Aurrekontu murriztaileak eragingo ditu zerga bilketaren ahuldadeak

EAEko administrazioek aurreikusi baino 665 milioi gutxiago bilduko dira aurten, eta 2012an diru gutxiago izango dute eskuraJaurlaritzaren zorrari kalifikazioa jaitsi dio Fitchek, kontuen oreka falta argudiatuta

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Datozen urteko aurrekontuak diru gutxiagorekin diseinatu beharko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoek. Espero zen bezala, aurtengo zerga bilketa kalkulatu zen kopuru eskuzabaletik urrun geratuko da, eta, hazkundea espero bada ere, 2012. urtekoa 2006. urtean lortu zenaren azpitik geratuko da. Bilketa urriaren iragarpenak bat egin du denboran fiskalitatea egokitu eta diru baliabide gehiago lortzeko zerga batzuk igotzeari buruzko eztabaidarekin.

Finantzen Euskal Kontseilua datorren astean bilduko da 2011. urteko zerga bilketaren itxiera eta 2012. urteko aurreikuspena hitzartzeko, baina datu esanguratsuenak atzo aurreratu zituen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, hitzaldi batean. «Krisian jarraitzen dugu, eta, zintzo izanda, uste dut arazo larriak izango ditugula bolada luze baterako», ohartarazi zuen.

Zerga bidez 12.500 milioi euro lortzea zen 2011. urterako helburua, aurreko urterako espero zen itxiera baino 700 milioi gehiago. Finantzen kontseiluan adosten den kopuruak garrantzi handia du, horren arabera diseinatzen direlako hurrengo urteko aurrekontuak. Azkenean, espero baino 665 milioi euro gutxiago bilduko dira aurten, Bilbaok emandako datuen arabera.

Gutxi gorabehera, administrazio guztiek hartu dituzte dagoeneko gerrikoa estutzeko neurriak, diru baliabideen jaitsierari aurre egiteko. Orain arte 300 milioi baino gehiago aurreztu dituela ziurtatu du Jaurlaritzak. Ehun milioi euroko zuloa estaltzeko inbertsioak atzeratzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta antzera jokatu du Arabak 40 milioiko desoreka gainditzeko. Bi aldundi horiek ere kritikatu dute iaz egindako kalkuluak baikorregiak zirela, eta Jaurlaritzak hala izateko presio egin zuela ziurtatu dute.

2012. urterako aurreikuspenak ere ez dira onak. «Ez gara baikorrak, errealistak baizik», nabarmendu zuen Bilbaok. Bilketak gora egingo du, baina aurtengo aurrekontuak egiteko erabili zen diru kopuruaren azpitik egongo da. Guztira, 12.182 milioi izango dira. Horrek esan nahi du, hasteko, 318 milioi gutxiagorekin prestatu beharko dituztela kontuak administrazioek, gehiago zorpetzeko aukera ia erabat mugatuta geratu den garai hauetan.

Diru baliabideak 2006. urtean zituztenen azpitik geratuko dira 2012an. Gainera, kalkuluetatik aparte dago ogasunen gainetik zintzilik jarraitzen duen ezpata: Espainiako ogasunari Rover auzia dela-eta 435 milioi itzuli behar dizkiotela dioen epaia.

Erreformarako prest

«Egoera ezkor honekin logikoa da administrazio publikoetan kontuak orekatzeko dauden tentsioak geroz eta handiagoak izatea», Bilbaoren aburuz. Presio horrek behartuta arduradun politiko batzuek eztabaida fiskala ireki nahi izatea kritikatu zuen. «Orain oilategi zarata gehiegi dago gutxieneko seriotasun eta zorroztasun batekin egoera fiskala aztertzeko».

Hori bai, zenbait proposamen atera zituen plazara. Iruzur fiskalari jazartzeko eta kapital errentak gehiago zorpetzeko neurriak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari. Aldi berean, jakinarazi zuen beste aldundiekin batera lanean hasi direla 2012. urtean zerga erreforma bat hitzartzeko. Besteak beste, zahartzeari eta mendekotasunari dagozkion gastuei aurre egiteko PFEZean gainordain bat ezartzeko aukera aztertzea nahi du Bizkaiak.

Fitchen kalifikazio jaitsiera

Aurrekontuak orekatzeko ezintasuna argudiatu zuen Fitch rating agentziak Eusko Jaurlaritzaren zorrak duen kalifikazio maila bat jaisteko. Erabakiaren aurretik, AA+ zen luzerako zorra, eta AA bihurtu da orain, aurreikuspen negatiboarekin. Jaurlaritzaren ustez, Fitch agentziaren erabakiak argi uzten du zerga bilketa handitu behar dela. «Ez da soilik gastua doitu behar, diru sarrerak handitu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.