Hipotekak garestiagoak izateak ez du hoztu etxe merkatua

Lehen seihilekoan 16.755 etxe salerosi dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %1,2 gutxiago. Hamarretik zortzi bigarren eskukoak dira.

Etxe berriak eraikitzeko lanak, Bilbon. MIGUEL TOÑA / FOKU
Etxe berriak eraikitzeko lanak, Bilbon. MIGUEL TOÑA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 7a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hipotekak garestitu egin dira, eta ez dirudi Europako Banku Zentralak interes tasak jaisteko presarik duenik. Hala ere, Hego Euskal Herriko etxe merkatuak ez du moteltzeko sintoma nabarmenik, oraingoz behintzat. Aitzitik, jarduerak azken urteetako maila handienei eutsi die.

Urteko lehen sei hilabeteetan 16.755 etxebizitza salerosi dira, iazko aldi berean baino %1,2 gutxiago, baina 2022ko lehen seihilekoan baino %3,7 gehiago. Horrek erakusten du pandemiaren ondoren hasitako susperraldiari eutsi diola merkatuak.

INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuek erakusten dutenez, merkatua egonkortze fase batean sartu da. Azken hiru urteetan, salerosketak 16.000 etxeren bueltan ibili dira urtearen lehen erdian. Ez da, beraz, beherakada nabermenik antzematen; aitzitik, jarduera handiko ziklo baten sendotzea islatzen dute datuek.

Nolanahi ere, gaur egungo merkatuak ez du zerikusirik 2000ko hamarkadaren amaierakoarekin. Etxebizitzen burbuilaren azken urtean, 2007an, 20.600 etxe baino gehiago saldu ziren lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian. Gaur egun, kopuru hori %19 txikiagoa da.

Orduan, etxe berrien eraikuntzak elikatzen zuen neurri handi batean merkatua; gaur egun, berriz, bigarren eskuko etxeen parkea da salerosketen oinarri ia bakarra. Urtarriletik ekainera bitartean saldutako hamar etxetik ia zortzi bigarren eskukoak izan dira —12.897 guztira—.

Etxe berriak, berriz, 3.858 baino ez dira saldu, iaz baino 165 gehiago (%4,5), baina 2007ko lehen seihilekoan baino %60 gutxiago. Eraikuntza azken urteotan zertxobait suspertu bada ere, eskaintza urria da oraindik, eta horrek sendotu egin du lehendik dagoen etxe parkearen nagusitasuna.

Babes ofizialeko etxeen datuek ere beheranzko joera erakusten dute. Lehen seihilekoan 1.480 etxe babestu saldu dira, iaz baino 126 gutxiago (%7,8), eta 2007an baino %42 gutxiago.

Finantzaketa, garestiagoa

Finantzaketa baldintzak berriro gogortzen hasi dira. 2025ean beheranzko joera hartu ondoren, Euriborrak gora egin du berriro 2026an: otsaileko %2,221etik uztaileko %2,830era igo da. Dena dela, maila hori oraindik urrun dago 2008ko finantza krisiaren aurreko %5etik gorako tasetatik. Hipotekak garestitzen ari diren arren, horrek oraingoz ez du kolpe nabarmenik eragin salerosketetan.

INEren arabera, urteko lehen bost hilabeteetan 12.733 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian etxea erosteko, iazko aldi berean baino 78 gutxiago (%0,6).

Joera bera islatu du Kutxabankek ere: 2.233 milioi euroren hipoteka maileguak eman ditu urteko lehen seihilekoan, iaz baino %2,1 gutxiago, eta erakundeak berak nabarmendu du beherakada hori sektore osoan antzeman dela.

Etxebizitza
Bi emakume etxe agentzia baten aurrean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / BILBO

Prezioek ere goranzko joerari eutsi diote. Etxeen prezioen INEren indizearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza %1,3 garestiago dago gaur egun 2007ko burbuilaren gailurrean baino (164,98 puntu, 162,87ren aldean). Nafarroan, berriz, oraindik ez da maila hartara iritsi: indizea 162,61 puntukoa da, 2007ko 183,45 puntukoaren azpitik; horrek esan nahi du oro har %11 inguru merkeago daudela.

Konparazio hori, hala ere, zuhurtziaz egin behar da. Izan ere, 2007tik hona inflazioa %45 inguru handitu da, eta soldatek ere gora egin dute. Horrek esan nahi du etxebizitzen prezio errealak, oro har, oraindik ez direla burbuilaren garaian bezain garestiak, nahiz eta prezio nominalek marka zaharrak gainditu dituzten leku batzuetan.

Alokairuaren merkatuan, ordea, bestelakoa da argazkia. Azken urteotan, errentak inflazioa baino gehiago goratu dira, eta etxea eskuratzeko zailtasunak areagotu egin dira. Horrek azalduko luke, neurri batean behintzat, zergatik eutsi dion etxebizitzen salerosketak azken urteetako maila handiari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA