Balenciaga ontziolaren salerosketa ostiralean egingo dute, ondo bidean

Abu Dhabi Ports eta Premier Marine konpainiek 11,2 milioi euro ordainduko dituzte Zumaiako ontziolaren jabe bihurtzeko. Lanpostuak mantenduko dituztela hitzeman dute, eta hazteko asmoa erakutsi. Langileek ez dute akordioaren edukiaren berri oraindik.

Balenciaga ontziola, Zumaian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Balenciaga ontziola, Zumaian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 26a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sinadura lehenbailehen iristea nahi zuten langileek, eta betetzear da euren nahia: Efe agentziak baieztatu duenez, ezustekorik ezean, ostiralean gauzatuko da Balenciaga ontziolaren salerosketa. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports taldeak eta Premier Marine konpainiak 11,2 milioi euro ordainduko dituzte Zumaiako (Gipuzkoa) ontziolaren jabe bilakatzeko, eta esana dute egungo lanpostuei eutsiko dietela.

Behin sinatuta, salerosketa egikaritzeko faltako den bakarra zera izango da, zuzendaritzak langile batzordearekin akordioa ixtea eta Eusko Jaurlaritzaren emakidak lortzea. Eragiketa horiek egindakoan, ontziolaren jabe bilakatuko da Safeen Drydocks partzuergoa —Abu Dhabi Portsena da haren %51, eta Premier Marinerena %49—. Langile batzordeko kideek adierazi dute ez dutela akordioaren edukiaren berri, eta «iritsi daitekeenaren zain» segitzen dutela.

21,5

Zenbat zor duen Balenciagak, milioi eurotan. Cofidesek 6,5 milioi euro barkatu zizkion arren, Balenciaga ontziolak 21,5 milioi euroko zorra du oraindik ere. Jabe berriek haren %30 ordaintzeko konpromisoa hartu dute, 7,1 milioi euro.

Donostiako Merkataritza Arloko lehen Epaitegiak irailean eman zion oniritzia eskaintza horri, baina langileek zuhurtziaz hartu zuten berria, eta zuhurtzia mantentzen dutela berretsi dute gaur. Urte gorabeheratsu asko izan dituzte, eta ikasia dute lezioa. Gogorarazi dute ostiraleko sinadura ez dela salerosketaren bukaera, eta denborak esango duela prozesuak «amaiera ona edo txarra» duen.

Iazko abendutik hartzekodunen konkurtsoan da Balenciaga, eta 21,5 milioi euroko zorra du —Cofides sozietate publiko-pribatuak 15 milioitik 8,5 milioira murriztu zion zorra martxoan—. Jabe berriek haren %30 ordaintzeko konpromisoa hartu zuten, 7,1 milioi euro, baita langileei zor zaien zatia ere.

Lana eta lanpostuak, bermatuta

Abu Dhabi Portsek eta Premier Marinek lanpostuak mantenduko dituztela hitzeman dute. 59 kontratu mantenduko dituzte, tartean 55 urtetik gorako hamabost langilerenak, eta kanpoan geratuko diren bakarrak erreleboetan zebiltzan edo erretiroa hartzeko adina duten zazpi lagun izango dira. Enpresak beti izan ditu azpikontratatutako langile asko: lantalde finkoan ez dira sekula izan ehun baino gehiago, baina errentagarria zen garaietan berrehun lagun inguruk egiten zuten lan han, eta seiehun lagun batera jardutera ere heldu ziren pandemia aurreko garaian.

Arabiar Emirerri Batuetako taldearen parte bilakatzeari esker, Balenciagan ez da lanik faltako. El Diario Vasco-ren arabera, jabe berriek hazteko asmoa erakutsi dute, eta epe luzerako asmoa duen proiektu industrial bat sortzekoa ere bai, Balenciaga Shipyard izenpean. Ez dute baztertu lantaldea handitzea ere.

Nork erosi du Balenciaga?

Abu Dhabi Ports taldea erraldoia da, eta itsas garraioaren sektorean denetariko baliabideak ditu: terminalak ditu zenbait portutan, zona frankoak, gune logistikoak, zerbitzu digitalak eta abar. 50 herrialde baino gehiagotan jarduten du, eta 247 itsasontziren jabe da. 2025. urteko bigarren hiruhilekoan 1.121 milioi euroren diru sarrerak izan zituen. 

Taldearen gidaria Mohamed Juma al-Shamisi enpresaburua da, aurrez Etihad Airwaysen administrazio batzordean aritutakoa, eta kapitalaren %75,4ren jabea, berriz, ADQ Arabiar Emirerri Batuetako funts subiranoa da. 

Azken urteetan Afrika iparraldean eta Europa hegoaldean hedatzen ari da Abu Dhabi Ports, eta, besteak beste, 2023. urtean Pasaiako portuan (Gipuzkoa) jarduten duen Espainiako Noatum logistika enpresa erosi zuen, 700 milioi euroren truke. 

Ontziolen negozioan 2023. urtean sartu zen: orduan eraiki zuen 45.000 metro karratuko ontziola bat Khalifako portuan (Arabiar Emirerri Batuak), eta orduan sortu zuen Safeen Drydocks partzuergoa ere, Premier Marinerekin batera. Konpainiaren dibertsifikazio estrategiaren parte da. Khalifako ontziolan denetariko ontziak egiten eta konpontzen dituzte: petroliontziak, solteko salgaien itsasontziak, kontainerrak garraiatzeko ontziak, itsas zabaleko industriarako ontziak...

 

Arazoak hasi aurretik, nagusiki petroliontziak egiten zituen Balenciagak. Horien eskariak behera egin zuenean, ordea, beste merkatu batzuen bila hasi zen enpresa, eta, topatu, topatu zituen. Eskari asko, ordea, konplikatuak ziren, eta entrega epeak ere ez ziren egokiak. Langile batzordeko kideek azaldu izan dute eskariak hartu eta hartu hasi zela zuzendaritza, kontrola galdu zuen arte, eta gerora pandemia etortzeak ere ez zuela lagundu.

Langileen ustez, gehiegizko lan kargak berak eragin zuen enpresaren gainbehera, kudeaketa txarra izan zelako eta operazioak ez zeudelako behar bezala lotuta. Arazo tekniko asko eragin zituzten urte haietan egindako ontziek.

Nitxoko ontziak

Zerrenda denetarikoa da. Tartean dira arrantzontzi handiak; izokina, bakailaoa eta atuna itsasoan bertan prozesatu eta garraiatzeko ontzi handiak; 70 bat metro luze eta 20 metro zabal direnak, eta azken teknologiak erabiltzen dituztenak. Zumaian itsasoratu zituzten likido hidrogenatua erabiltzen duten eta Euskal Herrian eginak diren lehen bi ontziak, eta itsasontzi ozeanografiko bat ere egin zuten bertan.

Balenciaga
Ontzi bat Balenciagako nasan, 2021eko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU

2022. urtean, langileei esan zieten dirua amaitu zela, baina hiru itsasontzi zituzten amaitzeko. Orduan, beharginek kobratu gabe ere lanean jarraitzea erabaki zuten, ekoizpena bertan behera uzteak galera handiak eragingo baitzizkion askori, eta enpresak armadoreen diruarekin amaitu zituen hiru barku haiek. Horregatik diote, nolabait, erakunde publikoak zorretan daudela Balenciagako langileekin: «Kobratu gabe lan egin ez bagenu, diru asko galduko zen bermeetan, eta erakunde publikoak ere hor sartuta daude».

Iazko urrian onartu zuten bideragarritasun plan bat, baina langileek argi esan zuten erakunde publikoen esku zegoela enpresak aurrera egitea ala ez, gehien bat, Cofidesen esku. Hark, azkenean, onartu zuen zorra murriztea; horri esker heldu dira jabe berriak, eta, itxura guztien arabera, datozen urteetarako etorkizuna ziurtatua du ontziolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.