Zuhurtziaz bada ere, Balenciagako langileak argi izpi bat ikusi dute gaur, Donostiako Merkataritza Arloko lehen Epaitegiak Zumaiako ontziola erosteko eskaintza bati oniritzia eman baitio. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports taldeak egin du eskaintza, 11,2 milioi eurorena, eta egungo lanpostuei eutsiko dietela iragarri dute.
Langile batzordeak espero du salmenta berresten denean ontziolako 70 beharginen lanpostuei eutsi ahalko zaiela, baldintza hori jasoa baitago eskaintzan.
Edonola ere, batzordeko presidente David Tejerak zuhurtziaz hitz egin nahi izan du; izan ere, epaitegiak eskaintza onartu ostean, oraindik salerosketa egin beharko da. «Urrats bat da, baina zuhurtziari eutsi behar zaio, sinatu arte». Sinadura hori lehenbailehen iristea nahi dute langileek, «beti dago eta gauzek okerrera egiteko aukera».
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik Radio Euskadin azaldu duenez, «aurkeztutako proposameneko baldintzak positiboak dira, bai alderdi ekonomikoari dagokionez, bai etorkizuneko industria jardunari dagokionez».
Jaurlaritzaren ustez, Balenciaga ontziola erosteko hautagaia «inbertsore sendoa da, egiaztatutako kudeaketa ahalmena du eta baldintzak betetzen ditu». Hala ere, sailburuaren ustez, inportantea da zuhurtasunari eustea, operazioa behin betiko itxi artean.