Nafarroan sortutako aberastasunaren banaketan aldaketa bat gertatu da 2023ko hirugarren hiruhilekoan. 2021ean, 2022an eta 2023ko lehen erdialdean soldatapekoen errenta baino gehiago handitu zen ustiakuntza soberakina deitutakoa, hau da, enpresen eta autonomoen irabazia, baina kontrakoa gertatu da 2023ko hirugarren hiruhilekoan: Nastaten arabera, %5,2 handitu da enpresen irabazia, eta %6, berriz, soldatapekoena.
Bien arteko aldea oso handia izan da azken urteetan, eta beti enpresen irabaziaren alde: 2021ean %10,2 handitu zen enpresen irabazia, eta %6,4 soldatapekoen errenta; 2022an, berriz, %13,7 eta %6 igo ziren, hurrenez hurren.
Joera ez dagokio soilik Nafarroari. Bere azken agerraldian, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak azaldu zuen enpresen irabaziaren hazkundea moteltzen hasia zela, eta jarduera ekonomikoaren izoztearekin lotu zuen. Aurreko agerraldi batzuetan, Lagardek onartu zuen enpresen mozkina zela inflazioaren motorretako bat.
Kontu ekonomikoen hiruhileko irakurketan eman du Nastatek aberastasunaren banaketaren berri. Kontu horietan ikusten denez, hazkundea moteltzen ari da Nafarroan ere. Urteko lehen bi hiruhilekoetan, %0,3 hazi zen ekonomia, eta %0,2 baizik ez udako hilabeteetan. Urte arteko tasan are hobeto ikusten da erritmoa galtzen ari dela: %2,4 lehenengoan, %2 bigarrenean, eta %1,7 hirugarrenean. Antzeko datuak eman dituzte Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeek.
Industria da sektorerik ahulena (%0,5, urte arteko tasan), eta apal antzera dabil eraikuntza ere (%0,6). Indartsuago, berriz, zerbitzuak (%2,3) eta nekazaritza (%3,2).