Balenciaga ontziolako langileek eta Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoak akordio bat erdietsi dute Zumaiako (Gipuzkoa) enpresaren salerosketa bideratzeko, EFE albiste agentziak argitaratu duenez. Informazio horren arabera, soldatak %5 apaltzea onartu dute, eta hiru urtez izoztea ere bai. Era berean, iturri horien arabera, 59 kontratu subrogatzea onartu dute. Zazpi geratuko lirateke kanpoan: errelebo kontratudunak eta erretiroa hartzeko adinean dauden langileenak. Ituna 2028ra arte egongo da indarrean, eta, langile batzordeko kideek azaldu dutenez, sari sistema bat ere negoziatuko dute.Â
Langileek bilera bat egin dute gaur goizean, eta erabaki talde inbertitzailearen azken proposamena onartzea, azken asteetan hala batak nola besteak zenbait proposamen eta kontraproposamen egin ostean. Esaterako, ostegun gauean langileek atzera bota zuten proposamen bat. Gaur, baina, bestelakoa izan da emaitza, eta langile batzordeko presidente David Tejerak Europa Press agentziari azaldu dio akordioak on egingo diola ontziolari, baita Zumaiako herriari eta Gipuzkoako ekonomiari ere. «Enpresa aktibatuko dugu, hori zen helburuetako bat, eta langileak zoriondu egin behar ditugu egin duten ahaleginagatik».
Instituzioek ere ontzat jo dute ituna. Hala adierazi dio Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak EFE agentziari, baina aitortu du negoziazio «gogor, luze eta konplikatuak» aho zapore «gazi-gozoa» utzi diola. Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Marisol Garmendiak, berriz, esan du «pozik egoteko» modukoa dela akordioa, «ontziolaren bideragarritasuna bermatzen» duelako. Espainiako Gobernuak prozesuan izandako parte hartzea ere nabarmendu nahi izan du Garmendiak.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak «oso positibotzat» jo du akordioa. «Ezinbesteko pauso bat eman da gaur inbertsioa gauzatzeko, eta orain, operazioa guztiz ixteko sinadura guztiak bildu behar dira hurrengo egunetan». Sailburuak bereziki nabarmendu du salerosketaren garrantzia: «Denok ere asko genuen jokoan operazio honetan: ez bakarrik Balenciagaren eta haren langileen etorkizuna, baizik eta baita ontziolak inguruan sortzen duten industria jarduera eta zeharkako enplegu guztia ere».
Azken sinadurak
Azaroaren 30ean sinatu zuten ontziolaren salmenta protokoloa Safeen Drydocks partzuergoko kide diren Abu Dhabi Ports eta Premier Marine taldeek, 11,2 milioi euroren truke. Prozesuak aurrera egiteko, baina, beharrezkoa zen Eusko Jaurlaritzak baimena ematea bertan jardunean jarraitzeko, eta beharginek onespena ematea. Gobernuak jada eman zion portu lursailen kontzesioa, gutxienez datozen hamar urteetarako, eta langileek gaur eman dute baiezkoa. Hain zuzen, inbertitzaileek Gabonetako oporraldiaren aurretik erregistratu nahi zuten, nahiz eta aukera zegoen negoziazioak urtarrilera arte luzatzeko.
Balenciagako langile batzordeak uztailaren 22an eman zion oniritzia Safeen Drydocks partzuergoaren eskaintzari, eta merkataritza alorreko epaitegiak ere baiezkoa eman zion operazioari. Hortik aurrera, soldaten ingurukoa izan da bi aldeen arteko desadostasun nagusia. Lehen fasean, talde inbertitzaileak proposatu zuen zazpi kaleratze egitea eta soldatak %25 eta kasu jakin batzuetan %50 jaistea. Hala, azken proposamenean, jaitsiera %5eraino apaldu zuen, eta lansariak 2029ra arte izoztea proposatu, Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenean jasotzen diren oinarrizko soldatetara gerturatzeko.
Urtebete da ontziola hartzekodunen konkurtsoan dagoela, eta erakunde publikoek ere parte hartu dute haren etorkizuna bermatzeko prozesuan. Bide horretan, funtsezko urratsa izan zen Cofides sozietate publiko-pribatuak ontzat jo izana zorra 15 milioi eurotik 8,5 milioira murriztea.