Jose Antonio Jainaga buru duen Ohmia taldeak Azkoyenen kapitala osoa erosteko eskaintzak lurrikara sortu du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren inguruan. Konpainiaren egoitza Azkoinenen dagoen arren, astinduaren epizentroa Iruñean izan du, bertan egin baitu publiko bere kexa Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak: «Eusko Jaurlaritza, modu batera edo bestera, operazioaren atzean dago, eta haiengandik mezuren baten hutsunea sumatu dugu, honen guztiaren berri emango ziguna».
Haserrearen muina Ohmiak Azkoyen erosteko eginiko eskaintzaren letra txikian dago, egoitza soziala, Nafarroatik Bizkaira eramateko aukera aipatzen baitu. Konpainiak duela hilabete batzuk egin zuen publiko bere asmoa, baina Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) gaur eman dio bere oniritzia, eta hura laburbiltzen duen agirian ezagutu du xehetasun hori Aristik. «Ezagutzen ez genituen asmo batzuk ageri dira, eta gaur bertan jakin ditugu», kritikatu du.
Nortzuk dira Azkoyenen akziodunak?
- Inverlasa, S.L. %29,65
- Masaveu Finanzas. %18,30.
- Nafarroako Gobernua. %10, INIren eta beste finantza erakunderen bitartez.
- Ignacio Suarez-Zuloaga Galdiz. %7,91.
- Santander Asset Management. %6,10.
- MarĂa Carmen Troyas Careaga. %5,22.
- Akziodun txikiak. %0,297.
Azken astea osoa nahasia izan da Azkoyenen kapitalaren inguruan. Gaur egin da ofizial Ohmiaren eskaintza: 244 milioi euro, kapital osoa lortzeko eta hamar euro akzioko. Abuztuaz geroztik hamar eurotik gora egon dira, baina duela urtebete 8,40 euroan egon ziren. Hori gutxi ez balitz, iragan astean Nafarroako Gobernuak konpainiaren akzioen %5,1 erosi zituen INI institutuaren bitartez. Gobernuak, beraz, euskarri ezberdinen bitartez (Rural Kutxa, CAN Fundazioa...), akzioen %10 inguru du. Azkoyen egoitza Nafarroan izan eta burtsan kotizatzen duen bi enpresetako bat da.
«Espero dut Hithiumen erabakiarengatik errebantxa bat ez izatea. Hala balitz, Jaurlaritzak jakinarazi izana esperoko nuen»
JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilaria
Ohmiaren eskaintza publiko adiskidetsu bat da. Hemendik aurrera Azkoyenen akziodunek, tartean Nafarroako Gobernuak, hamabost egun dituzte eskaintza aztertu eta saltzea erabakitzen duten ala ez erabakitzeko. Aristik nabarmendu du ez duela auzitan jarriko eskaintza publikoaren «zilegitasuna», baina berriz ere esan du beste jarrera bat espero zuela Jaurlaritzarengandik: «Informazio hori haien ahotik jaso izana nahiago genukeen, hark ere parte hartzen duelako operazioan».
OHMIAko bazkideek nola finantzatu NAHIÂ dute operazioa?
- Clerbil. 60 milioi euro.Â
- Indar Kartera (Kutxabank). 35 milioi euro.
- BBK Fundazioa. 35 milioi euro.
- Finkatuz Funtsa (Eusko Jaurlaritza). 30 milioi euro.
- Carmen Lequerica Holding. 12,5 milioi euro.
- Sabadell Bankua eta Caixabank. Beharko balitz operazioa ixteko finantzazioa jartzeko prest daude, mailegu bitartez.
Nabarmendu du informazio hori oso garrantzitsua dela «Nafarroarentzat eta Nafarroako industriarentzat» eta aurreratu du bilera bat eskatuko dutela Ohmiarekin. «Eskakizun bat luzatuko diegu kolektibo guztiei eta Nafarroako enpresariei, ahal duten heinean lagundu dezaten Azkoyenen egoitza soziala Nafarroan gelditu dadin eta haien langileentzat arazorik egon ez dadin», iragarri du. Operazioa gauzatzeko Ohmiak akzioen %50 baino gehiago lortu beharko lituzke.

Arastik agerraldi publiko batean eman ditu xehetasunak, eta azaldu du, bere ustez, egoitza sozialaren balizko aldaketa batek ez lukeela «inpaktu fiskalik» izango. «Jarduna deslokalizatzen ez bada, kopuru erlatiboaren arabera jasoko ditugu zergak, baina ez dut uste hau denik horri buruz hitz egiteko unea». Era berean azpimarratu du aurrerago hitz egingo duela «beste xehetasun batzuen inguruan».
Mugitzekotan, egoitza bakarrik
Ohmiak alderantzizko fusioaren eredua iradoki du operazioa egiteko, eta akziodunen erdia baino gehiago konbentzituz gero 2027ko abenduaren 31 baino lehenago gauzatuko litzateke. Zehaztu du Azkoiengo eta Nafarroako filial guztien industria jarduna egungo lantegietan mantenduko dela, eta «holdingaren egoitza» Bizkaian egongo dela. Xehetasun hori da polemika sortu duen esaldia. Ohmia 2019an sortu zen Clerbil Jose Antonio Jainagaren industria funtsaren ekimenez, eta egun hamazazpi enpresa ditu. Haien ustez, «jauzi kualitatiboa» emango lukete Azkoyen erosita. Azkoyen, bere aldetik, kafe makinetan, salmenta makinen sistemetan, ordainketa bideetan eta segurtasun sistemetan espezializatutako Nafarroako enpresa bat da, eta presentzia handia du nazioartean.
Arastiri, halaber, galdetu diote ea egoitza lekualdatzeko asmoa Jaurlaritzaren «errebantxa» den Hithiumek bere bateria planta Nafarroan jartzea erabaki zuelako. Kontseilariak esan du, «hala balitz», Jaurlaritzak jakinarazi izana eskertu izango lukeela, baina ez duela aukera hori izan. Azalpen luzea eman du, eta ur handitan sartzen ari zela ikusita, leundu egin du: «Espero dut hori ez egia izatea, izan ere nazioarteko operazioak nolakoak diren ikusita, bakoitzak bere apustua egin du, eta Hithium bera izan da Nafarroaren alde apustua egin duena bere planta ezartzeko».