Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Ekonomia
Abian da Balenciagaren aro berria
Itsasoko haize erroten sektorerako bi atoiontzi eraikitzen hasi dira Zumaiako ontziolan. Hartzekodunen konkurtsoa gainditu eta zazpi hilabetera jarri dute lehen ontziaren gila.
Balenciaga ontziolaren jabe berria eta erakundeetako ordezkariak, gaurko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Duela zazpi hilabete, haren etorkizuna kolokan zegoen; gaur, berriz, aro berriko lehen ontziaren gila jarri dute Balenciaga ontziolan, Zumaian (Gipuzkoa). Marinelen zaindari Karmengo Amaren egunean egin dute ekitaldia. Hartzekodunen konkurtsoa gainditu, Abu Dhabiko AD Ports taldearen Safeen Drydocks filialak erosi eta urtarrilean jarduerari berriro ekin ondoren, etapa berri bat irudikatu dute horrela.
Ontziolan egin dute ekitaldia, eta han izan dira Eusko Jaurlaritzako, AD Ports taldeko, ontziolaren hornitzaileetako eta Balenciagako langileen ordezkariak. Eraikitzen hasi diren ontzia offshore eolikoaren sektorerako laguntza atoiontzi bat da. Konpainiako arduradunek jakinarazi dutenez, mota bereko beste ontzi bat ere badute eskaera zorroan.
Ontzi horiek itsasoko parke eolikoak eraikitzeko eta mantentzeko erabiltzen dira: dorreak eta osagaiak garraiatzeko, plataformei laguntzeko eta mantentze lanak egiteko. Europan itsasoko eolikoak duen hazkundea baliatu nahi du Balenciagak, eta merkatu horretan erreferentziazko ontziola bihurtzea du helburu. Gaur egun 75 langile inguru ditu, eta zuzendaritzak jakinarazi du datozen urteetan enplegua handitu nahi duela, eskari berriak iritsi ahala.
«Konfiantza» lantaldean
«Ontzi batean gila da jartzen den lehen pieza, baina azkena ikusten dena», azaldu du Santiago Bardal Balenciagako zuzendari nagusiak. Irudi horrekin laburbildu du ontziolari eusteko azken hilabeteetan egin den «lan isila». Bardalek bereziki langileen konpromisoa txalotu du, eta «taldea interes indibidualen gainetik» jarri izana nabarmendu. Soldata %5 apaltzea onartu dute, lantaldeari eustearen truke.
«Ontziola honetako hizkuntza ez da ez euskara, ez gaztelania, ez ingelesa; ondo egindako lana da. Eta elkarren arteko konfiantza ontziak eginez eskertzen da»
SANTIAGO BARDALBalenciagako zuzendari nagusia
Beste mezu bat ere eman du: AD Ports taldeak Balenciagan «sinesten» duela esan du, eta ontziolara lana ekarriko duela ziurtatu. «Ontziola honetako hizkuntza ez da ez euskara, ez gaztelania, ez ingelesa; ondo egindako lana da. Eta elkarren arteko konfiantza ontziak eginez eskertzen da».
«Etorriko dena ez da erraza izango», ohartarazi du Bardalek, baina itxaropentsu azaldu da: «Gaur jarritako gila ez da eraikuntza baten hasiera hutsa; Balenciaga ontziolaren itzuleraren froga da».
BALENCIAGAREN LEMAZAINA
Urtarriletik Santiago Bardal getxotarra da Balenciagak zuzendari nagusia. 2021eko urrian iritsi zen Zumaiako enpresara produkzio zuzendari gisa. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan zenean, bera aritu zen negoziazioetan administratzailearekin, eta Abu Dabhiko AD Ports taldeak konpainia erosi eta gutxira hari eman zion ontziola gidatzeko lema.Bardal ingeniaria da, eta ontzigintzan eta, bereziki, itsasoko haize erroten sektorean eskarmentu handia du. Aurretik, beste konpainia handi batzuetan aritu da offshore alorreko diseinu eta kudeaketa lanetan: Italiako Saipem ingeniaritzan eta Erresuma Batuko Sembmarine SLP enpresan. Horrez gain, Euskal Herriko Zamakona ontziolan ere aritua da. Gaurko aurkezpenean euskaraz egin du lehen agurra, eta euskaldun berria dela gogoratu du.Â
Mezu bera berretsi du Nelson MacKie Safeen Drydockseko zuzendari nagusiak. Haren esanetan, Zumaiako ontziolaren jarduerari berriro ekiteak «Europako ontzigintza aurreratuaren gaitasunak indartzeko eta offshore-aren eta energia berriztagarrien sektoreen hazkundea bultzatzeko» taldeak duen epe luzeko konpromisoa islatzen du. Azpimarratu du konfiantza osoa dutela Zumaiako «ontziolako langileengan, haren ondarean eta gaitasun teknikoan», baita nazioarteko merkatu nagusietarako ontzi espezializatuak eraikitzeko duen ahalmenean ere.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, berriz, aitortu du azken hilabeteak «hotzez eta hodei beltzez» beteta egon direla, baina Balenciagako langileek, haien familiek eta erakundeek ontziolari eusteko egindako lana eskertu du, baita jabe berriek egindako industria apustua ere.
Merkatu berriak
Jauregik gogoratu duen moduan, Balenciagak historia luzea du. 1921ean sortu zuten, eta ehun urte baino gehiagoan ehunka ontzi eraiki ditu. Azken urteetan, ordea, finantza arazoek eta proiektuen gainkostuek hartzekodunen konkurtsoan sarrarazi zuten, eta ontziolaren etorkizuna airean egon zen hilabete luzez.
Joan den abenduan amaitu zen ziurgabetasun hori: Abu Dhabiko AD Ports taldeak erosi zuen ontziola, 11,2 milioi euroren truke. Taldearen ontzigintza eta itsas konponketako dibisioaren bidez gauzatu zuen hori, Safeen Drydocks enpresaren bidez. Hain zuzen ere, konpainia horrek kudeatuko du hemendik aurrera Zumaiako ontziolaren jarduera. Urtarrilaren 12an itzuli ziren lanera.
Balenciagako langile batzuk, gaurko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
AD Ports taldeak Abu Dhabin du egoitza, eta portuak, itsas garraioa, logistika, gune frankoak eta teknologia digitala uztartzen ditu bere jardueran: 38 terminal kudeatzen ditu 50 herrialdetan baino gehiagotan. Konpainiako arduradunek esan dute Balenciaga erosita Europako ontzigintzan presentzia sendotzea eta offshore eolikoaren merkatuan indartzea dutela helburu.
Balenciagaren estrategia berria bat dator euskal ontzigintzak azken urteotan hartu duen norabidearekin. Aspaldi utzi zion Asiako ontziolekin prezioan lehiatzeari tamaina handiko kargaontzien merkatuan, balio erantsi handiko ontzi espezializatuen mesedetan: arrantzaontzi teknologikoetan, atoiontzietan eta, gero eta gehiago, offshore eolikoaren industriarako ontzietan.
Gauza bera egiten ari dira sektoreko beste enpresak ere. FMV Euskal Herriko Itsas Foroaren arabera, euskal itsas industriak 3.465 milioi euro fakturatu zituen iaz, aurreko urtean baino %5 gehiago, eta hamar enpresatik seik espero dute aurten ere fakturazioa eta eskaera zorroa handitzea. Klusterrak 170 bazkide baino gehiago ditu, 250 enpresa eta erakunde ordezkatzen ditu, eta haren jarduerak 15.000 lanpostu ingururi eusten die itsas sektorearen balio kate osoan.
Kronologia
2022ko udazkena. Balenciagaren finantza arazoek eztanda egin zuten. Langileek soldatarik gabe lanean jarraitu zuten eraikitzen ari ziren hiru ontziak amaitzeko. Cofidesek 12 milioi euroko mailegua eman zion ontziolari.
2024ko abuztua. Ontziolako 71 langileak aldi baterako erregulazioan sartu zituzten, likidezia arazoak zirela eta.
2024ko urria. Donostiako Merkataritza Auzitegiak berregituraketa plana babestu zuen, baina ez zen nahikoa izan ontziola salbatzeko.
2024ko azaroa. Cofidesek plana baztertu, eta Balenciagak hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen. Langileek mobilizazioak egin zituzten ontziolaren etorkizuna defendatzeko.
2025eko martxoa. Cofidesek ontziolaren zorra murriztu zuen, erosleentzat erakargarriago egiteko.
2025eko iraila-abendua. Abu Dhabiko AD Ports taldeak ontziola erosteko eskaintza egin zuen. Sindikatuekin lan baldintzak adostu ostean itxi zen salerosketa.