldiak agerian utzi zuela herrialdeko energia sistemaren ahultasuna.

Hain zuzen, Iberdrolak gaur berriro adierazi du energia nuklearra «giltzarria» dela «argindar hornikuntzaren segurtasunerako, prezioen egonkortasunerako eta deskarbonizaziorako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.