Bank of America eta Citi kapitala handitzera behartuko ditu Obamak

Berankortasuna estaltzeko dirua prestatzea ez dela nahikoa ohartarazi du Espainiako Bankuak

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak uste du bere herrialdeko banku nagusietako batzuek ez daukatela nahiko kapital zailtasunei aurre egiteko, eta kapitala handitzera behartuko ditu. Bank of Americari eskatuko dio 34.000 milioi dolar bil ditzala, eta bost eta hamar mila milioi artean, berriz, Citigroupi.

AEBetako Gobernuak gaur jakinaraziko ditu herrialde hartakobanku nagusiei egin dizkien azterketen emaitzak. Lau taldetan banatuko ditu: aurreikuspen okerrenetan ere irauteko kapitala sobera dutenak, nahikoa dutenak, kapitala ez baina akzio gehiago behar dituztenak, eta kapital beharrean daudenak atzeraldiak okerrera egiten badu.

Aztertutako 19 bankuetako gehienak tarteko bi taldetan daude, baina badira berehala kapitala handitzera behartutakoak. Azken horietan dago Bank of America, nahiz eta erakunde horre- tako buruek uste duten ez dituela 34.000 milioi dolar behar, urteko lehen hiru hilabeteotan 4.247 milioi dolar irabazteko gai izan delako.

Bank of Americak dagoeneko 45.000 milioi dolar jaso ditu AEBetako Gobernutik, baina diru hori akzio arrunt bihurtu aurretik kapitala merkatuetan lortzen saiatuko dela iragarri du. The Financial Times-ek aurreratu duenez, aukeretako bat da China Construction Banken dituen akzioak saltzea, 8.000 milioi dolarren trule.

Citigroupek, ordea, kutxa publikotik jasotako diruaren zati bat akzio arrunt bilakatuko duela aurreratu du The New York Times egunkariak. Era horretara, AEBetako Gobernua bilakatuko da Citiko akzio handienetako bat.

Uste denez, azterketak erakutsiko du gutxienez hiru banku handik -Goldman Sachs, JP Morgan eta Bank of New York Mellon- dagoeneko ez dutela behar Gobernuak iaz emandako dirua, eta bueltatzeko moduan daudela. Hori egiteko asmoa adierazi dute haietako batzuek, diru hori edukitzeak jartzen dizkien zenbait baldintzekin ados ez daudelako, hala nola gainsariak eta dibidenduak mugatzearekin.

Barack Obamaren gobernuak zenbait baldintza ezarriko dizkie diru publikoa itzuli nahi dutenei.Besteak beste, gobernu federalak bermatu gabeko zorra arrakastaz jaulkitzea eta erakustea akzioak inbertsiogile pribatuei akzioak saltzeko gai direla.

Espainiako Bankuaren oharra

AEBetakoa baino osasuntsuagoa agertu da orain arte Espainiako finantza sistema, baina adi egoteko eskatu zien atzo Espainiako Bankua bere kontrolpean dauden bankuei eta aurrezki kutxei. Itzuliko ez dizkieten maileguak estaltzeko jarritako dirua -probisioak- «ez dute erabat bermatzen zailtasunak ez sortzea». Hurrengo hilabeteotan maileguen berankortasuna handituko denez, eskatu die kapitala handitzea, kostuak txikitzea eta beharrezkoa bada, bat-egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.