Argindarra %4 inguru garestitu daiteke uztailean

Espainiako Industria Ministerioak familia gehienentzako sarbide tarifa %10 igotzea proposatu dio CNEri

Donostia
2010eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Argindarraren prezioa urtean bitan berrikusten dute Espainian: urtarrilean eta uztailean. Urtearen hasieran, %2,64 garestitu zuten tarifa arautua (Azken Aukerako Tarifa, TUR gaztelaniaz), Hego Euskal Herriko familia gehienek baliatzen dutena. Eta ikusteko dago zenbatekoa izango den uztaileko igoera. Espainiako Industria Ministerioak atzo helarazi zion bere proposamena CNE Espainiako Energiaren Batzorde Nazionalari. Han dioenez, sarbideko tarifa %10 garestitu behar litzaieke etxebizitza eta enpresa txikiei; %5 industriako enpresa ertainei; aldiz, enpresa handientzat ez du igoerarik proposatu.

Sarbideko tarifa, baina, etxean jasotzen den azken fakturaren erdia inguru izaten da. Hortaz, Espainiako Industria Ministerioak %4 inguruko igoera proposatuko luke familia gehienentzat. Balio erantsiaren gaineko zergaren igoera gehitu beharko zaio horri, uztailaren 1ean %16tik %18ra igoko baitute Espainian, eta eragina izango baitu argindarraren fakturan.

Unesa argindar konpainien patronalak, berriz, igoerak handiagoa izan behar lukeela uste du. Hala, etxebizitza eta enpresa txikientzat sarbideko tarifa gutxienez %25 garestitzeko eskatu zuen joan den astean. Horrek argidarraren azken faktura %8 eta %9 artean garestitzea ekarriko luke.

Dena dela, argindar enpresen arteko datorren asteko enkantean zehaztuko da igoeraren zenbatekoa. Eta, adituen irudiko, lehen hiruhilekoan baino prezio handiagoa botako dute konpainiek, besteak beste, iaztik hona eskaria handitu egin delako. Espainiako Gobernuak ere zuzendu egin behar izan ditu aurtengo argindar kontsumoaren inguruan zituen aurreikuspenak. Aurten iaz baino %1,5 argindar gehiago kontsumituko dela uste du orain, abenduan aurreratu baino %2,25 gehiago.

Hala ere, gaur egun, argindarraren prezioa erabakitzerakoan, eskariaren eta eskaintzaren arteko harremanak zeresan mugatua dauka. Izan ere, kontsumoaz eta enpresak ateratzen duten irabziaz gain, beste elementu asko pagatzen dira argindarraren hilabeteroko fakturan: argindar sarea erabiltzearen kostua, aurreko urteetan pilatutako defizita, energia berriztagarriek eta Espainiako ikatzak sortzen dituzten gainkostuak, eta hondakin nuklearren tratamendua. Argindar enpresek 12.000 milioi euroko defizita pilatu dute azken urteetan, kostu prezioen azpitik saltzeagatik, eta Industria Ministerioak 2013rako zorra kitatzea agindu zien.

Kontsumitzaileak haserre

ACE argindar kontsumitzaileen elkarteak ez du batere ongi hartu Espainiako Industria Ministerioaren proposamena, besteren artean, industria enpresa handiei prezioa ez igotzea eskatu duelako. «Defizitaren zama guztia familia eta enpresa txiki eta ertainen gain jarri nahi du». Egokiena uztailean prezioak izoztu eta ekonomiaren bilakaera nolakoa den ikusi zain egotea dela uste du.

CECUk eta OCUk ere onartezintzat jo dute argindarra horrenbeste garestitzea. «Inflazioaz gaindiko edozein igoera kolpe zuzena da kontsumitzaileentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.