Urte hasieran berriro oso maila txikira jaitsi ondoren (%0,5), goranzko bidea hartu dute prezioek. Urtarriletik otsailera ia ez dute igoerarik izan (%0,02 besterik ez), baina ez da iazko jaitsiera errepikatu, eta horrek igo egin du urte arteko inflazioa.
Argindarra eta gasa dira igoeraren arduradun nagusiak. Iaztik hona %1,9 garestitu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1, berriz, Nafarroan. Prezioen gorakada handia izan dute telefonia zerbitzuek ere: iazko otsailean baino %3,8 garestiago daude Hego Euskal Herri osoan, konpainiek urtearen hasiera baliatu dutelako beren paketeen prezioa igotzeko.
Kontsumo Prezioen Indizean pisu handia duten beste produktu batzuk ere garestitu dira azken urtean, hala nola, elikagaiak (%0,8 EAEn), tabakoa (%0,8 Hegoalde osoan), edari alkoholikoak (%2,9 EAEn) eta garraio zerbitzuak (%2,2 Nafarroan).
Adituek espero dute inflazioak pixka bat gora egingo duela hurrengo hilabeteotan, besteak beste, petrolioa iaz baino garestiago dagoelako, baina ez luke %2ra iritsi beharko. Maila hori da egokiena Europako Banku Zentralaren arabera.