Espainiako Kongresuko osoko bilkuran, arrainaren eta itsasoko jakien BEZa %0koa izan dadila eskatu diote Espainiako Gobernuari. Orain %10ekoa da Hego Euskal Herrian, eta neurri hori aplikatuz gero haren prezioa jaistea lortuko litzatekeela uste du BNG Galiziako alderdiak; hark bultzatu du eskaera. Alde bozkatu dute EAJk, EH Bilduk eta UPNk.
Orduan, arrainaren BEZa desagertu egingo da Hego Euskal Herrian? Ez, legez besteko proposamen bat delako; alegia, ez dela loteslea, eta, aurrera egiteko nahikoa babes eman dioten arren, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, PSOEk eta Sumarrek, aurka bozkatu dute. Salgaien BEZa ezartzeko eskuduntza gobernuarena da.
Erlazionatuta
BNGren argudioak argiak dira: arraina «oinarrizko jakia» dela, «osasuntsua» dela, azken urteetan asko garestitu dela eta neurriak hartu behar direla haren kontsumoa bermatzeko. Eskaria ez da berria, arrantzaren sektoreak hainbatetan proposatu baitu aurrez ere. Orain arte, baina, %4ra jaisteko eskatzen zuten —BEZ murriztua delakoa aplikatzeko—, baina BNG urrunago joan da oraingoan.Â
Dena de, eskaria ez dagokio BEZaren zenbatekoari bakarrik, Espainiako Gobernuari eskatu baitiote helegitea jartzeko Europako Auzitegiak Ozeano Atlantikoko 87 gunetan ezarritako arrantza debekuari. BNGren arabera, debekua ezartzeko egin diren azterketa zientifikoak «ez dira zorrotzak», eta ez dira kontuan hartu debekuak izan ditzakeen ondorio ekonomikoak.Â
Eskozian, arrantzatzea debekatuta
Babesturiko 87 gune horiei Eskoziako urak gehitu behar zaizkie gaurtik aurrera. Izan ere, indarrean sartu da Eskoziako Gobernuak bere kontrolpeko uretan arrantza egiteko ezarritako debekua. Babesturiko 42 gunetan debekatu du arrantza, eta guztira 30.000 kilometro koadro inguru dira. Eskoziako eta kanpoko arrantzaleei ezarritako debekua da, eta ingurumen arrazoietan oinarrituta hartu du.Â
Debekuak, besteak beste, itsas zabaleko euskal arrantzaleei eragingo die. OPPAO Ondarroako portuko itsas zabaleko arrantzaleen elkartearen arabera, haien kide diren sei ontzik arrantza osoaren erdia galtzeko arriskua dute. Iturri beraren arabera, guztira Europako 470 ontzik egiten dute arrantza ur horietan.Â
Mikel Ortiz OPPAOko kudeatzaileak Europa Azul agerkarian salatu duenez, bere susmoa da energia eta meatze konpainiek presio egin dutela debekua sustatzeko: «Itsasoa okupatu nahi dute argindar errotak jarri eta mineralak ateratzeko. Hondoaren babesa aitzakia gisa erabiltzen dute arrantzaleak handik ateratzeko».