Lan merkatuan udako hilabeteetan sortutako laino beltzek ez dute ekaitza ekarri. Uztailean eta abuztuan 23.500 enplegu galdu zirela ikusirik, uste izatekoa zen amaitzear zegoela estatistika onen garaia, eta enpleguen sorrera eta langabeziaren apaltzea eten zitezkeela, hazkunde ekonomikoa moteldu ahala. Halakorik ez da gertatu, ordea, eta Hego Euskal Herriko lan merkatuak aise berreskuratu ditu galdutako enpleguak. Are gehiago, afiliazioaren markak hautsi ditu, urrian ez ezik, baita azaroan ere.Â
Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera, azaroan urrian baino 4.786 kotizatzaile gehiago izan ziren batez beste. Datu historikoei erreparatuz gero, hazkunde handia da, halakorik ez baita izan 2007ko azaroaz geroztik.Â
Orain, aldea da 90.000 afiliatu gehiago dituela Gizarte Segurantzak, eta, horrenbestez, 1,35 milioi langileren langa gainditu duela lehen aldiz Hego Euskal Herrian.Â
Lana dutenen kopurua igo ahala, txikitzen ari da lanik ez daukaten herritarrena, baina askoz motelago. Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan 135.698 lagun agertzen dira langabe gisa erregistratuta, urrian baino 870 gutxiago, eta iazko azaroan baino 2.379 gutxiago.
Urrun dago langabe kopurua 235.000 lagunera iritsi zen garaia (2013ko martxoa), baina are urrunago ehun mila langabe baino gutxiago zegoen garaia ere (2007. urtea).
Azken urtean Nafarroan apaldu da gehien langabezia (-971), baina lurralde horretan bertan izan da daturik kaskarrena aurtengo azaroan, 253 langabe gehiago baitaude urriarekin alderatuz gero. Langabe kopuruak behera egin du Bizkaian (-666), Araban (-287) eta Gipuzkoan (-170).
Emakumeen artean gehiago jaitsi da langabezia (mila gutxiago dira), baina, hala ere, sexu horretakoak dira ia hamar langabetik sei (%58,6). Emakumeen langabezia tasa %11,6koa da, eta gizonena, berriz, %7,7koa.
Baina lan merkatuaren datu positiboek badute beren ifrentzua ere, eta horretan jarri dute begirada sindikatuek.Â
ELAk nabarmendu du gazteen langabezia tasa pandemiaren aurrekoa baino handiagoa dela, eta enplegua sortzen ari den arren prekaritatea ez dela desagertu. Horren erakusgarri da azaroan sinatutako kontratuen %22,5 baizik ez zirela mugagabeak izan.
«Lan merkatuak ez du enplegu egonkorra sortzeko gaitasunik», ziurtatu du ELAk, eta neurri batzuk proposatu ditu: behin-behineko kontratuei «muga argiak» jartzea, soldata arrakalaren aurkako politika «eraginkorrak» egitea, eta soldatak KPIaren arabera igotzea.
Industriaren ahultasuna
Industriaren egoera «kezkagarriari» erreparatu dio LABek. Joera aldaketa bat ikusten du sektore horretan. «Aldi baterako enplegu erregulazioen bidez eutsitako egoeraren oinarriak agerian geratzen ari dira: industria sektorean enplegua suntsitzen ari da», ziurtatu du sindikatu horrek. Langileen %21,4 daude sektore horretan, eta %73,7, berriz, zerbitzuetan.
Zerbitzuen nagusitasun hori beste aldagai batean ikusten da: iaztik hona %2,5 handitu dira jardunaldi partzialeko kontratuak.Â
Partzialtasunaren gorakadarekin eta atzerritarren langabezia handiagoarekin kezkatuta azaldu da CCOO. UGTk, berriz, gogorarazi du inflazioa oraindik %3tik gorakoa dela, eta ondorioz askok pobre izaten jarraitzen dutela lan egin arren.
Interpretazio positiboagoa egin du Confebaskek. Azpimarratu du kontratu mugagabea dutenen kopurua «azken urteetako handiena» dela, eta soldatak Espainian baino handiagoak direla. «Euskadiko lan merkatuaren ezaugarri nagusia bere enpleguaren kalitatea da», ziurtatu du.Â