Bankuak beti irabazle

ISDAk erabaki du Greziako zorraren %53ko murrizketa ez dela kiebra, eta, hortaz, bonuen jabeek ez dute asegururik jasokoEuroguneak beharrezkoa du hartzekodun pribatuen gehiengoak onartzea murrizketa

joxerra senar
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Greziako zorraren %53ko murrizketa ez da kiebra. Hori da behintzat atzo ISDA Nazioarteko Deribatu Kontratuen Elkartearen determinazio batzordeak aho batez erabaki zuena. Horrenbestez, ez dute jasoko kiebraren gaineko asegururik bere erosleek —CDS Credit Default Swap deitzen zaie finantza aseguru horiei—. ISDAk kiebra deklaratu izan balu, CDSen erosleek 2.400 milioi euro jasoko lituzkete. Alabaina, diru hori ordaindu beharko zuketen bankuek osatzen dute ISDAko batzorde hori, eta, horrenbestez, euren mesedetan hartu dute erabakia. Bankuak beti irabazle.

Auzia oso korapilatsua da, baina baita paradigmatikoa ere. Berez, CDSak ez dira aseguru bat, finantza deribatu bat baizik. Aseguru baten modura funtzionadezakete, herrialde batek porrot eginez gero, bere bonuak erosi dituen inbertitzaileari galera hori estaltzeko aukera ematen diotelako. Hala ere, ohiko aseguruetan gertatzen ez den bezala, ez da beharrezkoa aktiboaren jabe izatea, eta, horregatik, espekulazio hutserako erabili daitezke: adibidez, Greziako bonurik izan gabe, CDS greziarra erosi duen batek herrialdeak porrot egitearen aldeko apustua egin du merkatuan.

Arrautza edo oiloa?

Gaur egun, merkatu paralelo bat osatzen dute CDSek. Euren salmenta bolumenak eta prezioak lotura zuzena dute herrialde baten zorraren gaineko interes tasarekin. Adituek ez dute oraindik ondorioztatu zer den lehenago: arrautzak (interes tasak) edo oiloa (CDSen prezioa). Dena den, zenbat eta CDS gehiago salerosi, herrialde horren interes tasak gero eta gehiago igotzen dira.

Alabaina, espekulazioa ez da CDSen erosleetara mugatzen. Saltzaileentzat negozio errentagarria da, eta beren gain hartzen duten arriskuaren gaineko kontrolik eta kapital irizpiderik ez dago. CDS deribatuen negozio bolumena eta arriskua kontabilitatean neurtzeko irizpide argirik ere ez dago. Beraz, inork ez daki nork saldu dituen Greziako CDSak, ezta zenbat ere. BIS nazioarteko finantza erakundearen arabera, Wall Streeteko bankuek CDSetan esposizio handia dute, baina Frantziako eta Alemaniako bankuak ere negozio horretan sartuta daude.

Greziako CDSei buruz erabakia hartu duen ISDAko batzordea hamabost finantza erakundek osatzen dute: besteak beste, Goldman Sachs, JP Morgan, Bank of America, Deutsche Bank, BNP Paribas, Morgan Stanley, UBS, Credit Suisse, Societe Generale... CDS kontratuen datu zehatzik egon ez arren, banku horietako batzuk CDS saltzaile garbiak diren susmoak daude. Hala, bada, erabakia euren mesederako da.

Erreskate planaren korapiloa

Dena den, ISDAren ebazpena euroguneko herrialdeei ere komeni zaie. Greziaren bigarren erreskate planak jasotzen du bonuen %53ko «borondatezko» murrizketa ezartzea hartzekodun pribatuei. Eurogunearentzat ezinbestekoa da hartzekodun horien gehiengo handi batek onartzea plan hori. Baina zenbat daude prest%53ko galera bat bere kabuz onartzeko? Era berean, legez, borondatezko klausula hori funtsezkoa da hartzekodunek CDS deribatuak ez kobratzeko.

Hori da gakoa: nola behartu inbertitzaileak eta borondatezkoa den itxura eman? Paradoxa korapilatsu hori konpontzeko, euroguneak sistema bat planifikatu du. Lehenik eta behin, otsailaren 24tik murrizketa onartzeko prest dauden hartzekodunen zerrenda osatzen hasi da, eta bonu zaharren truke berriak ematen hasi zaizkie. Egungo merkatuaren prezioetan, %70 inguruko galera bat eragin diezaioke bonuen jabeari. Martxoaren 8tik aurrera, hartzekodunen gehiengo bat osatzen bada, Akzio Kolektiboko Klausula bat ezarriko da, eta hartzekodunen gehiengoak ados ez dagoen gutxiengoari trukea inposatu ahalko dio.

Atzerako kontua hasi da. Greziak martxoaren 20an 14.000 milioi euroko zor ordainketa bat egin behar du, eta ordurako, bonu zahar gehienak trukatuta edukitzea komeni zaio. Era berean, martxoaren 8rako hartzekodunen gehiengo bat izatea komeni zaio euroguneari, eta helburu hori betetzeko, ISDAren erabakia lagungarri izango da. ISDAk, bere ebazpenean, etorkizunean kiebra deklaratzeko atea irekita uzten du. Ordurako, ordea, trukea eginda egon daiteke, eta, hartara, euroguneak bataila hori irabazi egingo die CDSak erosi dituztenei.

Olli Rehn Ekonomia Gaietarako ministroak espero du zor trukeak «partaidetza pribatu handia» izatea, bigarren erreskate planaren «zutarria» delako. Neurri berean, Jean Claude Juncker euroguneko Finantza ministroak atzo arratsaldean kaleratutako adierazpenean nahi bera agertu zuen. Hala ere, euroguneak ez du Greziako bigarren erreskatea erabat itxi. Junckerren aburuz, Grezia «bide onean» doa, baina oraindik zintzilik ditu hainbat neurri. Laster hartuko dituelakoan, euroguneak espero du planamartxoaren 9rako ixtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.