Urriaren 1ean, argindarraren prezioa igo egingo da Hego Euskal Herrian. Espainiako Industria Ministerioak oraindik ez du jakitera eman igoeraren zenbatekoa, baina, atzoko enkantearen emaitza ikusita,%2 eta %3 artekoa izango dela ondoriozta daiteke. Prezio igoerak azken aukerako tarifa duten herritarrei eragingo die; gehienei, alegia. Argindarra merkatu liberalizatuan kontratatuta daukatenek, ordea, enpresa merkaturatzailearekin hitzartutako baldintzetan jarraituko dute.
Jakina zen garestituko zela. Iragan astean ziurtatu zuen Industria Ministerioak berak, Espainiako Energia Batzordeari helarazi zion txosten batean. Zenbat garestituko zen, hori zen galdera.
Argindarraren prezioak bi zati izaten ditu: bata, aldakorra, enpresa merkaturatzaileen arteko enkantearen emaitzatik ateratzen dena -fakturaren erdia inguru-; eta bestea, finkoa, Industria Ministerioak erabakitzen duena. Miguel Sebastian Industria ministroak dagoeneko aurreratu zuenzati finkoak, sarbideko tarifei dagokienak, lehengoan jarraituko zuela, igoerarik gabe, herritarrentzat kolpea handiegia izan ez dadin. Beraz, enpresa merkaturatzaileen arteko enkantearen emaitza izango zen garestitzearen gakoa. Eta, atzoko enkantean, 46 euroan salerosi zuten kilowatt bakoitza; duela hiru hilabete baino %5 garestiago, hain zuzen. Kopuru horrek fakturaren erdia esan nahi badu, prezioaren igoera %2tik %3ra artekoa izango da.
Erabiltzaileak babesten saiatu bai, baina oraingoan ez da uztaileko jokaldia errepikatzera ausartu Industria Ministerioa. Orduan, herritarrek inolako igoerarik izan ez zezaten, merkatuak agindutako igoera konpentsatze aldera sarbideko tarifa txikitzea erabaki zuen. Legez behartuta dago merkatuak emandako emaitza bere horretan errespetatzera, eta igoerak orekatzeko duen modu bakarra sarbideko tarifarekin jokatzea da. Eta halaxe egin zuen.
Inor gutxik espero zuen Miguel Sebastianen ministerioak halakorik egingo zuenik, egun batzuk lehenago CNEri bidalitako txostenean sarbideko tarifa %10 igotzea proposatzen zuelako. Handik gutxira jakin zen arrazoia: PSOE energiaren sektorea berregituratzeko estatu akordioa negoziatzen ari zen PPrekin, eta uztailean argindarra ez garestitzea zen horretan jarraitzeko baldintzetako bat. Uztaileko lehen asteetan, elkarrizketak bide onetik zihoazela zirudien. Baina, interes politikoak tarteko, hausteko zorian daude egun.
Hipotesi hutsa
Argindarra igotzeko erabakiaren atzean, tarifek eragindako defizita kitatu beharra dago. Argindarra ekoizteak eragiten dituen gastuen eta azken fakturan erabiltzaileak ordaintzen duenaren arteko aldea da defizita. Soilik aurtengo lehen zazpi hilabeteetan 2.585 milioi euroko zuloa egin da, CNEk kaleratutako datuen arabera. Aurreikusitakoa baino %20 handiagoa da kopuru hori, eta oso litekeena da urrian argindarra garestitzeko erabakia zulo hori gehiago ez handitzearren hartu izana. Urtea bukatzerako, 3.190 milioi euroko defizita aurreikusten du, soilik aurtengoa kontuan hartuta. Orotara, 14.625 milioi euro zor dizkie Espainiako Gobernuak argindar enpresei.
Oraindik, baina, igoera hipotesi huts bat baino ez da. Hiru hilean behin tarifak berrikusteko dekretua oraindik indarrean sartzeke dagoenez, Espainiako Gobernuak hala nahi izatea nahikoa litzateke urtarrilera arte aldaketarik gabe jarraitzeko.
Argindarra %2tik gora garestituko da Hego Euskal Herriko erabiltzaileentzat
Megawatt bakoitzagatik ekainean baino %5 gehiago pagatu dute enkantean; fakturaren erdia hor erabakitzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu