Ayesa Digitalek iragarri du etapa berri baten hasieran dagoela

Aurretik egin gabeko aldaketak egiten ari dira orain, batez ere adimen artifizialaren alorrean. Enpresari izena aldatzea aztertzen ari dira. Fakturazioa iazko antzekoa izatea espero dute aurten, eta eskariak %10 gehiago izatea, 690 milioi eurorainokoak.

Manuel Baraza eta Iñigo Uzin, Ayesa Digitalen buruak, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Manuel Baraza eta Iñigo Uzin, Ayesa Digitalen buruak, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko urriaren 27a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak, BBKk, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko partzuergoak Ayesa Digital erosi zutenetik, eta konpainiako buruek enpresaren egoeraren berri eman dute gaur, Donostian. Egoera, oro har, ona dela esan dute, eta gaineratu etapa berri baten hasieran daudela; aurretik egin gabeko aldaketak egiten ari direla orain. «Lasterketa baten erdian gaude, eta autoaren motorra eta gurpilak aldatzen ari gara», azaldu du Manuel Baraza zuzendari nagusiak.

Hala, tailerretik irtetean lehiakorragoa izateko helburua du enpresak. Izan ere, bada aldagai bat teknologiaren sektorea erabat baldintzatzen ari dena: adimen artifiziala (AA). «Ekonomia alorrean inflazio hitza entzuten da gehien, baina teknologiaren alorrean AA da trending topic nabarmena», adierazi du Iñigo Uzin Ayesa Digitaleko presidenteak. Arlo horretan aurrerapausoak egin nahi ditu konpainiak, eta gero eta ezagutza handiagoa eta gaitasun gehiago izan. Bide horretan, Errenteriako Kuik enpresa erosi du duela gutxi; 70 langileko enpresa, AAra bideratutakoa. Etorkizunean enpresa gehiago bereganatzeko aukera ere mahai gainean dute.

Lehiakorragoak izan nahi badute ere, lehiakorrak izan badira orain. Barazaren arabera, enpresak irabazi egin ditu lizitazio handienen gehien-gehienak. Aurreikusten du aurten lortutako eskariek 690 milioi euroko balioa dutela, iaz baino %10 gehiago. Hala ere, argitu du horrek ez duela esan nahi salmenta gehiago izango dituztenik —ekoizpen gastuak handiagoak direlako—; fakturazioa 2025eko antzekoa edo zertxobait handiagoa izatea espero dute —580 milioi eurokoa gutxi gorabehera—, eta esan dute iazko salmentak gaindituz gero «inoizko urterik onena» litzatekeela.

%5

Zenbateko inbertsioa egin duten I+Dn. Ayesa Digitaleko zuzendari nagusiaren hitzetan, enpresak urteak daramatza I+Dn %5 baino gehiago inbertitzen. Aurten, esaterako, 25 eta 30 milioi euro arteko inbertsioa egitea espero dute arlo horretan. Hala ere, ziurtatu du kopuru horretatik kanpo ere berrikuntza alorrean inbertsio handiak egiten dituztela, hala zibersegurtasunari nola datuei dagokienez.

Enpresak 2.000 langile ditu Euskal Herrian: Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostian du egoitza nagusia, eta Uzinek esan du ez dutela arlo horretan aldaketarik aurreikusten. Nabarmendu duenez, partzuergoak enpresa hartu zuenetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile den-denak mantendu dituzte, eta ziurtatu du etorkizunean gehiago izango direla. Hala ere, azpimarratu du AAk modua ematen duela langile bakar batek lan gehiago egiteko, eta goiz dela esateko etorkizunean zenbat langile gehiago izango diren.

Bestalde, bazkide gehiago sartuko ote diren galdetuta, Kutxa fundazioaren izena agertu da. Hasieran, Kutxa fundazioak uko egin zion euskal partzuergoan sartzeari, baina presidenteak ez dio atea itxi orain sartzeko aukerari: «Interesa balego, aztertuko genuke».

Izen aldaketa

Konpainiak zerbitzu teknologikoak eskaintzen dizkie enpresa handiei eta administrazio publikoei. Bereziki, funtsezkoak diren enpresekin eta erakundeekin egiten du lan, hau da, estrategikoak direnekin; haiek huts eginez gero, zenbait zerbitzu kolokan geratuko lirateke eta. Oro har, osasunaren, uraren, energiaren, bankaren, industriaren eta telekomunikazioen sektoreetan aritzen dira.

Euskal Herritik kanpo, beste 9.000 langile ditu enpresak, gehienak Andaluzian eta Madrilen (Espainia). Hain justu, Andaluzian ditu bezero garrantzitsuenak. Izan ere, 2022an Sevillako Ayesa taldearen esku geratu zen Ibermatica, euskal enpresa teknologikorik handienetakoa zena. Baina 2025erako jada salmentan jarri zuten. Sevillako taldeak bi arlo zituen: Ayesa Digital eta Ayesa Engineering. Lehenengoa erosi zuen euskal partzuergoak, 480 milioi euroren truke. Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro jarri zituen, Kutxabanken Indar funtsak 110 milioi, BBK Fundazioak 100 milioi, Vital Fundazioak 10 milioi, eta Tekneik ere 10 milioi.

Hortaz, Ayesa Digitalek ez du jada erlaziorik Ayesa Engineering enpresarekin —Kanadako Colliers multinazionalak erosi baitzuen, 600 milioi euroren truke—, eta enpresari izena aldatzea aztertzen ari dira orain. Berriro ere Ibermatica izena hartzeko aukera mahaigaineratuta, Barazak baztertu egin du ideia, argudiatuz Ibermatica zenak baino enpresa gehiagok ere osatzen dutela orain Ayesa Digital: «Erabaki txarra litzateke».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA