Azkoitiko (Gipuzkoa) Juaristi eta Aitek enpresetako langileek salatu dutenez, azken urtean pairatzen ari diren egoerak «jasanezin» bihurtu die egunerokoa: lau hilabetetako soldata eta aparteko bost ordainsari dituzte kobratu gabe, eta zuzendaritzak ez du oraindik aurkeztu egoerari aurre egiteko planik —bi enpresek gerentzia partekatzen dute—. Bi lantegietan 130 langile daude guztira, eta euren lanpostuak arriskuan daudela ohartarazi dute.
Maiatzaz geroztik indarrean dago bi lantegietan enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, baina horrek ez du konpondu arazoa. Langile batzordeak (LAB eta ELA) salatu du zuzendaritzak ez duela «proposamen zehatzik», eta «ezkutuko itxiera bat» prestatzen ari dela.
Bi sindikatuek gogoratu dute langileen %40k enpresa utzi behar izan dutela «inolako kalte ordainik jaso gabe». Horrez gain, nabarmendu dute ordainketetan «sailkapen arbitrario eta bidegabeak» ezarri dituztela, «langileen batasuna apurtu eta indar kolektiboa ahultzeko asmoz».
Manifestazioa ostiralean
Informazioa ezkutatzea ere leporatu diote zuzendaritzari. Sindikatuek azaldu dutenez, langileek ez dute jaso pabiloi baten salmentaren inguruko operazioaren berri, nahiz eta enpresaren egoeran eragin zuzena izan dezakeen. «Gardentasunik eza eta profesionaltasun falta agerikoak dira, eta horrek are gehiago handitzen du ziurgabetasuna», ohartarazi dute.
Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakunde publikoei eskatu diete gatazkan esku hartzeko, «langileen eskubideak eta lanpostuak babesteko neurriak» har ditzaten, enpresaren etorkizuna bermatzeko. «Instituzioek ezin dute begirik itxi. 130 lanpostu daude jokoan, eta atzean familia asko daude».
Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute langileek. Ostiral honetan manifestazioa egingo dute, Azkoitiko plazatik abiatuta, 19:00etan.