Argindarraren zerga beste energiena baino txikiagoa izatea proposatuko du Bruselak

Maiatzean plan bat aurkeztuko du erregaiekiko menpekotasuna murrizteko eta elektrifikazioa bizkortzeko. Estatuen esku utzi du epe motzeko neurriak hartzea.

Dan Jorgensen Europako Energia komisarioa asteazken honetan Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Dan Jorgensen Europako Energia komisarioa asteazken honetan Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 22a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telelana gehiago bultzatzea, autoa eta hegazkina gutxiago erabiltzea... Irango gerrak eragin duen krisi energetikoari aurre egiteko Europako Batzordeak hartu zitzakeen neurrien artean aukera horiek eta beste batzuk aipatu dira azken egunetan, baina azkenean ez du halakorik proposatu. Gomendio sorta bat aurkeztu du, eta estatuen esku utzi du horiek epe motzean ezarri ala ez erabakitzeko ardura. Horietako batzuk, gainera, aplikatzen hasiak dira hainbat herrialdetan. Aurrera begira, baina, Batzordeak argi du zein izango den helburua: erregai fosilekiko menpekotasuna murriztea eta elektrifikazioa bizkortzea.

Horretan jarriko du indarra, eta maiatzean aurkeztuko du horri buruzko plan berezia. Dan Jorgensen Energia komisarioak jada aurreratu du zein izango den neurri nagusietako bat: elektrifikazioa bizkortu nahi bada pizgarriak eman beharko direla azaldu du. Iradoki du horietako bat zera izan daitekeela, argindarraren gaineko zergak beste energienak baino txikiagoak izatea.

24.000

Energia gastua zenbat igo den, milioi eurotan. Dan Jorgensen Energia komisarioak nabarmendu duenez, Irango gerra hasi zenetik EBk energia inportazioetan 24.000 milioi euro gehiago ordaindu ditu, 500.000 euro gehiago egunero.

Bruselak gaur aurkeztu dituen asmoak, berriz, epe motzerakoak dira gehienbat. Batetik, kontsumitzaileak babesteko gomendio batzuk eman ditu: zergak murriztea, kontsumitzaile zaurgarrienentzako bonu energetikoak aktibatzea eta tarifa sozialak indartzea, energia mozketak debekatzea... Ildo horri jarraituz, estatu batzuek hartu dituzten neurriak txalotu ditu Jorgensenek, eta horietan sakontzeko eskatu die gobernuei. «Ahal duten guztia egitera animatzen ditugu».

Industria laguntzeko beharra ere azpimarratu du Energia komisarioak, eta horren harira esan du Batzordea prest dagoela aldi baterako estatu laguntzen esparrua malgutzeko, helburu garbi batekin: deslokalizazio arriskuak saihestea eta Europako ekoizpen gaitasuna babestea. Hala ere, ez du zehaztasun gehiago eman horren inguruan.

Biltegiak eta garraioa

Batzordearen beste kezketako bat gas eta petrolio erreserben egoera da. Horri begira, estatu kideen arteko «koordinazioa indartzea» proposatu du, gabeziarik egon ez dadin, bereziki hegazkinentzako erregaien eta prezioen gorabeherak hobeto kontrolatzeko. Baina ez du zehaztu koordinazio hori zertan edo nola gauzatuko den.

Oraingoz, baztertu egin du herrialdeen artean erregaia partekatzeko tresna bat sortzea; hori bai, behatoki bat sortuko dute, «eskasia garaiz detektatzeko». Biltegiratze helburuak malgutzeko aukera aipatu du Batzordeak.

20.000

Lufthansak zenbat hegaldi utzi dituen bertan behera. Lufthansa aire konpainiak bertan behera utzi ditu datozen hilabeteetarako aurreikusitako 20.000 hegaldi, gehienak distantzia laburrekoak. Alemaniako konpainiak erabaki hori hartu du abiaziorako erregaiaren erreserben murrizketagatik eta prezioaren garestitzeagatik. Europako beste konpainia batzuk ere hasi dira hegaldiak kentzen.

Horrekin lotuta, azken egunetan zabaldu da Bruselak autoaren eta hegazkinaren erabilera murrizteko neurriak aurkezteko asmoa zuela, IEA Nazioarteko Energia Agentziak aholkatutakoaren bidetik, baina atzo jada Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioak jakinarazi zuen ez zutela halakorik egingo, besteak beste, halako neurri bat Europako turismoaren sektorearen kalterako izango litzatekeelako. «IEAren gomendioak onak dira eta babestu egin behar dira, baina estatuek beraiek erabaki beharko dute», adierazi du Jorgensenek.

Zerga politika berria

Kanpoan geratu da, halaber, energia konpainien mozkinak gehiago zergapetzeko Alemaniak, Italiak, Espainiak, Portugalek eta Austriak egindako proposamena. Halako tresna bat ezarri zen 2022an, Errusiak Ukraina inbaditu eta energiaren prezioak izugarri igo zirenean, baina oraingoan Batzordeak ez du urrats hori egin nahi. Gai horretan ere estatukideei gogorarazi die haien esku dagoela halako zerga edo tasa bat ezartzea.

Bestalde, Jorgensenek jakinarazi du Batzordeak maiatz amaieran aurkeztuko duela sare elektrikoen zerga egitura berrikusteko proposamen bat, eta, adierazi duenez, aurreikusten du hor jasotzea «elektrizitatearen gaineko presio fiskala murrizteko aukera, eta, horrekin batera, erregai fosilen gaineko mendekotasuna gehiago zehazteko bideak». Ez du zehaztasun gehiago eman, baina litekeena da neurri artean egotea argindarraren gaineko BEZa beste energia iturriek ordaintzen dutenaren azpitik ezartzea eta energia intentsiboak diren industriei %0ko BEZa jartzea.

Haize errota bat, Polonian. GRZEGORZ MICHALOWSKI / EFE
Haize errota bat, Polonian. GRZEGORZ MICHALOWSKI / EFE

Horrekin batera, Energia komisarioak aurreratu du etxeetan bero ponpak instalatzeko, eraikinen isolamendu lanak hobetzeko eta auto elektrikoen erosketa bultzatzeko zerga pizgarriak ere bultzatuko dituztela, eta energia berriztagarrien instalazioa bultzatzeko eta sare elektrikoa «handitzeko» neurriak proposatuko dituztela. «Ez du zentzurik kanpotik erregaiak erosten aritzea eta guk gure haize errotak gelditu behar izatea sisteman ezin dugulako sartu edo energia hori biltegiratzeko nahikoa gaitasuna ez dugulako».

Plan horren zutabe nagusietako bat finantzaketa izango dela azaldu du Jorgensenek. Aurrera eramateko, Batzordeak kalkulatu du urtean 660.000 milioi euro beharko direla 2030era arte. Horretarako, funts publikoak erabiliko dira, baina ezinbestekotzat jo du kapital pribatuaren ekarpena; hori lantzeko goi bilera bat egingo dutela jakinarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA