Europako funtsen harira, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak agerraldia egin du goizean. Eusko Legebiltzarrean hartu du hitza, eta zera jarri du helburutzat urtea amaitzerako: 2023an SEM Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako funtsak hedatzea, eta abendurako funtsen zatirik handiena «konprometituta» gelditzea. Halaber, eskualdeetako ESEPE proiektu estrategikoak «azkar» aktibatzeko deia egin du.
2021 eta 2023 bitarteko aldirako 22.000 milioi euro eman dizkio Europako Batasunak Espainiari, eta EAEk 1.657 milioi jaso ditu horietatik. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu horietatik 1.048 milioi euro (%63,2), eta gainontzeko 609 milioi euroak (%36,8) Espainiako Estatuak kudeatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen funts horietatik, hauexek dira laguntza ekonomiko gehien jasotzen duten sailak: Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa; Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak; Hezkuntza eta Lana eta Enplegua.
Sailen artean soilik ez, tokitik tokira ere badago aldea. Funts horietatik 203 milioi euro banatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien artean, baina eskualdeetako hiriburuek jasotzen dituzte adjudikatutako funtsen erdiak: Gipuzkoako funtsen %23 Donostiak, Bizkaikoen %16 Bilbok, eta Arabakoen %11 Gasteizek. Dena den, banaketa hori bat dator Eusko Jaurlaritzak EAEko udalerrietan gehien bultzatzen dituen neurriekin. Helburu nagusiak dira hirietan mugikortasun jasangarria eta segurua bultzatzea (%40), sektore turistikoen modernizazioa sustatzea (%23), eta hirietako enpresa txiki eta ertainak indartzea (%4,5), besteak beste.
Horiek hala, abendurako sei hilabete falta diren honetan, «dena emateko, eta eskura dauden giza baliabide eta baliabide administratibo guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzeko» galdegin du Azpiazuk. Haren arabera, «barkaezina» litzateke funtsen zati bat erabili gabe gelditzea.
ESEPEak giltzarri
Europako Batasuneko Next Generation funtsak banatzeko Madrilek garatutako programak dira ESEPE edo ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak. Horrelako hamabi hitzartu dituzte Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta 33.000 milioi eurotik gora jarri dituzte proiektu horietarako. Sektore aeroespazialari, nekazaritzari, uraren zikloaren digitalizazioari eta energia berriztagarriei dagokien deialdietan hartu dute parte euskal eragileek.
Baina, Azpiazuren ustez, «ahalik eta azkarren» mobilizatu behar dituzte proiektu horietarako jarritako diru laguntzak. Horretarako, «ezinbestekotzat» jo du administrazio prozesuen burokrazia arintzea eta epeak malgutzea. «Helburua da Next Generation ekinbideak ekonomia, gizartea eta ingurumena eraldatzeko eskaintzen duen aukera ahalik eta gehien aprobetxatzea, erantzukizunez, baina pragmatismoz».