Azpeitiko Elmubasen lehen enpresa itunak euskaldunak kontratatzea lehenetsiko du

ELA sindikatuak sinatutako akordioari esker, enpresako langileek euskara ikasi ahal izango dute lanaldiaren barruan. Hitzarmenak soldaten igoera eta lanorduak murriztea ere jasotzen du.

Azpeitiko Elmubas Iberica enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
Azpeitiko Elmubas Iberica enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 5a
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas Iberica pentsu ekoizleko langileek ez dute sindikatuen ordezkaritza propiorik izan 2026ra arte, ezta enpresa hitzarmenik ere —orain arte sektoreko Espainia mailako hitzarmena ezarri zaie—. Bada, azken hori gaur sinatu du ELAk, eta neurri batean akordio berritzailea da: soldaten igoeraz eta lanorduen murrizketaz gain, euskara ikasteko eskubideen «hobekuntza nabarmena» ekarriko du, sindikatuaren esanetan. Izan ere, euskara ikasi nahi duten beharginek irakasleekin eta lanaldiaren barruan egin ahal izango dute.

«Euskara ikastea ezin da izan bakoitzaren denbora librearen edo baliabide ekonomikoaren araberakoa», adierazi du ELAk. Horrez gain, euskararekin lotuta beste zenbait neurri ere ezarriko ditu hitzarmenak: euskaldunak kontratatzea lehenetsiko du enpresak, bilerak euskaraz egin ahal izango dira eta langileek dokumentazioa euskaraz eskatu ahal izango dute.

Soldaten igoera

Euskarako ikasteko eta sustatzeko erraztasunez gain, soldaten igoera eta lanorduen murrizketa ere ekarriko ditu hitzarmenak. Soldatei dagokionez, ELAk jakinarazi du diru sarrera txikienak dituzten langileei KPI gehi hilean 100 euro igoko dietela soldata; gainontzekoei, berriz, soldataren arabera KPI gehi %2 edo %3 igoko diete.

Lanordua murriztea ere jasotzen du akordioak —sindikatuak ez du zehaztu zenbat—, «langileen osasuna hobetzeko eta lana eta bizitza pertsonala uztartzea errazteko». Esaterako, enpresak ordainduko die fisioterapia zerbitzua.

Elmubas Iberican txakurrentzako eta katuentzako pentsu lehorra ekoizten dute, eta Azpeitikoa sektoreko Europako plantarik handiena da: 220 beharginek egiten dute lan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA