Merkatuek Espainia zigortzen jarraitzen dute. Defizit publikoa Europak eskatzen dion bezainbeste ez murrizteagatik zigortu dute azken asteotan, eta berriro zigortu dute orain, Europak jarri dion muga berria kosta ahala kosta ziurtatzea beste helburu ez duten aurrekontuak aurkeztu dituenean. Kontu horiekin hazkundea uxatu egiten dela eta Espainiak atzeraldian sakonduko duela iritzi diote inbertsiogileek, eta defizitaren murrizketaren eta hazkundea bultzatzearen arteko oreka ez aurkitzea aurpegiratu diote. Ondorioz, Espainiaren arrisku saria 26 puntuz igo zen atzo eta aurtengo maila handienera igo da, 390 puntura: Alemaniaren hamar urteko bonuak %1,788ko interesa ematen du eta %5,692koa Espainiarenak. Italiarena ere igo da, baina gutxiago.
Igoera horretan zerikusi zuzena izan zuen Espainiaren zor publikoaren azken jaulkipenak ere. Hainbat hilabetez aritu da Espainiako Altxorra espero zuena baino bonu gehiago saltzen, inbertsiogileen aldetik jarrera ona ikusten zuelako. Horri esker, jada bildu du urte osorako behar zuen zorraren herena. Baina atzo kontrakoa gertatu zen. Aurreko enkantean baino interes gehiago pagatu beharrean aritu zen, eta azkenean 2.589 milioi saldu zituen, espero zuenaren beheko muga. Eskaria ere gutxitu da: duela hilabete eskainitakoaren halako bost eskatu zioten, eta 2,4 aldiz atzo. Jaitsiera horretan zerikusia du Europako Banku Zentralak egindako bi likidezia enkanteen eragina agortu dela. Espainiako bankuek batez ere diru merkea baliatu dute zor publikoa barra-barra erosteko.
Mario Draghi EBZko presidentearen hitzek ere ez diote lagundu Espainiari. Bere iritziz, merkatuak erakusten ari dira Espainiak erreforma gehiago egin behar dituela. EBZk interes tasak %1ean utzi ditu eta ez du igotzeko edo jaisteko imintziorik egin, baina Draghik iradoki du eztabaida pizten ari dela. Bundesbank presio egiten ari zaio Draghiri interesak igo ditzan eta bankuei laguntzeko indarrean jarritako ezohiko neurriak bertan behera utz ditzan. «Goizegi da», erantzun dio.
Aurrekontu gogorrek Espainiari buruzko kezka piztu dute merkatuetan
Kontuek hazkundeari leku gutxi uzteak eta zor jaulkipen eskas batek 2012ko gorenean utzi dute arrisku saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu