Bankuek berriro ireki dute txorrota

Hego Euskal Herrian kredituen saldoa %4,9 handitu da urtebetean, ia 86.000 milioi euroraino. Lau urteko geldialdiaren ondoren, familiek eta enpresek berriro jo dute bankuetara finantzaketa bila; aurrezkiak ere handitu egin dira, %4,7.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 11
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait urtez ia itxita egon ondoren, bankuen iturrietatik indar handiagoz ateratzen ari da kreditua. Interes tasen igoerek eta ziurgabetasun ekonomikoak maileguen eskaria murriztu zuten, baina 2026an joera hori aldatu egin da Hego Euskal Herrian. Lehen hiruhilekoan, bankuen maileguen saldo bizia %4,9 handitu da iazko epe berarekin alderatuta, eta 85.771 milioi eurora iritsi da. 2022tik lehen aldiz egin du gora.

Izan ere, kredituaren bilakaerak azken urteetako ekonomiaren gorabeherak islatu ditu. Pandemiaren ondorengo susperraldiaren ostean, Europako Banku Zentralaren interes tasen igoerek etxebizitzen hipoteken kostua garestitu zuten, eta enpresa askok inbertsioak atzeratu zituzten. Horren ondorioz, Hego Euskal Herriko kredituen saldoa jaitsi egin zen lau urtez jarraian: %0,3 2022an, %1,9 2023an, %3,4 2024an eta %0,7 2025ean.

Aurten, ordea, joera irauli egin da. Espainiako Bankuaren datuen arabera, ia 4.000 milioi euro handitu da urtebetean Hego Euskal Herriko bankuen kreditu saldoa. Horrek ez du esan nahi, baina, bankuek kopuru hori eman dutenik urtebetean mailegu berrietan. Kredituaren saldo biziak —une jakin batean oraindik itzultzeko dagoen zor guztiak— gora egin dezake finantzaketa berria handitzen delako, baina baita bezeroek aurreko zorrak motelago amortizatzen dituztelako ere.

Aldeko haizea

Kredituaren susperraldia ez da ulertzen egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe. Interes tasak aurreko urteetako muturreko mailetatik urrundu dira, bankuen arteko lehia berpiztu egin da, eta jarduera ekonomikoak sendotasun handiagoa erakutsi du, ziurgabetasunak ziurgabetasun. Enpresek berriro ekin diete atzeratutako inbertsioei, eta hipoteken merkatuan ere jarduera handiagoa sumatzen hasi da.

Horrek, halere, ez ditu arriskuak desagerrarazten. Kreditu gehiago izateak zorpetze handiagoa ere badakar, eta ekonomiak okerrera egingo balu edo interes tasak berriro nabarmen igoko balira, finantza zama handitu egingo litzateke.

43.000

 

Aurrezkien eta maileguen arteko aldea, milioi eurotan. Hego Euskal Herrian, martxoaren amaieran, 128.799 milioi euro zeuden bankuetako gordailuetan; kredituen saldo bizia, berriz, 85.771 milioikoa zen. Beste era batera esanda, aurrezkia zorra baino handiagoa da: 43.000 milioi euro hain zuzen ere.

Kredituaren hazkunde hori, gainera, ez da berdin ari banatzen familien eta enpresen artean. Bankuen lehen seihilekoko emaitzek agerian uzten dute finantzaketaren eskaria zer alorretan ari den indartzen. Kutxabanken kasuan, enpresen finantzaketa izan da hazkundearen motor nagusia: bere kreditu zorroa %19,3 handitu du. Partikularren artean, kontsumorako mailegu berriek %24,8 egin dute gora, baina etxebizitza erosteko hipoteka berriek %2,1 egin dute behera.

Laboral Kutxan, berriz, etxebizitzaren finantzaketak indar handiagoa hartu du. Sinatutako hipoteka berrien bolumena %11,1 handitu du, eta indarrean dauden hipoteken saldoa, %5,4. Autonomoei eta enpresei emandako finantzaketa berriak ere egin du gora, %9,3. Eta kontsumorako maileguen saldoak, %6,7.

Aurrezkia ere gora

Kredituaren hazkundeak ez du esan nahi etxeak eta enpresak gehiegi zorpetzen ari direnik. Alderantziz, aurrezkiak maileguek baino pisu handiagoa du oraindik ere Hego Euskal Herrian. Familiek eta enpresek, finantzaketa gehiago erabiltzen hasi diren arren, azken urteetan pilatutako aurrezki poltsari eusten diote.

Bankuak
Maileguei buruzko iragarki zahar bat Laboral Kutxaren Bilboko bulego batean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Hego Euskal Herriko banku gordailuak 128.799 milioi eurorenak ziren martxoaren amaieran, aurreko urtean baino 5.833 milioi gehiago. Hau da, %4,7ko hazkundea izan dute urtebetean.

Aurrezkiaren bilakaerak ere erakusten du joera aldaketa bat. 2023an ia geldirik egon zen, %0,1 soilik igo baitzen; 2024an %2,1 handitu zen, eta 2025ean %2,6. Aurten, berriz, hazkundea azkartu egin da, eta %4,7ra iritsi da.

KREDITU GEHIAGO, MARJINa TXIKIAGOA

Familia eta enpresen finantzaketa handiagoak ez du esan nahi bankuei jarduera hori errentagarriagoa zaienik. EBZ interes tasak jaisten hasi denetik, haien diru iturri nagusietako batek —interes marjinak, hau da, maileguengatik kobratzen dutenaren eta gordailuengatik ordaintzen dutenaren arteko aldeak— beheranzko joera hartu du. Hala, Laboral Kutxaren interes marjina %3,2 murriztu da lehen seihilekoan. Kutxabankena, %5,4.

Bi erakundeak beste negozio lerro batzuekin konpentsatzen ari dira jaitsiera hori. Komisio bidezko sarrerak eta aseguruen salmentak handitu dituzte batez ere. Inbertsio funtsen kudeaketari ere bultzada eman diote.

Kutxabankek, komisio eta aseguru bidezko diru sarrerak %8,7 handitu ditu, eta inbertsio funtsetan kudeatutako aurrezkia, %16,3. Laboral Kutxak, berriz, komisio bidezko diru sarrerak %4,8 handitu ditu, eta aseguruengatik jasotako kuotak, %2,9. Inbertsio funtsetan kudeatutako ondarea %23,5 handitu du.

Horri esker, Kutxabankek 405,5 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu lehen seihilekoan, iaz baino %22 gehiago. Laboral Kutxak, berriz, 154,5 milioi euro irabazi ditu, %6,2 gehiago.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA