Atzeraldian sakontzen ari da Nafarroako ekonomia

Apiriletik ekainera %0,5 jaitsi zen barne produktu gordina, sektore guztiek behera egin ondoren

Ivan Santamaria.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Hobera egiteko itxurarik gabe, atzeraldian sakondu zuen Nafarroako ekonomiak urteko bigarren hiruhilekoan. Apiriletik ekainera %0,5 jaitsi zen barne produktu gordina, Nafarroako Estatistika Erakundeak atzo aurreratu zuen datuaren arabera. Urte arteko tasan, berriz, Nafarroak %1,4 egin zuen atzera. 2012.urte osoan %1,2 jaitsiko dela kalkulatu du Yolanda Barcinaren gobernuak, eta horri eusten dio,oraingoz.

Abuztuaren 28a arte ez dira jakingo kontu ekonomikoen xehetasunak. Haatik, estatistika erakundeak eta Ekonomia Sailak jakinarazi dituzten informazioek giro oso iluna irudikatzen dute. Industriaren ekarpenak atzera egin du, zerbitzuen bultzada moteldu da, eta eraikuntzaren hondoratzeak ez du etenik. Eskaeraren alorrean, berriz, inbertsioen eta kontsumoaren jaitsierak jarraitzen du, eta esportazioen aldeko ekarpena —aurrekoetan baino txikiagoa —ez da aski egoerari buelta emateko.

Bederatzi hilabete egin ditu Nafarroak atzeraldian. Datuak espero zutena islatu duela onartu zuen Lourdes Goikoetxeapresidenteorde eta Ekonomiakontseilariak. «BPGa gutxiago jaitsiko da hiruhileko batetik bestera, baina gehiago urte arteko tasan». Egoera ez dela laster aldatuko onartu zuen, era berean.«Emaitza hauetatik haratago, zalantza handiko egoera da, eta susperraldia mehatxatzen duten arrisku nabarmenak daude».

Krisiak sektore guztietan du eragina, eta barne eskaera oso ahula da. Goikoetxearen ustez, bistan da murrizketek eragina izaten ari direla, baina aurrekontuak orekatzeko lehentasun hori «beharrezkoa» dela uste du. Berriro ere krisiaren joanean Nafarroa beste toki batzuetan baino hobeto eutsi duela aldarrikatu zuen berriro, gero eta indar gutxiago duen argudioa, hala ere. Nafarroako ekonomiaren maila 2007. urteko azken txanpanzuenaren pare dago gaur egun.

Atsedena burtsan

Bestalde, Espainiako Estatistika erakundeak, INEk, estatuko barne produktu gordina %0,4 jaitsi zela berretsi zuen atzo, Espainiako Bankuak orain dela egun batzuk aurreratu zuen modura. Urte arteko tasan %1 egin zuen atzera Espainiako ekonomiak apiriletik ekainera.

Iragarrita zegoenez, jakinarazpenak ez zuen inolako ondoriorik izan merkatuetan. Aldiz, IBEX-35 indizearen gorakadak jarraitu zuen hirugarren egunez, joan den ostegunean Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buruak euroa salbatzeko «edozer» egingo zutela ziurtatu zuenetik. Atzo kotizazioak %2,78 egin zuen gora, eta azken hiru saioetan %13,2 handitu da, EBZk heldu den ostegunean duen bilera garrantzitsuaren esperoan.

Zor publikoaren merkatuetan ere atsedenak bere horretan jarraitu zuen atzo.Espainiaren arrisku sariak 524 oinarrizko puntutan itxi zuen eguna, orain dela astebete baino 108 puntu gutxiagoan. Hamar urterako bonuen truke ematen den interesa %6,6 izan zen, goizean burtsa ireki zenean baino 0,2 puntu gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.