Zorraren krisia ez da euroaren eremura mugatzen. Hungariak ere bere burua finantzatzeko arazo larriak ditu, bere diru propioari eutsi arren —forinta—. Budapesteko gobernuak laguntza eskatu die Europako Batzordeari eta Nazioarteko Diru Funtsari.
Azken asteotan merkatuen foku nagusiak Italiaren eta Espainiaren arrisku sarira begira egon diren arren, bi horiek baino gainkarga handiagoa pagatu behar du Hungariak bere burua finantzatzeko. Atzo, 648 puntuko arrisku saria zuen —Alemaniako hamar urteko zorrarekiko aldea da—; Espainiak, berriz, 464 puntukoa eta 474koa Italiak. Irlandaren beraren zorrak arrisku gutxiago duela uste dute inbertsiogileek—610 puntutan dago—.
Finantzaketa kostu horiek are handiagoak izan daitezke, baldin eta rating agentziek Hungariaren zorraren kalifikazioa okertzen badute. Batzuen ustez, kalifikazio agentziak lasaitzeko eta rating horri eusteko egin du laguntza eskaera Viktor Orban lehen ministroak, ez baitu laguntza erabiltzeko asmorik.
Berez, Hungariak mailegu prebentiboa deitutakoa eskatu du. Herrialdeak «segurtasun sarea behar du», argudiatu du Gyorgy Matolcst Ekonomia ministroak. Sare hori NDFk eta EBk eman zioten aurreko gobernuari: 20.000 milioi euro utzi zizkion 2008an.Baina Orbanek hautsi egin zuen NDFrekin, ez zituelako indarrean jarri nahi diruaren truke hark eskatutako baldintza zorrotzak. Horrek ez du esan nahi neurri gogorrak hartu ez dituenik: langabezia saria gehienez hiru hilabetez banatzea erabaki du; langile publikoen soldatak izoztuko ditu, eta zeharkako zergak igoko ditu. Beste aldean, gutxieneko soldata %18 handitu nahi du, eta bankuei zerga berezi bat ezarri nahi die. Neurri horien helburua defizita jaistea da: aurten BPGaren %3,6an geratzea espero du EBk, eta %2,5ean utziko duela agindu du Orbanek. Hazkundeari eutsi egiten dio Hungariak, eta langabezia %11 ingurukoa da. Zorra BPGaren %82ra igo da, forintoa balioa galtzen ari delako.
Grezia, dirua lortu nahian
Europako Batzordeak atzo jaso zuen laguntza eskaera, eta arretaz aztertuko duela erantzun du. Halaber, aztertu behar du Bruselak eta EBko beste erakundeek Greziari blokeatutako 8.000 milioi euroko mailegua ematen ote dioten. Lukas Papadimos Greziako lehen ministro berria Bruselan izan zen atzo, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin biltzeko. Bati zein besteari eskatu zien diru hori desblokeatzeko, ezinbestekoa baitu abendutik aurrera soldata publikoak eta pentsioak pagatzeko.
Laguntzaren truke, EBko agintariek eskatu dute Papadimossostengatzen duten alderdi guztiek idatziz konpromisoa hartzea hitzartutako erreformak egingo dituztela, datorren urteko hauteskundeetako emaitzak edozein izanik ere. Hala egiteko prest daudesozialistak eta eskuin muturrekoak, baina bere hitzarekin nahikoa dela dio Antonis Samaras ND kontserbadoreko buruak. Hilaren 29an bilduko dira euroguneko ministroak, eta ordurako arazoa konponduko den itxaropena azaldu du Van Rompuyk.
Arrisku saria 600 puntutik gora izanik, Hungariak ere laguntza eskatu dio EBri
Orban lehen ministroak Nazioarteko Diru Funtsarekin hautsi zuen iaz, baina haren dirua ere galdegin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu