Azpeitiko Elmubas enpresa salgai jarri du Portobello funtsak

Euskal inbertitzaile bat interesatuta omen dago, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere nahi lukete. Operazioak 280 eta 400 milioi euro bitarteko kostua du.

Azpeitiko Elmubas enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
Azpeitiko Elmubas enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. IREKIA
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 26a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baliteke beste euskal enpresa batek jabetza aldatzea. Portobello Capital funtsak Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas salgai jarri du, El Diario Vasco-k eta EITBk zabaldu dutenez. Euskal inbertitzaile talde batek oso aurreratuak omen ditu konpainia erosteko negoziazioak. EITBren arabera, operazioak 280 eta 320 milioi euro bitarteko kostua izango luke; El Diario Vasco-ren arabera, 300-400 milioi eurokoa. Interesa agertu dutenek Eusko Jaurlaritzaren babesa nahi lukete aurrera egiteko. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak baieztatu du informazioa, eta aurreratu du «antzeko operazio gehiago» egongo direla lurraldeko enpresen artean.

Elmubasek Azpeitian du egoitza, eta 230 langile ditu. Urola Kosta eskualdeko enpresa handienetako bat da. Maskotentzako janari lehorrean espezializatuta dago, eta Europan erreferente nagusietakoa da. Urtero 100.000 tona ekoizten ditu, eta salmenten erdia esportaziora doa. Bostehun bezero baino gehiago ditu, eta marka zuria ekoizten du banaketa kate handientzat, hala nola Lidl, Carrefour, Aldi, Alcampo eta Eroski, baita denda espezializatu batzuentzat ere.

Konpainia Azpeitiko familia batek sortu zuen, duela mende erdi inguru, Bastida Pentsuak izenarekin. 2019an erosi zuen Madrilgo Portobello funtsak, 200 milioi euroren truke. Ohiko inbertsio epea gaindituta, Portobellok iaz abiatu zuen desinbertsio prozesua, eta William Blair inbertsio bankuaren zerbitzuak kontratatu zituen horretarako.

Jaurlaritzari begira

Portobellok hasieran eskatutako prezioak erosle posibleen asmoak hoztu zituen, baina, albistea zabaldu duten komunikabideen arabera, azken egunetan berriz piztu da interes hori. Euskal Herriko inbertsiogile talde bat egongo litzateke atzean, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa nahi lukete, berriki beste enpresa batzuetan garatu duen lankidetza publiko-pribatuaren bidetik; esaterako, Talgon eta Ayesa Digitalen egin duen moduan. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak %4,3ko partaidetza dauka Elmubasen, Ezten FCR funts publikoaren bidez.

Portobellok enpresa uzteko asmoa zuela ez da berria. Langileek ere horren berri izan dute. Gainera, azkenaldian lan baldintzak okertu direla eta sindikatuen aurkako «jazarpena» handitu dela salatu dute. Horregatik azaroan bost langile kaleratu zituztela adierazi zuen ELAk. Elmubaseko langileek pentsuen sektoreko Espainiako lan hitzarmena dute, eta itun hori 2025ean iraungiko da. Langileek enpresa hitzarmena adostu nahi dute, euren baldintzak hobetzeko.

Operazio gehiago

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak baieztatu du Euskal Herriko inbertitzaile talde batek interesa agertu duela Elmubas erosteko, baina ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan. Hori bai, jakinarazi du Gipuzkoan antzeko beste salerosketa batzuk ere egon daitezkeela martxan. «Une interesgarria da, eta horrelako operazio gehiago ere izango dira», esan du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Horren harira, nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiak enpresen «errotzea» bilatzen duela, «fiskalitatearen bidez edo langileak enpresen kapitalean parte hartzea bultzatzen duten tresnen bidez». «Errotzea bultzatzeko modu asko daude, eta aldundia beti egongo da hor».

Mendozak adierazi du Gipuzkoako enpresak «oso sektore zailetan» espezializatu daudela eta hori «indargune» bat dela, «lehiakortasun oso txikia dagoen sektoreetan aritzen baitira, beste enpresa mota batzuek eskaini ezin dituzten zerbitzuak eskainiz». Hori lizatateke Elmubasen kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.