ELA sindikatuaren Nazio Batzordea Baionan bildu da gaur, Ipar Euskal Herriaren egungo egoera eta abertzaletasunak azken 60 urteetan izandako bilakaera aztertzeko. Sindikatuaren zuzendaritza biltzen duen bilkura da Nazio Batzordea, etaazken hamarkadan egindako urratsak eta sortutako tresnak nabarmendu ditu zehazki. Horien artean daude, besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera.
Beste hainbat lorpen ere azpimarratu ditu sindikatuak: Bizi mugimenduaren eta Lurzaindia kolektiboaren sorrerak, 2013ko Alternatibaren antolaketa eta Euskoa, beste askoren artean. «Euskal Herri burujabe eta jendarte justuago eta iraunkorrago baten aldeko borrokari ikuspegi berri bat eman die», esan du sindikatuak. Hain zuzen ere, eragile horietako askorekin ere bildu da zuzendaritza.
Arlo politikoan abertzaletasunak izandako aurrerapauso «nabarmena» ere goraipatu du ELAk, baina aitortu du oraindik bide luzea geratzen dela egiteko, bai arlo instituzionalean, eta baita hizkuntza politikan eta hezkuntzan ere. Horregatik, burujabetzaren aldeko aldarria egin du, eta apirilaren 8an eta 9an Itsasun (Lapurdi) egingo den Aberri Egun berezian parte hartzera deitu du. «Herri honek nahi duen etorkizuna aukeratu eta eraikitzeko eskubidearen aldeko borroka inoiz baino indartsuagoa da».