Aste erabakigarria EBren eta Mercosurren itunarentzat

Europako Parlamentuak gaur bozkatu behar ditu itunari lotutako babes klausulak. Oraindik zalantzan dago itunak onespena lortuko duen abenduaren 20an Brasilen sinatua izateko.

Ursula Von der Leyenek hilaren 20 sinatu behar du EBren eta Mercosurren akordioa, Brasilen. YVES HERMAN / EFE
Ursula Von der Leyenek hilaren 20 sinatu behar du EBren eta Mercosurren akordioa, Brasilen. YVES HERMAN / EFE
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak hitzordua dute hilaren 20an, Brasilen, EBren eta Mercosurren arteko merkataritza libreko ituna sinatzeko. Baina baliteke bidaia hori zapuztea datozen egunetan.

Zertan datza akordioa?

Ia 800 milioi herritarri eragingo dien merkataritza libreko itun baterako akordioa da Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen artekoa —Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai—. Itunaren helburua da bi aldeen arteko merkataritza eta inbertsioak handitzea, horretarako elkarrekiko muga zergak %90 inguru murriztuz —Europako autoek, adibidez, %35eko muga zergak dituzte Mercosurren sartzeko—, eta arau egonkorragoak ezarriz.

EBk iaz ondasunetan 55.000 milioiren esportazioak egin zituen Mercosurrera, eta 29.000 milioirenak zerbitzuetan. Bruselaren arabera, itunarekin kopuru horiek handituko lirateke, batez ere autoen, makineriaren, telekomunikazio ekipoen, jantzien, esnekien, txokolateen, likoreen eta ardoen esportazioetan, eta zerbitzuen alor askotan.

Bestalde, Mercosurreko herrialdeek muga zerga txikiagoak izango dituzte beren salgai jakin batzuetan, betiere kuota bateraino. Hego Amerikako herrialde horiek batez ere lehengaiak esportatzen dituzte EBra: nekazaritza eta abeltzaintza gaiak, mineralak eta paper pasta.

Nolakoak dira kuotak?

Europako Batasunean kezka berezia eragiten du Mercosurretik elikagai oldea iristeak. Akordioak berez %7,5eko zerga —txikiagoa— ezarriko dio 99.000 tona behikiri. Bruselaren arabera, hori EBko behiki ekoizpen osoaren %1,5 litzateke, eta Mercosurreko herrialdeen behiki produkzio osoaren %0,6.

Hegazti haragiarentzat zergarik gabeko 180.000 tonako inportazio kuota aurreikusten du akordioak, EBko ekoizpenaren %1,3.

Mercosurreko azukrearentzat, etanolarentzat —kimika industriarako—, arrozarentzat, eztiarentzat ere zerga gabeko inportazio kuotak izango dira.

Era berean, nekazari europarren onespenaren bila, Bruselak joan den astean iragarri du zorroztu egingo dituela EBra sartzen diren elikagaien gaineko osasun ikuskapenak, eta batez ere indartu egin dituela Europan debekatutako pestizidak atzemateko kontrolak.

Zer dira babes klausulak?

Kuotez gain, alde biko babes klausulak deiturikoak izango dira. Haien arabera, Europako Batzordeak modu berezian erreparatuko dio merkatuari, inportazioen inpaktua neurtzeko. Herrialderen batek eskatuz gero, ikerketa ia berehala abian jarriko litzateke «nahikoa arrazoi izanez gero», eta «kasu larrietan» erabakiak bost eguneko epean hartu.

Bruselak ikerketa hasiko luke salgai baten inportazioek urtean %10eko hazkundearen langa gaindituko balute eta inportazio prezioa gutxienez %10 txikiagoa balitz produktuak EBn duen salneurria baino.

Hala ere, Europako Parlamentuak gaur bozkatu behar dituen neurriak zorrotzagoak dira —%5eko mugak eta elkarrekikotasuna EBko produkzio estandarrekiko—, joan den astean horrela lortu baitzen Estrasburgon gaur bozketa izatea.

Ikerketaren ostean babes neurriak ezartzea erabakitzen bada, gerta daiteke produktua muga zerga txikiagoen zerrendatik kentzea behin-behinean, edo harentzako muga zergetako lehentasuna murriztea oinarrizko mailaraino.

Behi bat Brasilgo ganadu feria batean. RICARDO RIMOLI / EFE
Behi bat Brasilgo ganadu feria batean. RICARDO RIMOLI / EFE

Herrialdeen jarrerak

Polonia, Irlanda, Hungaria, Herbehereak eta Austria akordioaren kontra daude, eta Belgika abstenitu egingo da. Frantzia eta Italia dira zalantza nagusiak. Frantzia beti agertu da akordioaren kontra, baina oraingoan Emmanuel Macron batez ere babes neurri zorrotzagoak eskatzen ari da. Edonola ere, babes klausulen erabakia atzerako eskatu du igandean.

Edonola ere, Frantziaren ezezko bat ez litzateke ituna blokatzeko nahikoa izango —gutxienez lau herrialde behar dira EBko biztanleriaren %35ekin—. Italia da giltzarria: herrialde hartan garrantzitsuak dira akordioaren kontrako ahotsak, baina EBko bigarren herrialdea da Mercosurrerako esportazioetan.

Frantziarentzat eta Italiarentzat, gainera, Donald Trumpen itzulerak nahaspilatutako egoera geopolitikoan, garrantzitsua izan daiteke EBk indarra hartzea Mercosurrekin ituna lortuta. Alderantzizkoa gertatuz gero, berriz, Europaren posizioa are gehiago ahulduko litzateke AEBen eta Txinaren aurrean.

Eta Euskal herrian?

Oro har, nekazari elkarteak itunaren kontra daude, batez ere abeltzainak, baldintza eskasagoetan ekoitzita Argentinatik eta Brasildik etor daitekeen behi haragiarekin kezkatuta. Aldiz, merkataritza ganberen ustez, ituna onuragarria izan daiteke, Brasilgo merkatu handirako sarbidea erraztuko dielako Europako industria salgaiei.

Zer gerta daiteke aste honetan?

Babes klausula deiturikoak izan dira arma nagusia oraingo honetan akordioa onetsiko dela ziurtatzeko. «EBko produktu sentikorrenak» babesteko neurri horiek ekintza juridiko berezi batean jaso dira, soilik Europako Parlamentuan eta Europar Kontseiluan eztabaidatzeko. Funtsean horrek erraztu egin beharko luke akordioaren onarpena, itunaren beraren onarpenetik bereizita, klausulak aparteko bide batean bozkatuko baitira.

Hain zuzen, gaur bozkatuko dira Europako Parlamentuan. Eskuin muturra eta ezkerra itunaren kontra eta, hortaz, klausulen kontra daude, eta beste taldeetan denerako jarrerak daude, batik bat herrialdeen jarrerak islatuz.

Klausulak onartzen badira, abenduaren 18ko Europar Kontseiluak testu bateratua onartu beharko luke, herrialdeek jada onartutako klausulekin, orain eskatu dituzten berriekin eta parlamentuak onartutako neurri zorrotzagoekin. Horrekin irabaziko lukete Brasilera joateko txartela, akordioa sinatzera joateko, Von der Leyenek eta Costak.

Faltako litzateke, hori bai, Europako Parlamentuak Itunari berari oniritzia ematea. Baina hori ez da gertatuko 2026. urte lehen hiruhilekora arte. Eta orduan ere gerta daiteke akordioa hankaz gora jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.