Merkataritza sektorearen egoera «kezkagarria» da. Euskomer patronalaren arabera, joan den urtean 849 saltoki itxi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horrek merkatari txikien artean 1.314 enplegu galtzea ekarri zuen. Datu «kaskarrak» dira, Pedro Campo merkatarien konfederazioko presidentearen esanetan, eta okerrera egiten jarraituko dute, gainera. «Urte honetarako itxiera asko aurrikusten ditugu». Sektorea ahultzen ari den adierazle gisa jo du joan den urtean 2011n baino 120 milioi euro gutxiago fakturatu izana. Hau da, %5,2ko jaitsiera izan dute merkatariek. Krisiak zuzenean kolpatu du sektorea, eta, bereziki, saltzaile txikiak: 2009 urtetik %15,3 jaitsi zaizkie salmentak.
Urtea zenbaki txar horiekin amaitu izana Espainiako Gobernuak hartutako zenbait erabakiren ondoriotzat jo Campok. BEZaren iraileko igoerak eta langile publiko gehienei abenduko lansari gehigarria kentzeak, esaterako, eragin «ezin txarragoak» izan ditu merkataritzan. Horiez gain, Madrilek bultzatutako ordutegien liberalizatzeak ere «ez du ezertan lagundu». Izan ere, kontsumorik egon ezean ordutegiak jaiegunetara ere zabaltzea lekuz kanpokoa dela esan du patronaleko buruak. «Begiratu besterik ez dago Madrileko adibidea: erabateko askatasuna daukate, eta, era berean, Espainian saltoki gehien itxi den erkidegoa da». Ordutegien liberalizazioak, bestalde, merkealdi arautuak kendu zituen, eta horrek merkataritzari ere min eman diola uste du Campok. «Merkealdiek ere ez dute lagundu urtea txukuntzen».
Negoziazio kolektiboa
Egoera hori denboran gehiago ez luzatzeko, eskaerak egin ditu patronalak. Sektoreak gaur egun finantzaketa lortzeko dauka oztoporik handiena, eta laguntza eskatu du. Horrez gain, merkataritzak hobetzen jarraitzeko hainbat proposamen egin ditu: merkataritza dinamizatzeko bulego bat sortzea, berrikuntza sustatzea, ekintzaileei laguntzeko programak babestea eta negozioen transmisioan sakontzea. «Merkataritza astinduak jasotzen lehenengoa izan ohi da», Camporen esanetan. Baina barne produktu gordinaren %13 euren esku egonda babestu beharreko sektorea dela uste du.
Patronalak ere ez du ahaztu nahi izan negoziazio kolektiboak egun duen egoera. «Sektoreko hitzarmenen alde egiten dugu guk», esan du Campok. Izan ere, adierazi du merkatariek enpresako hitzarmenak lortzeko zailtasunak izango dituztela. Une honetan sektoreko hitzarmena negoziatzen ari dira Gipuzkoan, uztailaren 7an hitzarmen horiek indarrik gabe geratuko baitira akordiorik lortu ezean.
Negoziazio horiei begira, dei zuzena egin die sindikatuei Euskomerreko presidenteak: «Errealistak izan beharra daukate, gure baitan dauden saltokiek lau eta sei langile artean baitauzkate». Horregatik, sektoreko hitzarmena adosteko garaian, legea esku artean daukatela lan egingo dutela gogorarazi du. «Ezin gara gelditu joan den mendeko hitzarmenetan sustraituta».
Aurten denda asko itxiko direla espero du Euskomer patronalak
Finantzatzeko baliabideak eta erakundeen laguntza eskatu du patronalak, sektorearen egoerak okerrera egin ez dezan2012an, 849 denda itxi ziren, eta merkatari txikien artean 1.314 lanpostu galdu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu