Pekingo kanpoaldeko nabe industrial erraldoi batean, dozenaka robot artikulatu dantzan ari dira sinkronizatuta, auto elektrikoen karrozeriak soldatu, pintatu eta muntatzen dituzten bitartean. Bisitari batzuk begira ari dira, liluratuta, kristalezko pasarela batetik: ez dira ez ingeniariak eta ez inbertitzaileak, turistak baizik. Teknologia arloko parke tematiko bat balitz bezala, ibilgailu elektrikoak egiteko Xiaomiren fabrikara ehunka lagun joaten dira astero, gertutik ikusi nahian nola egiten dituzten autoak, aste gutxiren buruan herrialde osoko kontzesionarioetan salgai jarri aurretik.
Txinan, auto elektrikoen fabrikak erakargarri ekonomiko eta turistiko bihurtu dira. Nio, BYD eta Xiaomi etxeek eta beste zenbait markak publikoari zabaldu dizkiote beren produkzio lantegiak, eta, hala, ikuskizun bilakatu dituzte robotizazioa eta berrikuntza industriala. Bisita horien arrakastak agerian utzi du marketin industrialaren beste forma bat, eta sendotu egin du Txina teknologikoaren irudia, erakusten baitu herrialdea gai dela ibilgailu elektrikoen iraultzaren buru izateko eta uste osoa duela horretan.

Instalazioetan, efektua ikusgarria da: ez bakarrik roboten koreografia mekanikoa, baizik baita orain hori zuzenean ikusi nahi duen jende kopurua ere. Datuak oso deigarriak dira: Niok 130.000 bisitari baino gehiago hartu zituen 2024an, eta datu horrek argi erakusten du nola auto elektrikoen industria produktu turistiko ere bihurtu den; Xiaomiren Pekingo fabrikan, berriz, ikusita zenbat bisita izan dituzten, enpresak erabaki du zozketatu egingo dituela sarrerak, egunean milaka eskaera jaso baitituzte behin baino gehiagotan.
Boom hori ez da anekdota hutsa: agentzia ofizial batzuek nabarmendu dute Txinak irabazi iturritzat daukala turismo industrialaren sustapena, eta, besteak beste, teknologia erakusketak antolatzen dituztela, ibilbide gidatuak, oroigarri dendak eta beso robotikoekin argazkiak eta selfieak ateratzeko propio prestatuko tokiak. Nioren Hefeiko lantegian eta Xiaomiren Pekingo fabrikan, esaterako, ekoizpen linea automatizatuak bete-beteko zentro turistiko bihurtu dira, zirkuituak diseinatu baitituzte bisitariak, begiratzeaz gainera, aukera izan dezan parte hartzeko eta markaren esperientzia bizitzeko ere.
Bisiten arrakastak sendotu egin du Txina teknologikoaren irudia, erakusten baitu herrialdea gai dela ibilgailu elektrikoen iraultzaren buru izateko
Batez ere sare sozialei esker zabaldu da fabrikak bisitatzeko moda: factory tours, industrial tourism, super factory visits eta beste traol batzuk biral bilakatu dira, eta gazteek eta influencer-ek bideoz bete dituzte plataformak: pasareletatik grabatuak dira, edo robotak erakusten dituzte lanean, lehen planoan. Itxaron-zerrendak ezin luzeagoak dira: «Dozenaka mila pertsona azaltzen dira ateak irekitzeko egunetan. Urte erdiz zain egon ondoren eta hamar alditan baino gehiagotan aurkeztu eta gero, azkenean aukeratu naute», azaldu du Txinako Rednote plataformaren erabiltzaile batek. Horrek argi erakusten du industriaren making-of-ak liluratuta dauzkala txinatar gazteak ere.
Gainera, fenomeno horren harira, kontsumitzaile txinatarrak aldatzen ari dira manufaktura sarearekin erlazionatzeko duten modua. Bisitek zuzeneko marketina egiteko tresna gisa funtzionatzen dute: bezeroak balio katean sartzen dituzte, markarekiko fideltasuna indartzen dute, eta interesa sorrarazten diete gaztetatik, umeentzako esperientziak ere antolatzen baitituzte. Niok eta beste enpresa batzuek sari gisa erabiltzen dute bisita, konpainiaren aplikazioaren erabiltzaile aktiboentzako sari gisa; Xiaomik, berriz, loteria bat antolatu behar izan du, eskaintza baino askoz handiagoa baitzen eskaria.

Fenomeno horrek ez dio fabrikari bakarrik eragiten ekonomikoki: lantegitik kanpo ere badu eraginik. Batetik, bisitek berehalako eta zuzeneko irabaziak ematen dituzte —sarreren, merchandising denden, food truck-en eta tokiko turismo zerbitzuen bidez—, eta aukerak sortzen dizkiete enpresa osagarri batzuei —bidaia, sukaldaritza eta garraio agentziei—, tokiko ekonomien pizgarri.
Bestetik, luzeagora begira, jendeak fabrika ezagutzea tresna boteretsua da marketinerako eta fidelizaziorako: horri esker, markek jendaurrean erakuts dezakete nolako gaitasun teknologikoa duten, bezeroak enbaxadore bihur ditzakete, eta ibilgailu elektrikoen salmenta azkartu dezakete, kalitatean eta berrikuntzan konfiantza izatera bultzatzen baitute jendea. Inbertitzaileentzat, esperientzia horiek antolatzea seinale ona izan daiteke, horrek erakusten baitu enpresak heldutasun industriala eta gora egiteko gaitasuna duela, eta bi elementu horiek bide ematen diete proiektu eta finantzaketa lerro berriei.
Nolanahi ere, ekoizpena ikuskizun bihurtzeak egiazko arrisku batzuk ere ezkutatzen ditu: arazoak sor ditzake industriaren segurtasunean, jabetza intelektualaren babesean eta datuen kudeaketan, eta laneko tentsioak zuritzea ere ekar dezake, baita informazioaren eta publizitatearen arteko muga lausotzea ere. Fenomeno horrek balio ekonomikoa eta oihartzun mediatikoa sortzen ditu, baina beste kontu bat ere ekarri du hizpidera: erregulazio esparruak, gardentasun protokoloak eta segurtasunari eta lan eskubideei dagozkien bermeak egokitu beharra dagoela.