Azkenean aurten sartuko da indarrean Europako Deforestazioaren Legea, baina leundu egingo dute

Irailean iragarri zuten beste urtebetez atzeratuko zela legearen indarraldiaren hasiera, baina ez da horrela izango. Hala ere, isunen aplikazioan eta burokrazian malguagoak izango direla jakinarazi dute.

Moztutako zuhaitz multzo bat, Brasilgo Amazoniako baso batean, artxiboko irudi batean. MARCELO SAYAO / EFE.
Moztutako zuhaitz multzo bat, Brasilgo Amazoniako baso batean, artxiboko irudi batean. MARCELO SAYAO / EFE.
inaut matauko rada
2025eko urriaren 21a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat herrialdek legea indarrean geroago sartzeko presio egin badute ere, azkenean 2025eko abenduaren 30ean hasiko dira aplikatzen Europako Deforestazioaren Legea. 2021ean hasi zuen bidea legeak, eta 2023an onartu zuten, 2024ko abenduaren 30ean indarrean sartzeko, baina iazko azaroan erabaki zuten urtebetez atzeratzea lege horren indarraldiaren hasiera. Hori gutxi balitz bezala, aurtengo irailean beste urtebetez atzeratzea onartu zuen Europako Batzordeak, burokrazia eta informatika arazoak zituztela argudiatuta, baina gaur batzordeko komisarioek onartu dute azkenean abenduaren 30etik aurrera aplikatuko dutela. Enpresa txikientzat, berriz, 2026ko abenduaren 30ean sartuko da indarrean.

Lege polemikoa izaten ari da Europako Batasunean, azken urtean batez ere, Europako Parlamentuan, Europako Batzordean eta EBko Ingurumen Kontseiluan gero eta ordezkari eskuindar eta ultraeskuindar gehiago baitaude. Bilakaera hori dela eta, apaldu egin dira Europako Itun Berdea eta komunitatearen klima konpromisoak, eta deforestazioaren legearen inguruan gertatutakoa horren adibide garbia da.

Bada, azkenean, iazko azaroan ezarri zuten egunean sartuko dute indarrean legea, 2025eko abenduaren 30ean, baina oraindik Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak onartu egin behar dute erabakia. Hala ere, lehen sei hilabeteetan ez dute isunik jarriko.

Eraginpeko lehengaiak

Lege hori indarrean jarritakoan, Europara hainbat jaki inportatzen dituzten enpresek ziurtatu egin beharko dute jaki horiek ekoizteko erabilitako lurrak ez zirela basoak 2020. urtea baino lehen; horren bidez, EBk eragotzi egin nahi du Europan kontsumitzen diren jakiek basoen soiltzea bultzatzea. Izan ere, Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 1990. urtetik 2020. urtera Europako Batasuneko herrialdeek hartzen duten azalera adina baso galdu zen munduan, eta horren %10 Europaren kontsumoagatik gertatu zen.

Abeltzaintza produktuei, kakaoari, kafeari, palma olioari, sojari, egurrari eta kautxuari eragiten die legeak, baita lehengai horien deribatu batzuei ere: larrua, txokolatea, altzariak... Enpresek geolokalizazio sistemen bidez bermatu behar dute produktu horiek ez direla berriki soildutako basoetatik erauziak izan. Antza, hain justu txosten horiek igotzeko sistema informatikoetan izan dituzte arazoak, horregatik nahi zuten legea indarrean sartzeko data atzeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.