Bankuek beharko duten gutxieneko kapitala eta likidezia finkatzeko nazioarteko arauek ia beste hiru urtez itxaron beharko dute. Basileako Batzordean bildutako gainbegiratzaileek 2010. urtea amaitu baino lehen aurkeztuko dituzte proposamenak, neurriek finantzetan ez ezik, ekonomia osoan izan dezaketen eragina neurtzen dutenean.
Asteburuan Suitzako Basilea hirian egindako bileran, Nazioarteko Ordainketen Bankuan bildutako banku zentraletako buruek ontzat hartu dituzte gainbegiratzaileek proposatutako erre- forma ildoak. Horien artean daude bankuek kapital gehiago edukitzea galerei aurre egiteko, likidezia handitzea, bankuei trabak jartzea dibidendua eta gainsariak pagatzeko kapital aldetik eskas dabiltzanean, eta probisio antiziklikoak sortzea, hau da, garai onetan dirua bazterrean uztea garai txarrak datozenerako. Basileako Batzordeak martxoan zehaztuko ditu bere proposamenak, banku zentralek 2010a amaitu baino lehen aztertuko dituzte, eta 2012. urtearen bukaeran jarriko lirateke indarrean.
Banku zentraletako arduradunen izenean, Jan Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak ziurtatu du erreformak ezinbestekoak direla «finantza sistema sendoagoa» lortzeko.
Bankuak beraiek ez daude hain ziur, eta ohartarazi dute kapital gehiago bildu behar izateak errentagarritasuna kenduko diela eta, ondorioz, hainbat adar ixtera behar ditzakeela.
Banku handi horietako batzuetako buruak -tartean Francisco Gonzalez BBVAko presidentea-Basilean izan ziren asteburuan, eta han entzun zuten azkenaldian ere «arrisku gehiegi» hartu dituztela. Bileraren amaieran Trichetek irakurritako agirian ez zegoen errieta handirik, baina bai kritikaren bat edo beste. Zehazki, banku zentraletako gobernadoreek arriskuekin adi egoteko aholkua eman zieten bankuei, eta kudeaketa hobetzeko eskatu zieten.
Ekonomia, oro har, hoberantz egiten ari dela diote banku zentralek, batez ere aurrerabidean dauden herrialdeen «dinamismoari» esker. Hala ere, egoera «merkatuek uste duten baino okerragoa» dela ohartarazi dute.
Bankuak sendotzeko arau berriek 2012ko amaiera arte itxaron beharko dute
Proposamenek ekonomian izan dezaketen eragina neurtuko dute ezer erabaki aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu