Astore marka enkantera aterako da

Saltzeko geratzen den azken enpresa da Ternua Group taldekoen artean. Kaleratutako langileek jada jaso dituzte kalte ordainak.

Alvaro Untoria eta Oinatz Bengoetxea pilotariak, Astore arropa ekoizlearen egoitzan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Alvaro Untoria eta Oinatz Bengoetxea pilotariak, Astore arropa ekoizlearen egoitzan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 16a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astore besterik ez zen geratzen, eta jada badu salmentarako eguna. Arrasateko Ternua Group taldearena izan da enpresa hori, eta, talde horren barruko Loreak Mendian, Ternua eta Lorpen markek bezala, Astorek ere bakarrik egingo du bidea orain.

Taldearen administrazio konkurtsoa kudeatzen ari den kontu ikuskariak jakinarazi duenez, besteek ez bezala Astore marka enkantean aterako da eta datorren ostiralean egingo dute; erosteko interesa duten enpresek edo pertsona fisikoek eskaintzak aurkeztuko dituzte notario aurrean, baina espero izatekoa da behin betiko ebazpena hilaren amaiera arte ez plazaratzea. Zabaldutako informazioen arabera, «hiruzpalau» hautagai daude, «horietako batzuk Gipuzkoakoak».

Astore kirol arropen arloan erreferente izan da Euskal Herrian. Urte luzez, besteak beste, euskal selekzioko hainbat talde jantzi ditu, eta futbol talde ugari ere bai, tartean Reala, Osasuna eta Eibar. Pilota munduarekin ere lotura estua izan du.

Ternua Group taldearena zen Astore. Taldeak bere egoitza nagusia Arrasaten izan du beti. Ekainaren 13tik, borondatezko konkurtsoan zegoen. Astore zen, hain zuzen, taldearen marka zaharrena. 1988. urtean sortu zuen Arrasateko Uribesalgo familiak. Sei urte geroago ekin zioten mendiko arropa ekoizteari, Ternua markarekin. 2009an, Gipuzkoako beste familia batek —Lasa familiak— hartu zuen bi enpresa horien kontrola, eta 2014an sortu zuten Ternua Group, Lorpen mendiko galtzerdi teknikoen enpresa erostearekin batera. 2019an Loreak Mendiak kaleko modaren marka batu zuten taldera.  

Lehiari ezin aurre egin

Konkurtsora aurkeztu zutenean, Ternua Groupek 180 langile zituen, lau enpresetan banatuta. Taldeak jakinarazi duenez, salmenta operazio guztiak gauzatu ondoren ehun lanpostu ingururi eutsiko dio. Langile horiek administrazio, diseinu eta logistika lanak egiten zituzten, taldeak ez baitzituen produktuak Euskal Herrian ekoizten, Lorpen markako galtzerdiak salbu. Kaleratutako langileak erregulazio espediente batean daude, eta, taldeak berak jakinarazi duenez, dagoeneko jaso dituzte kalte ordainak —guztira, 2,5 milioi eurotik gora—, Fogasa soldatak bermatzeko funtsera jo beharrik izan gabe.

2025ean 28 milioi euroko fakturatu zituen konpainiak, baina, beste behin galerak izan, eta 25 milioi euroko zorra pilatua zuen. Pandemiaren ostean kontsumo ohiturak aldatu izanaren beste biktimetako bat izan da Ternua Group, taldeak berak iazko ekainean kaleratutako oharrean azaldu zuenez. Asko nabaritu du Internet bidezko erosketak ugaritu izanaren eragina, baita Txinako enpresa erraldoien eta haien produktu merkeena ere.

Ternua Groupek ekoizpen fabrika bakarra zuen, Etxalarren (Nafarroa), Lorpen markako galtzerdiak eta kamiseta termiko batzuk egiteko. Lantegi horrek irekita jarraituko du, Ternua taldeko eta Lorpeneko langile ohi batzuek enpresa erosi baitute, 400.000 euroren truke. Lantegia, makinak eta 25 langileren subrogazioa hartu dute beren gain.

Taldeko beste bi markek antzeko bidea hartu dute. Loreak Mendian langile talde baten esku geratuko da —markaren sortzaile ohiak tartean—. Denera 800.000 euro ordainduko dituzte, eta akordioak hemezortzi langileren subrogazioa jasotzen du. Ternua, berriz, Dikar kooperatibak erosi du, 1,5 milioi euroren truke. Kooperatiba hori Mondragon taldekoa da, eta 50 lanposturi eutsiko dio. Astore izango da saltzen azkena, eta enkante bidez egingo dute hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.