Ternua Groupen lau marketatik hiruk dagoeneko bermatua dute jarraitzea. Lehenengoa Loreak Mendian izan zen, Ternuak jarraitu zion ondoren, eta Lorpenek bide bera hartu du —Astore marka geratzen da—. Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak enpresaren salmenta baimendu du. Kasu honetan lantaldeko kide batzuek hartuko dute, eta Artain25 enpresa sortu zuten horretarako. Lorpenek mendiko galtzerdiak eta elastiko eta galtza termikoak ekoizten ditu.
Enpresaren truke 400.000 euro ordainduko dituzte: haien esku geratuko dira Etxalarko (Nafarroa) lantegia —Ternua Groupek Euskal Herrian zuen bakarra— eta han dauden makinak; horrekin batera, harenak izango dira aktibo ukiezinak: markak, patenteak, softwarea eta lorpen.com webgunea. Gainera, salerosketa akordioan 28 langileren subrogazioa jaso dute, haien baldintzak, soldatak eta antzinatasunak osorik gordetzeko betebeharrarekin. Gainerakoekin zer gertatuko den ez dute argitu. Etxalarko plantan 50 langile daude gaur egun.
Lorpen 1985ean sortu zuten, Etxalarren, eta 2014an batu zen Ternua Groupera. Urtean milioi bat galtzerdi pare eta 100.000 jantzi termiko ekoizteko ahalmena dauka.
Ikusi gehiago
Artain25ek abuztuan eman zuen izena Nafarroako Merkataritza Erregistroan. Haren buruan azaltzen dira David Uria Ternua Groupen industria zuzendaria, Gerardo Ameztoi taldeko kontseilari ohia eta Josune Cordoba administrazioko kidea. Sortze agirian aipatzen denez, enpresaren helburua ekoizpenari eustea da, ez enpresaren likidazioa.
Eta epaitegiak horixe bera nabarmendu du bere autoan. Alegia, Artain25 batez ere Lorpeneko langile ohiek osatzen dutela eta SM lan sozietate mugatu moduan erregistratu dutela. Gogoratu du horrek lehentasuna ematen diola lehiaketa prozesuetan, enplegua eta jarduera ekonomikoa bermatzen baditu.
«Bide eredugarria», epailearentzat
Epaileak, halaber, enpresak dituen zorrak eta kargak bertan behera utzi ditu, eta notarioaren aurreko formalizazioa hamabost eguneko epean egitea agindu du.
Operazioaren aurka zorraren hartzekodun batzuk agertu ziren —Santander, BBVA eta Nafarroako Rural Kutxa bankuak, eta Luzaro mailegu erakundea—. Argudiatu zuten salmentaren prezioa txikiegia zela eta prozesua ez zela behar besteko gardentasunarekin egiten ari. Epaitegiak ez ditu helegite horiek onartu. Azaldu du Artain25en proposamena «bideragarria eta konprometitua» dela, eta «merkatuko balio errealera» egokitzen dela.
Horren harira, nabarmendu du salmentak enpresaren masa aktiboaren balioa handitzen duela, 640.000 eurotik gorako kalte ordainak saihesten dituela eta markaren jarraipena bermatzen duela. Epaitegiaren hitzetan, kasu hau «enpresa jarduerari eusteko adibide sozial eta ekonomiko eredugarri bat da», eta industriaren deslokalizazio prozesuei aurre egiteko «bide posible eta ausart bat» erakusten du.
Egoera argitzen
Lorpenen salmenta Ternua Groupen berrantolaketa prozesuaren azken urratsa da. Taldeak, 16 milioi euroko zorra dauka, eta ekainean borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Salaverria y Uzkudun (Mazarredo Auditores) kontu ikuskaria kudeatzen ari da administrazio konkurtsoa; haren helburua da taldeko enpresak bideragarri egitea industria jarduerari eta enpleguari eusteko.
Loreak Mendian marka saldu zuten lehenik: Borobitex Irungo (Gipuzkoa) enpresak erosi zuen irailean, 800.000 euroren truke. Modako arropa marka horrek dituen 18 langileak mantenduko ditu. Borobitexeko bazkideen artean daude Victor Serna (Loreak Mendian markaren sortzaileetako bat), Raquel Egia eta Joseba Agirreurreta Ternuako arduradun ohietako bat.
Ternua marka, berriz, Mondragon Taldeko Dikar kooperatibak erosi du, 1,5 milioi euro ordainduta, eta mendiko jantzietako enpresako 56 langileen kontratuak bere gain hartu ditu, baina negoziazioetan ari dira, lantaldean zenbat langile geratuko diren zehazteko.
Enpresa bakarra geratzen da oraindik konkurtsoaren barruan: Astore kirol jantzietako marka.