Martxan da Talgoren aro berria. Akziodunek baiezkoa eman diote tren ekoizlearen kapitalaren handitzeari eta, horrekin batera, konpainiaren jabetza eskuz aldatzeko eta konpainia berriro Euskal Herrira etortzeko operazioari. Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek Talgoren akzioen %29,76 erosiko dizkiote Pegaso funtsari, 156,7 milioi euroren truke. Eta Espainiako Gobernuak, berriz, akzioen %7,8 eskuratuko ditu, SEPIren bitartez, 45 milioi jarrita, konpainiaren kapitala handitzeko operazioan.
Zuzendaritza txikitzea adostu dute, eta zortzi pertsonak osatzea. Abian dira negoziazioak. Ia ziurtzat ematen da kargua utziko dutela Carlos de Palacio Oriolek, konpainia sortu zuen familiaren ordezkariak, eta Gonzalo Urquijo kontseilari ordezkariak, eta haien ordez euskal partzuergoko ordezkariak sartuko direla. Ikusteko dago nor egongo den denen buruan: Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea izango ote den, edo haren eta Jaurlaritzaren konfiantzazko pertsonaren bat. Espainiako Gobernuak aulki bat eskatu du. SEA Arabako patronaleko buru Juan Antonio Sanchez Corchero proposatuko du.
KRONOLOGIA
Akzioen banaketa kontuan hartuta, partzuergoak izango du kargu gehien, kapitalaren erdia baino gehiago inbertitzaile txikien eskuetan baitago. Partzuergoak akzioen %29,76 izango ditu: hortik %8,5 izango ditu Jainagak, eta beste hainbeste Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bitartez— eta BBK fundazioak. Vital Kutxaren fundazioak, berriz, %4,24.
Akziodun berriek 4,25 euro ordainduko dituzte akzio bakoitzeko, gaur egun duten balioa baino askoz gehiago: 2,8 euroan salerosi dira gaur.
Zorrari aurre egiteko plana
Akzioen erosketaz gain, konpainiak duen zor handiari aurre egiteko beste bi erabaki hartu dituzte gaurko batzarrean. Euskal partzuergoak 75 milioi euro jarriko ditu akzio bihurtu daitezkeen maileguetan, eta Espainiako Gobernuak, berriz, 30 milioi euro. Hori ezinbesteko baldintza bat izan da Talgoren banku hartzekodunentzat, zorraren finantzaketa negoziatzeko. Akziodunen batzarrak oniritzia eman dio, halaber, beste operazio bati: konpainiak 770 milioi euro eskatu ditu maileguetan, eta 550 milioi abaletan.
Zorra ifrentzua baldin bada, aurpegia eskari zorroa da. Talgok inoizko lan kargarik handiena du: 7.000 milioi eurora irits daiteke. Baina, bestalde, buruhausteak ere eragin diezazkioke, Talgo ezinean ari baita trenak garaiz egiteko, eta atzerapenak izaten ari da hainbat eskaritan.
Horren erakusgarri dira aurtengo emaitzak. Azken informazioaren arabera, enpresaren diru sarrerak %11 jaitsi dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Eta 65,7 milioi euroren galerak izan ditu urteko lehen erdian.