Aurten ere berdelaren kostera gaizki doa amuko arrantzaleentzat

Dagokienaren %13 soilik arrantzatu ahal izan dute, eta ontzi horiek berdelaren menpekotasun handia dute. Antxoaren kostera hobetuz doa arrantzaleentzat: heren bat arrantzatu dute, eta iaz baino gehiago ordaindu diete.

Jaurlaritzako eta kofradietako arduradunak, antxoa kutxa bat erakusten, gaur, Getarian. JUAN HERRERO / EFE
Jaurlaritzako eta kofradietako arduradunak, antxoa kutxa bat erakusten, gaur, Getarian. JUAN HERRERO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 2a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Antxoaren eta berdelaren arrantzaldia hasi eta bi hilabetera, balantzea egin du Eusko Jaurlaritzak, ohi duen moduan. Eta azken urteetan ohikoa den moduan, balantzea gazi-gozoa da: txukun doa antxoarena, eta kaskar, berriz, berdelarena. Jaurlaritza berdelaren kosterarekin oso kezkatuta azaldu da azken urteetan, dela berdela agertzen ez delako, dela prezio apalegia duelako, edo dela, aurten bezala, amuarekin aritzen diren ontziak ezin harrapatu dabiltzalako.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordea Getarian (Gipuzkoa) izan da gaur goizean, Antxoaren Egunaren XII. aldiaren aurkezpenean, eta ekitaldia baliatu du kosteraren orain arteko balantzea egiteko. Haren alboan ziren Norberto Emazabel Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea eta sektoreko beste ordezkari batzuk.

Bi datu handi eman ditu: berdelaren kuotaren %73 arrantzatu dute dagoeneko Espainiako bandera duten ontzietako arrantzaleek, eta antxoaren %30. Kopuru horiek bi balorazio nagusi egiteko balio izan diote Azkueri: berdelaren arrantzaldia «txarra» dela, eta antxoarena, berriz, «positiboagoa».

Berdelari dagokionez, amuarekin arrantzatzen dutenek dute arazoa, batez ere. Itsasontzi txikiak izan ohi dira, Bizkaian daude gehienak, eta berdela izaten da haien urteko harrapaketen erdia edo gehiago. Bada, arrantzaldia desastre hutsa izan da orain arte haientzat: 537.649 kilo arrantzatu dituzte, kuotaren %14 bakarrik, eta iaz arrantzatutakoaren erdia.

Gauzak hobeto doazkie beste arrantza motetan aritzen direnei. Inguraketan ari direnak eta Ondarroako arraste ontziak kuotek ezarritako kopuruetara iristeko bidean dira (3.227 eta 492 tona, hurrenez hurren). 

Berdelak ez du arrakasta handirik Euskal Herriko arrandegietan, baina, hala ere, haren prezioak gora egin du aurten: iaz batez beste 1,34 euroan saldu zuten lonjan, baina 2,1 eurora iritsi da aurten.

Berdela Euskal Herriko kostaldean azaldu da aurten, eta, horren ondorioz, bertako ontziak ez ezik kanpoko batzuk ere erabili dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako portuek deskargarako. Zehazki, 9.230 tona lehorreratu dituzte, eta horietatik 5.739 tona egin dituzte bertakoek, iazkoaren pare.

Antxoaren sistema berria

Antxoaren arrantzaldiak banaketa sistema berria du. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek urteak zeramatzaten ontzien araberako kuotak eskatzen, bakoitzak nahierara kudeatzeko, eta aurten azkenean lortu dute eskatutakoa. Hala, arrantza olinpikoa deitutakoa egin dadin eragotzi nahi dute, hau da, ontzi bakoitzak ahalik eta denborarik laburrenean ahalik eta harrapaketa handiena egiteko joera. Sistema horrek ekarri ohi zuen batzuetan antxoa sobera deskargatzea portuetan eta, hortaz, haren prezioa apaltzea.

Leandro Azkue
Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza sailburuordea eta Ixone Soroa Arrantza zuzendaria, gaur, Getarian. IREKIA

Sistema berriak eragina izan du prezioetan, kontsumitzaileen kalterako eta arrantzaleen onerako: kiloa 2,27 euroan ordaindu diete aurten, iazko prezioaren oso gainetik —1,51 euroan saldu zen orduan—. Prezioa handitzearen beste arrazoi bat zera da, antxoa handia sartu izana, eta kontserba industriak nahiago izatea hori.

Hori bai, aurten iaz baino askoz antxoa gutxiago deskargatu dute euskal portuetan. Iaz, garai honetarako, 8.156 tona lehorreratuak zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, eta aurten 3.074 tona izan dira. Azalpena? Antxoa batez ere Bizkaia eta Kantabria artean azaldu da, eta, beraz, itsasontzi askok Santoñan eta Kantabriako beste portuetan deskargatu dute.

Hori bai, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek iaz baino pixka bat gehiago arrantzatu dute dagoeneko, eta betea dute kuotaren %36.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.