Baikortasuna dario portuari

Bilboko portuko jarduna %5,5 igo zen iaz, eta agintaritzak espero du aurtengo hazkundea %7,4koa izatea. Rikardo Barkala presidenteak espero du zamaketarien lan gatazka hilabetean konpontzea.

Bilboko portuko garabiak eta eraikinak. Eskuinetara, Santurtziko etxeak ere ikus daitezke. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Baikortasuna dario Bilboko portuari. Duela bi urteko txakalaldia, pandemiaren eragina eta lan gatazka iraganeko kontuak direla dirudi. Edo hori ondorioztatu daiteke behintzat Ricardo Barkala portuko agintaritzako presidenteari entzunda. Haren kalkuluen arabera, portuko merkantzia mugimendua %7,4 haziko da aurten, eta, hori gutxi balitz bezala, zamaketarien lan gatazka «hilabetean» konpontzea espero du: «jarrerak oso gertu daude».

Bilboko portuko zamaketarien eta han diharduten zamaketa enpresen arteko gatazka luzatzen ari da. Mataza estua da, sektoreko lan araudia konplexua delako, baina badirudi portuari eragingo liokeen lan hitzarmen propio batekin konpon daitekeela. BERRIAk jakin ahal izan duenez, zamaketa enpresek sei urteko lan hitzarmena eskaini diete zamaketariei, eta lehen hiru urteetan Bilbo Estibak —zamaketarien lanaldiak kudeatzen dituen enpresak— pilaturik duen sei milioi euroko zorrari aurre egin beharko litzaioke. Halaber, zamaketariek batzarrean onartu beharko lukete lan baldintzak okertzea.

«Epe ertain edo luzeko hitzarmen bat sinatu behar da, nahitaez». Barkala oso irmo mintzatu da zamaketarien akordioaren garrantziaren inguruan: «Alde guztiek dakite 2020ko udazkeneko grebak kalte handia egin zuela». Presidenteak nabarmendu du bera ere murgilduko dela negoziazioetan, eta oso kontuan izango duela behin-behinekoen egoera: «Ez dut portuko presidente moduan esaten. Gizaki moduan ere uste dut langile horien baldintzak duindu egin behar direla».

Datuek ere joera ona erakusten dute. «Iazko datuak pozik egoteko modukoak dira, eta, xehetasunei erreparatuz gero, oso onak», zehaztu du. Baina zergatik? Portuaren zama mugimendua %5,5 hazi zen iaz, baina zama solidoen garraioa %27 igo zen, eta edukiontziena ,%9. Zama likidoek, aldiz, %2 egin zuten behera, eta, mugimendu osoaren %57 zama likidoak direla kontuan hartuta, beherakada txiki horrek eragin handia du. Barkalak, baina, uste du erregaien krisia aurki igaroko dela. Era berean, nabarmendu du «tonetatik haratago» doazen aldagaiei erreparatu behar zaiela, eta horregatik dela baikorra. Bitxikeria moduan, Errusia izan zen izan zen iaz Bilbora zama gehien bidali zuen herrialdea (%18), Mexiko eta Erresuma Batuaren aurretik (%9na).

Porturaturiko itsasontzi kopuruak %7 egin zuen gora 2020arekin alderatuta, eta hilabetez hilabete datuek hobera egin zuten. «Inertzia ona» ezarri dela uste du, eta haren eraginpean aurten 33,5 milioi tona zama mugituko direla, iaz baino %7,4 gehiago. «BPGa %6 igoko dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Batezbesteko horretatik gora egongo gara», nabarmendu du. Dena den, oinak lurrean ditu, eta oraindik ezingo dira 2019ko datuak berdindu. Urte hartan, 35,4 milioi tona mugitu ziren. Hori, zamari dagokionez, eta bidaiariak? Agintaritzak 79 gurutzaontziren baimen eskaera jaso du. Iaz 37 izan ziren.

Portuak hobekuntza eta handitze lan asko egin ditu azken hilabeteetan, eta aurki iritsiko da horiek adjudikatzeko garaia. Inbertsio handienetako bat portu erdiko kai mutur handi berria da. 200.000 metro koadro ditu, eta 100 milioi euroko kostua izan du. Barkalak hura adjudikatzeko baldintza agiria Aste Santurako prest nahiko luke, eskaintzak jaso eta horiek ikertzen hasteko. «Azpiegitura berri horri balioa emateko garaia da», zehaztu du. Alegia, eginiko inbertsioa berreskuratzen hasi nahi du.

Egun Bilboko portuan edukiontziak hartzeko nasa bat dago, Txinako Cosco enpresak kudeatzen duena. Zabaldu denez, edukiontzien beste enpresa batek asmoa du kai mutur horretan ezartzeko. Barkalak baieztatu du interes hori badela, baina argitu du Coscoren nasa urrun dagoela bere ahalaren mugatik, eta «egitasmo industrial» batek ere bete dezakeela itsasoari irabazitako orube hori: «Herri honi zer interesatzen zaion ikusi behar dugu, eta horren arabera erabaki».

«Eskuak lotuta»

Bili-bolo dabilen beste auzi bat portuaren transferentzia da. Azpiegituraren jabea Espainiako Gobernua da, baina Eusko Jaurlaritzaren transferentzien egutegian ageri da aspalditik. Iaz baikorra zen Barkala; aurten, gutxiago: «Auzi oso konplexua da. Gutxieneko diru sarrerarenak askoz errazagoa beharko luke, eta ikusi baino ez dago nola katramilatzen ari den».

Barkalak Espainiaren kudeaketa «zentralista» kritikatu du, askotan sentitu baitu «eskuak lotuta» dituela erabaki bizkorrak hartzeko. Alde horretatik, azpiegituraren eskualdatzea baino gertuago ikusiko luke kudeaketarena, edo behintzat mailaka egin dadila: «Gure kudeaketa ahalmena handitzeko pausoak emango balira, eskertuko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.