Orkoiengo KWDk berrogei milioi inbertituko ditu auto elektrikoentzako osagaiak ekoizteko

Ekoizpen osoa Nafarroan egingo dute, eta estanpaziorako ekoizpen lerroak behar duenaren %80 «bertakoa» izango da. KWD taldeko arduradunak eta Orkoiengo lantokiko buruzagiak Maria Txibiterekin elkartu dira.

Maria Txibite KWDren Orkoiengo fabrikan. UNAI BEROIZ - NAFARROAKO GOBERNUA
Maria Txibite KWDren Orkoiengo fabrikan. UNAI BEROIZ - NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2026ko ekainaren 23a
17:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orkoienen eta Aratzuriren arteko industrialdean (Nafarroa) dago KWD. 1999tik, Alemaniako taldeak autogintzako osagaiak ekoizten ditu han, eta aurki ibilgailu elektrikoetarako osagaiak ekoitziko ditu. Horretarako, berrogei milioi eurotik gorako inbertsioa egin du. 

Thomas Fusch taldeko zuzendari nagusia, Jan Philip Brandt finantza zuzendaria, Raquel Balda KWDren Espainiako adarreko burua eta Roberto Lanaspa Orkoiengo fabrikako zuzendaria Maria Txibiterekin bildu dira Nafarroako Jauregian, gaur goizean. Han izan dira Nafarroako autogintza klusterreko arduradunak ere.

Txibitek bereziki nabarmendu du enpresak egindako esfortzua, eta gehitu berrogei milioi euroko inbertsio horrek modua emango duela ekoizpenaren parte handi bat Nafarroan egitea. Osagai guztiak bertan ekoitziko dira, eta estanpaziorako ekoizpen lerroa hornitzeko gaien %80 ere «bertakoak» izango dira.

KWDrena ez da adibide bakarra. Azken bi urteetan, Hyundai Mobisek eta Gestampek inbertsio handia egin dute, eta Volkswagenek berak fabrika egokitu du ibilgailu elektrikoak ekoizteko. Horregatik, lehendakariak azpimarratu du ehun ekonomiko bat antolatu dela  Nafarroako Volkswagenen beharrei erantzuteko. «Kalkulatzen dugu haren auto elektrikoak hornitzen dituzten lantokien %80 Iruñetik 200 kilometroko eremuan daudela».

Txibitek nabarmendu du lurraldeak berak ere ibilgailu elektrikoen alde egin duela; are, baikor begiratzen dio etorkizunari: «Auto elektriko txikien arloan salmentek nabarmen egingo dute gora». Nafarroan, zehazki, auto bateriadunen salmentak lehen halako bi dira —zehazki, %116 igo dira—. Horren harira, esan du hala salmentek nola bateriak kargatzeko azpiegiturek bilakaera ona izan dutela.

Bilera amaituta, Orkoiengo fabrikara joan dira, eta Nafarroako Gobernuko agintariek eta KWDko buruzagiek lantokia bisitatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA