Astelehenean hasiko da errenta kanpaina Gipuzkoan

Ogasunak tramiteak sinplifikatu ditu zerga erreformaren kenkari eta hobari berriak txertatzeko.

Herritar batzuk Gipuzkoako Ogasunaren bulego batean, errenta aitorpena egiteko zain. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Herritar batzuk Gipuzkoako Ogasunaren bulego batean, errenta aitorpena egiteko zain. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 24a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jende ilara luzeak eta paper anabasa saihestu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errenta aitorpenaren autolikidazio proposamenak astelehenetik aurrera egongo dira ikusgai Ogasunaren webgunean, eta handik zuzenean onartu ahal izango dira. Horrez gain, hurrengo asteetan iritsiko dira etxeetara, ohiko bideetatik —telefono bidez edo bulegoetan ordua hartuta—, eta aldatu eta onartu ahal izango dira. Apirilaren 7tik aurrera egin ahal izango da hori. Errenta mekanizatuak egiteko epea apirilaren 13an hasiko da. Kanpaina uztailaren 2an amaituko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, errenta aitorpena aurkezteko prozesua erraztu egin du, iaz onartutako zerga erreforman jasotako neurriak aplikatu ahal izateko. Aldundiaren arabera, neurri horiek 330.000 zergaduni baino gehiagori eragingo die —zergadun guztien %80 inguru—, eta 105 milioi euroko kostua izango dute.

Berrikuntza nagusien artean, Ogasunak «ahalik eta gehien sinplifikatu» du aitorpena Zergabidea programan deskargatzeko mekanismoa: nahikoa izango da NIFa eta proposamenaren kodea sartzea, beharrezko aldaketak egitea eta, gero, Internet bidez aurkeztea. APP Errenta+ aplikazioa ere erabili ahal izango da horretarako eta beste zerbitzu batzuetarako.

Aldundiaren arabera, kanpaina aurrekoak baino konplexuagoa izango da, PFEZean kenkari ugari txertatu direlako, besteak beste alor hauetan: etxebizitza, zaintza, aurreikuspen soziala, kontziliazioa, trantsizio ekologikoa eta behar bereziak dituzten familien eta kolektiboen babesa.

Berrikuntzak

Zerga erreformaren ondoren, ez daude aitorpena egitera behartuta laneko errentak 20.000 eurotik beherakoak dituztenak. Halaber, 2024ra arte indarrean zegoen betebeharra ezabatu da: 14.000 eta 20.000 euro bitarteko lan errentak —bat edo gehiago— jasoz gero, errenta aitorpena aurkeztu behar izaten zen. Gainerako kasuetan, aitorpena egiteko betebeharrak orain arte bezala jarraitzen du indarrean.

PFEZean onartutako neurri nagusien artean, kontziliazioaren arloan, 12 urtetik beherako haurrak, desgaitasuna duten pertsonak edo mendekoak zaintzeko kenkari berria ezarri da, 250 eta 500 euro artekoa.

Halaber, 4 urtetik beherako haurrak zaintzeko jarduera eteten edo murrizten duten gizonezkoentzako kenkaria ezarri da, 200 euro urteko. Eta 3 urtetik beherako haurrak zaindu ondoren lan merkatura berriz sartzen diren emakumeei laguntzeko kenkaria ere ezarri da, 1.500 euro urteko jarduera etete bakoitzeko.

Etxebizitzaren arloan, alokairua sustatzeko neurriak indartu dira. Etxebizitza ohiko bizileku gisa erabiltzen denean, jabeek %30eko kenkaria jasoko dute, eta %70ekoa bitartekaritza publikoa denean edo etxebizitza eremu tentsionatuetan dagoenean.

Maizterrentzat, kenkaria %35era igoko da 36 urtetik beherakoentzat, familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat, genero indarkeriaren biktimentzat, eta mendekotasuna edo desgaitasuna dutenentzat. Etxebizitza erostean ere kolektibo horiek %23ko kenkaria izango dute, eta urteko gehieneko zenbatekoa 1.955 eurokoa izango da.

Pentsio publikoen osagarri gisa borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan aurrezkiak dituztenek %15 eta %25 arteko kenkariak izango dituzte, bai PFEZean, langilearen ekarpenetarako, bai sozietateen gaineko zergan, enpresen ekarpenetarako. 

Auto elektrifikatuak erosteko kenkariak ere ezarriko dira, %5 eta %10 artekoak, eta %15ekoak kargalekuak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!