Auto elektrikoetan, aseguruak ere garesti

OCUk egindako ikerketa baten arabera, auto elektrikoen aseguruak gasolinazkoenak baino %17 garestiagoak dira. Hibridoen aseguruak ere %15 garestiagoak dira.

AUTO ELEKTRIKOAK
Bi ibilgailu elektriko, Bilboko kargaleku batean. LUIS TEJIDO / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko otsailaren 28a
05:10
Entzun

Gutxiago kutsatze aldera, jendea bere ohiturak aldatzen hasi da: autoa gutxiago hartzea, uraren eta elektrizitatearen erabilera murriztea, energia berriztagarriak erabiltzea eta auto elektrikoa edo hibridoa erostea, besteak beste. Iaz Hego Euskal Herrian matrikulatu ziren autoen %7,4 elektrikoak izan ziren; pixkana, baina gero eta gehiago saltzen dira. Dena den, Europako beste herrialde batzuekin alderatuz datu hori oso txikia da: Norvegian aurreko urtean saldutako ibilgailuen %82,4 elektrikoak izan ziren, eta Islandian %50,1, besteak beste. Aldiz, Hego Euskal Herriko elektrikoen matrikulazio tasa handiagoa da Greziakoa edo Italiakoa baino.

Hiru arrazoi nagusi daude ibilgailu elektrikoak gutxi saltzeko, OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen arabera: kargagailu publiko gutxi daudela eta dauden horiek hobekuntzak behar dituztela; biztanle gehienek ez dutela garajerik etxeko kargalekua instalatzeko; eta argindarra zein ibilgailu elektrikoak garestiak direla. Ibilgailu elektrikoak gasolinakoak edo dieselekoak baino garestiagoak dira. Eta, aseguruekin ere berdin gertatzen da?

OCUk egindako ikerketa baten arabera, auto elektrikoak aseguratzea %17 garestiagoa da, eta, frankiziarekin hartuz gero, aldea %15 da. Hibridoenak ere garestiagoak dira. Frankiziarik gabe hartuz gero, %15 garestiago dira gasolina autoenak baino; frankiziarekin, aldiz, %11. Ikerketan auto elektriko bati, hibrido bati eta gasolinako bati asegurua egiteko aurrekontuak eskatu dituzte 23 aseguru etxeetan.

Beste herrialde batzuetan ere elektrikoen aseguruak garestiagoak dira. Erresuma Batuan, esaterako, auto elektrikoen aseguruak %50 igo dira. Bertako aseguru etxeen arabera, auto elektrikoak konpontzea errekuntza motordunak baino %35 garestiagoa da, konponketen kostu handiengatik, mantentze lanetan trebatutako mekanikarien urritasunagatik eta ibilgailuek tailerrean egindako denboragatik.

«Europako merkatuan sartu diren marka berrien piezen kostua handiagoa da tradizionalki Europako merkatuan saldu diren etxeena baino».

ASIER MIGUEL Lagun Aro Automobil Aseguruen Arduraduna

Diesel eta gasolina autoen aseguruen arten, aldiz, ez dago diferentzia handirik, baina orokorrean diesel autoak garestiagoak dira. Diesel autoak bidaia luzeak egiteko hobeak dira, gutxiago kontsumitzen dutelako. Horrek, ezbehar gehiago izateko probabilitatea handitzen du, eta horregatik dira garestiagoak. Ibilgailu elektrikoen aseguruak diesel autoenen antzekoak izaten dira, baina sari batzuek garestitu egiten dituzte.

Ibilgailu elektrikoen piezak «garestiagoak dira errekuntza motordunenak baino», dio Lagun Aro Automobil Aseguruen arduradun Asier Miguelek. «Europako merkatuan sartu diren marka berrien piezen kostua handiagoa da tradizionalki Europako merkatuan saldu diren etxeetakoena baino». Haren iritziz, ibilgailu elektrikoen bateriaen ezaugarrietako bat da haien salneurri garestia.

Bat dator EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako Leire Alberdi. Harentzat, konponketen kostua ere «faktore erabakigarria da justifikatzeko auto elektrikoen aseguruek hibridoekiko eta, are gehiago, errekuntzakoekiko duten gainprezioa».

Aldiz, AUVE Auto elektrikoen erabiltzaileen Espainiako elkarteko Mikel Agirregabiriaren ustez, ibilgailu elektrikoen aseguruak ez dira garestiagoak, eta berak hibrido batetik elektrikora aldatu zenean asegurua «gutxiago» kostatu zitzaiola azaldu du. 

Hala ere, Agirregabiriak onartu du elektrikoen etxe batzuetan arazoak izan direla, baina «ez bateriarekin, ezta motorrarekin ere». Horiek izaten baitira elektrikoei aldatu behar zaizkien pieza garestienak, eta aseguruen primak igotzen dituztenak. «Elektrikoak bideragarriagoak dira, eta matxura gutxiago dituzte. Garatutako merkatuetan hala egiaztatu da», azaldu du Agirregabiriak.

« [Konponketen kostua] Faktore erabakigarria da justifikatzeko auto elektrikoen aseguruek hibridoekiko eta, are gehiago, errekuntzakoekiko duten gainprezioa».

LEIRE ALBERDI Euskal Kontsumitzaileen Antolaketako kidea

Hibridoen aseguruak garestiagoak izatea «zentzuzkoa» iruditzen zaio Agirregabiriari, bi motor edukitzean matxurak izateko «bi iturri» dauzkatelako, eta horregatik ez ditu gomendatzen.

Auto elektrikoen aseguruak garestiagoak direla esatea «gezurra» dela uste du, eta ibilgailu elektrikoen inguruan dagoen «intoxikazio ugarietako bat» dela esan du. Ez du uste intoxikazio hori aseguru etxeena denik, ibilgailuen ohiko marketatik datozela dio, ezin baitute elektrikoetarako aldaketa «saihetsezinari» aurka egin.

OCUrentzat ere auto elektrikoak dira «etorkizuna», eta, horregatik, elektrikoen erabiltzaileentzat «azpiegitura egokiak garatzea» eskatzen dute «benetako alternatiba bat» izan daitezen.

Miguelek argitu duenez, geroz eta sentsibilitate handiagoa dago jasangarritasunarekin, eta, horregatik, auto elektrikoen eta hibridoen aseguruekin deskontu txiki bat —%5 ingurukoa— eskaini ohi zaie bezeroei. Hala ere, beste aldagai batzuek ere sarien kostua areagotzen dutela gehitu du, ibilgailuek duten «balio altua edo potentzia handia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.