Finantza sektorea. Berregituraketa

Babcocken erretiro aurreratua hartu zuten 258 langile lanera itzuliko dira

Enplegua erregulatzeko 2004ko dosierra bertan behera geratu da, eta langileek enpresara itzuli beharko dute

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Erretiro aurreratua hartuta, kasu batzuetan 65 urte beteta, tartean hildakoren bat ere badago... eta lanera bueltatu behar. Babcockeko zuzendaritzak lanera itzultzeko eskatu die 2004ko enplegua erregulatzeko dosierraren ondorioz erretiro aurreratua hartu zuten 258 langileei. Zuzendaritzako batzuek 2004ko dosierra baztertu eta auzitara jo zuten. Prozesu horren ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak otsailean bertan behera utzi du 2004ko dosierra. 258 langileak gaur joango dira zuzendaritzarekin batzartzera, Trapagarango lantegira.

Lanera itzultzeko eskaera horrekin Babcocken egoera okertu egingo da. Enpresa ixteko prozesuan sartuta dago. Irailaren 30ean itxi behar dute. Eta orain gaur egun plantillan dauden 364 langileei erretiro aurreratua hartu zutenak gehitu behar zaizkie. Egoera «kafkarra» bihurtu da, ELAren arabera.

Sindikatuek oraindik ez dakite lanera itzuli beharko duten langile ohien egoera zertan geratuko den. Izan ere, 258 langile horietatik asko aspaldi joan ziren garai hartako euren bizilekutik, eta enpresarekin ez zeukaten inongo harremanik. Lanera deitutakoen artean 65 urtetik gorako pertsonak daude eta baita hildakoren bat ere.

2004ko erregulazio dosierra urte hartan hasitako pribatizazio prozesuaren ondorioz prestatu zen, eta Eusko Jaurlaritza aurka azaldu zen arren, Espainiako Lan Zuzendaritza Nagusiak alde egin zuen.

Trapagarango Babcock Powers enpresak aurtengo otsailaren 24an enplegua erregulatzeko beste dosier bat aurkeztu zuen, jabeak porrot egin eta gero. Martxoaren 26an amaitu zen kontsultetarako epea, eta ez zuten inolako akordiorik lortu sindikatuekin. Orain, epaileak hartuko du langileen egoeraren inguruko erabakia.

Apirilaren amaiera aldera langileen erdiak lanik gabe geratuko dira, eta maiatzaren 30ean gainerakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.