Auto salmentak %23 handitu dira Hegoaldean, diru laguntzei esker

Urtea hasi zenetik 25.473 kotxe berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz epe berean baino %17 gutxiag0

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Diru laguntza publikoei esker, haizea hartu du auto berrien merkatuak. Ekainean, lehen aldiz oso aspaldian, gora egin du autoen matrikulazioak Hego Euskal HErrian. Guztira 5.913 auto berri saldu ziren, aurreko urteko ekainean baino %23,2 gehiago.

Duela sei aste jarri zuen indarrean Plan 2000 E egitasmoa Espainiako Gobernuak, eta orduz geroztik gora egin dute salmentek, partikularrek egindakoak batez ere. Maiatzeko datuetan ez zen islatu, baina bai, nabarmen, ekainekoetan. Ganvam saltzaileen patronalak jakinarazi duenez, Gipuzkoan %4,5 gehiago saldu dira, %17 gehiago Bizkaian eta %42,6 gehiago Nafarroan. Azken lurralde horretan aurretik jarri zituen laguntzak indarrean Nafarroako Gobernuak, eta gainontzeko lurraldeetan baino mamitsuagoak dira: auto zaharra bota eta berria erostearen truke 1.200 ematen dituzte Nafarroa, eta mila beste lurraldeetan.

Salbuespena Araba izan da, 802 auto saldu arren, merkatua ia %20 murriztu baita. 2008ko ekainean ezohiko auto kopurua saldu zelako gertatu da hori.

Jaitsiera txikiagoa

Ekaineko datu onek ondorioak izan dituzte aurtengo lehen sei hilekoetan, aspaldiko partez ere, salmenten beherakada %20tik beherakoa baita. Guztira 25.473 turismo eta noranahiko saldu dira, 2008ko lehen sei hiletan baino 5.403 gutxiago (-%17,5). Maiatzean %24 ari zen jaisten merkatua.

Azken bi hilabeteotan salmenta oparoei esker, Nafarroa dagoeneko datu positiboetan dago aurten, iaz baino %10,5 gehiago saldu baitira. Araban %27 jaitsi da merkatua, Gipuzkoan %23 eta Bizkaian %15.

Ohikoa denez, Renault izan da markarik salduena, urtarriletik ekainera 3.354 ibilgailu matrikulatu dituelako. Haren ondotik datoz Citroen (2.724), Ford (2.311), Opel (2.250), Peugeot (2.098), Volkswagen (1.820) eta Seat (1.548). Audik, Toyotak eta Nissanek osatzen dute hamar salduenen zerrenda. Renault da salduena Araban eta Bizkaian, Ford Gipuzkoan, eta Citroen, berriz, Nafarroan.

Espainian oraindik behera

Espainiako Gobernuaren laguntzek ez dute artean lortu herrialde hartan salmentek gora egitea, beherakada handia moteldu duten arren. Anfac eta Ganvam patronalek diotenez, aurtengo ekainean iazkoan baino %15,9 auto gutxiago matrikulatu dira.

Jaitsiera hori, ordea, enpresen eta alokairu konpainien salmenta pattalei leporatu behar zaio, erosle partikularrak %14,5 handitu direlako.Lehen aldia da azken 31 hilabeteetan atal horretan salmentek gora egin dutela. Gainera, Ganvamek eta Anfacek espero dute uztailean salmenta orokorrek gora egingo dutela, kontzesionario batzuek, ekaineko helburuak beteta, salmenta batzuk uztailerako utzi dituztelako.

Luis Valero Anfaceko presidenteak nabarmendu duenez, matrikulazio eta BEZ zergei esker, Estatuko Ogasunak 30 milioi euro jaso ditu, hau da, diru laguntza publikoak baino gehiago.

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian ere indarrean daude auto berrien salmenta bultzatzeko laguntzak. Horiei esker, salmentak iaz baino %7,1 handiagoak izan direla nabarmendu du CFA eraikitzaileen patronalak. Lehen sei hilabeteotan, berriz, merkatua iazkoaren pare dabil (+%0,2).

Diru laguntzek bereziki autogile frantziarrei egin diete mesede: Citroenek %15,1 gehiago saldu ditu, Peugeotek %10,5 eta Renaultek %10,3 gehiago.Beste herrialdeko markek, batez beste, %4,2 handitu dituzte salmentak.

Merkatuaren suspertzea ez daibilgailu industrialetara iritsi. Furgoneta txikien salmenta %17,8 murriztu da eta %38 bost tonatik gorako ibilgailuena.

Gaizki baina hobetzen

Munduko merkatu handienean, AEBetan, salmentek %25 inguru egin zuten behera. Jaitsiera handia izanagatik, ekoizleek ez dute gaizki ikusi, lehen aldia baita irailaz geroztik %30etik beherakoa dela. Gainera, hilabete honetan jarriko dira indarrean auto zaharra ordezkatzeko laguntzak.

Handien artean, Fordek lortu ditu emaitza onenak, salmentak %11 jaitsi baitzaizkio. Edonola ere, ekoizpena %16 handitzea erabaki du, saltokietan mugimendu handiagoa somatu duelako.

Bi hilabeteko etenaren ondoren, fabrika gehienak martxan jarri ditu Chryslerrek. Salmentak %42 jaitsi arren, pozik azaldu da Peter Fong presidente berria, partikularren artean jaitsiera %16koa izan delako eta merkatu kuota %1 handitu duelako. Fiaten kontrolpean dago orain Chrysler, lehen baino fabrika eta saltoki gutxiagorekin.

General Motorsen matrikulazioak %34 jaitsi ziren, %32 Toyotarenak, %23 Nissan eta Mercedesenak eta %20 BMWrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.