Burtsa

Arteche «hazteko» gihar bila irten da burtsara

Mungian sustraia duen elektrizitate gailuen enpresak harrera ona izan du: %1,5 igo da akzioen prezioa lehen orduetan. Artetxe familiak haien %52,5 mantenduko du, eta, bide batez, erabaki ahalmena.

Alex Artetxe enpresako zuzendaria, Bilboko burtsako kanpaitxoa astintzen. LUIS TEJIDO
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 11
13:29
Entzun

Arteche taldeak bere hazkunde prozesua sendotu nahi du, eta burtsara jotzea erabaki du inbertsorte berrien bila. BME Growthen irtetea erabaki du, IBEX 35aren azpian dagoen bigarren merkatuan, enpresa ertain eta txikien burtsa deritzona. Alex Artetxe enpresako presidenteak azaldu duenez, industriaren deskarbonizazio prozesu betean gailu elektrikoen merkatuen gorakada espero da, eta Mungian (Bizkaia) sustraia duen konpainiak indartsu hartu nahi du olatu hori eta horretarako irten da merkatuetara. 40 milioi euro inguru biltzea espero du «modu ordganiko zein inorganikoan» hazteko, alegia, beste enpresa batzuk ere erosiko dituela. Enpresako iturriek asmo hori baieztatu dute.

Artechek transformagailu eta gailu elektrikoak ekoizten ditu, eta iaz 265 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. 2.000 langile ditu mundu mailan, horietatik 600 Mungiako eta Gasteizko plantetan. Kapitala bildu nahi duen enpresa batek normalean bi bide izaten ditu: mailegua eskatzea edo burtsara irtetea, eta enpresako buruek bide hori lehenetsi dute azken honetan. Akzioak 3,94 euroan jarri dituzte salgai, eta dagoeneko 90 inbertsore berri lotuta dituzte. Artetxek azaldu duenez, hori bai, ez dago inbertsore berri handirik, «kartera orekatua» da, eta denetarik dago: bankuak, funtsak, beste enpresa batzuk… Akzioek harrera ona izan dute, irten eta berehala %1,5 igo baita haien prezioa, 4 euroraino hain zuzen. 

Egoera ekonomiko onean dagoen enpresa bat burtsara irtetea beti da erakargarria da, baina badu bere arriskua, erabaki ahalmena dibertsifikatu egiten delako. Dena den, ez dirudi kasu honetan hala izango denik: «Erabaki zentroa Euskal Herrian mantenduko dugu, horretarako familiak enpresaren kontrola mantenduko du, gutxi gorabehera akzioen %52,5 mantenduz». Egun jabetzaren %66 du familiak, %24 Damaso Casado enpresariak eta %7 Eusko Jaurlaritzak. Azken bi hauek ez dute haien parte hartzea saltzeko asmorik, ez behintzat epe motzean.

Artechek, izan ere, hordagoa jo du handira. Hurrengo hiru urteetan %8 hazi nahi du urtero, eta jauzi horrek gihar ekonomikoa eskatzen du. Fakturazioaren %35 AEBetan eta Mexikon lortzen du eta merkatu horietan sendotu nahi du. Ikusi beharko da enpresa erosketak han egingo dituen. Iberdrola da bezero handietako bat, eta haren eskutik zabaldu izan da. «Kanpoko bazkideak» erakartzeari ez dio atea itxi Artetxek, «loturak» bilatuz, baina ez da euskal talde elektriko baten aldekoa: «Aukera hori ez dugu aztertu, baina aukera agertuko balitz ez dugu baztertzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.