Baikortasuna hedatzen ari da Ipar Euskal Herriko enpresaburuen artean

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren barometroaren arabera, industriak eta ostalaritzak urte aski ona izan zuten 2023an, eta eraikuntzak eta saltokiek, berriz, apalagoa. Langabezia tasa ia ez da aldatu: %6koa izan da.

Ekonomia barometroaren aurkezpena, Baionan. NAHIA GARAT
Ekonomia barometroaren aurkezpena, Baionan. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 20a
15:45
Entzun

Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoa «espero baino hobea» izan da 2023ko bigarren seihilekoan. Hala adierazi dute Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberak aurkeztu duen ekonomiaren barometroan. Lau enpresaburutik hiruk adierazi dute beren enpresetan hobekuntzak izan dituztela edo egonkor daudela, eta gehien-gehienak baikor dira beren enpresaren etorkizunari begira. Hala ere, bezero eta eskaera kopuruak arrangura sortzen du oraindik.

Inflazioa «doi bat» apaldu bada ere, oraino erosahalmenean eragina duela adierazi du Andre Garreta MIGeko lehendakariak. «Geroari begira, ikuspegi ahula dute enpresek; fakturazioan irabazi garbia hobetzeko beharra bada, eta, horretarako, ekoizpen eta kontsumo eredu berriak aurkitu behar ditugu».

Datuei dagokienez, 2022an baino enpresa gutxiago sortu dira 2023an, baina enpresa ixteak ere gutxiago izan dira. Saldo positiboa da, edonola ere: 428 enpresa berri izan dira orotara. Hala ere, goraka segitzen du zailtasunetan direlako komertzio auzitegian prozedura kolektibo bat abiatu duten enpresen kopuruak: 260 prozedura izan dira 2023an, 2022an baino %60 gehiago.

Langile kopuruari dagokionez, emendatu da, nagusiki ostalaritzak eta zerbitzuen sektoreak bultzaturik.

%4,2

Batez besteko lansaria %4,2 emendatu zen iaz Akitania Berria eskualdean, nagusiki industrian: 2.465 euroko lansari gordina dute langileek, batez beste.

Langileen kontratazioa 2022koaren hein berean izan da gutxi gorabehera, eta langabezia tasa ere ez da kasik mugitu: 2023ko azken hiruhilekoan %6koa zen. Haatik, enplegu galdegileak gehiago dira: 25.796 ziren abenduan Ipar Euskal Herrian, iaz baino %1,9 gehiago. 

Industria, salbuetsia 

Azken seihilekoari dagokionez, Ipar Euskal Herriko 211 enpresaburuk erantzun diote barometroaren galdetegiari. Gehienak baikor dira beren enpresaren etorkizunari buruz, baina mesfidati agertu dira Frantziako egoera ekonomikoarekin. Urte hasiera honetan egonkor segitzea espero dute gehienek, eta horrek eragina izan du inbertsioetan: 2023ko bigarren seihilekoan %28k inbertitu zuten; 2024an, %19k baizik ez dituzte inbertsioak aurreikusten. 

Arloz arloko azterketan, industria arloko enpresek eman dituzte erantzun baikorrenak. Fakturazioa hobetu dutela nabarmendu du MIGek, baina eskaerak apaldu zaizkiela. «Industria hobeki doa, besteak beste aeronautikari esker, harentzat lan egiten duten enpresen fakturazioan duen eraginagatik», azaldu du Garretak. Hala ere, azpimarratu dute inflazioaren eraginez irabazi garbiak apaldu zaizkiela industriako enpresei. Ondoko hilabeteei begira «kezka» adierazten badute ere, industriako enpresen %36k inbertsioak egitea espero dute aurten. 

Besterik da eraikuntzan ari direnekin. Iazko apaltzearen ondotik «suspertze txiki bat» izan badute ere, egoera «ezegonkorra» dela azpimarratu du MIGek. «Eraikuntzaren sektoreak kontratatzeko zailtasunei aurre egin behar die oraindik. Kontratazio proiektuen erdiak ezin izan dira gauzatu». Bost enpresatik batek uste du egoerak okerrera eginen duela, eta inbertsioetan eragina du horrek: %18k aurreikusten dute aurten inbertitzea, iazkoen erdiek. 

Komertzio arloan nabarmendu dute fakturazioa apaldu dela, izan saltegi txikietan, izan handietan; irabazi garbiak apaldu dira, eta lanpostu kopuruak ere beheiti egin du. Ikuspegi ezkorra dute anitzek. Hiriguneetatik kanpoko saltegietan ere ikusi dute joera hori, eta Internet bidezko salmentaren konkurrentzia aipatu dute anitzek. 

Azkenik, zerbitzuetan «bilan baikorra» egin dute, MIGen arabera, eta ostalaritza sektorean ere salmenta «hobeak» egin dituzte, irabaziak apaldurik ere. Turismo arloan, udako sasoia «aski ona» izan dela diote, baina bezero kopurua apaltzen ari dela. 

Trafikoa gora portuan eta aireportuan

Baionako portuko eta Miarritzeko aireportuko datuek gora egin dute urtebetean. 2,3 milioi tonaren trafikoa izan da portuan, %12,2 gehiagokoa. Horri loturik, bereziki azpimarratu dute ongarrien trafikoa, aitzineko urteen heina berreskuratu baitu. «Badirudi Ukrainako gerlak ongarriaren prezioan izan duen eragina arindu dela, nahiz eta egoera geopolitiko ezegonkorra izateak haren bilakaerari buruzko aurreikuspenak zailtzen dituen». Aireportuan ere gorakada izan dute: bidaiari kopurua %4 emendatu da eta hegaldi kopurua, berriz, %6.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.